Araba, mundu mailako eredua ote?
Araba, mundu mailako eredua ote? –
Galdera hori egin zion Txerra Rodriguezek bere buruari. Zehatzago esanda, hauxe idatzi zuen: Arabako euskararen biziberritzea: mundu mailako eredua?
Galderari zuzenean erantzun ez bazion ere, Araba mundu mailako eredu izatearen aldeko hamasei argudio plazaratu zituen. Kasu horietako batzuk aipatzen zituen, euskaldunen proportzioa igotzeko edo erabilera bultzatzeko ekimen garrantzitsuak abiatu dituztelako. Beste batzuk, ordea, euskaldunen zerbitzurako hedabideak edo bestelako ekimenak abian jarri dituztelako. Inolaz ere ahaztu gabe utziz, euskararen mesedetan alor sozioekonomikoa, gazteria edo zenbait eskualde aktibatzea jomuga duten proiektu eta ekimenak. Guztira, Arabako hamasei harribitxi. Hemen duzue Txerrak Argian publikatutako storyboard-a:
Ez dakit ekimen horiek guztiak nahikoa ote diren Arabako ibilbidea munduaren aurrean eredu gisa jartzeko. Hala ere, jakin badakit arabarrok harro egoteko motiboak baditugula, euskara gurean gero eta presenteago dagoelako.
Triunfalismo gehiegi ez ote dagoen. Ezagutzen ditudan arabar gazte guztiak (gizarteko lagin oso jakin batekoak) dotore moldatzen dira euskaraz, baina espazio gutxi batzuez gain ia leku guztietan erdara da nagusi oraindik ere. Salbuespenak-salbuespen militantziaz mantentzen da erabilera, ez naturalki. Eredurik izatekotan, erabilerari eusten dioten horiek dira dudarik gabe, ez herrialdea bera. Ea oinak lurrean jartzen ditugun.
(Iruzkin honetan esandakoa EHko lurraldearen %90era esportagarria da, arnasgunetako milaka gutxiak kenduta)
Gehiegitxo iruditzen zait niri ere. Arabako gizarte-ekimeneko euskalgintzari daukan meritua eta egiten dituen ahaleginak aitortuta ere, emaitzak apalak dira, besteak beste erakunde publikoen erantzun eskasarengatik.
Araban oso urria da euskararen erabilera. Baina urria da, baita elebidunez jositako eremuetan ere. Ikus bestela zer gertatzen den ikastoletan, are D ereduko ikastetxeetan, EHUn, Arabako Foru Aldundian, udaletxe ia guztietan, edota erakunde abertzaleetan…
Eta baldintzarik onenetan dauden eremuetako erabilera urri horrek badu azalpena: hizkuntza gaitasun hobea erdaraz euskaraz baino, erdaldun elebakarren presentzia nonahikoa, euskarazko baliabide urri-urriak erdarazkoen aldean, euskaldunon desideologizazioa (edo hobe esanda, kosmopaletizazioa), eta abar.
Araban ere, gauden atakatik irten eta aurrera egiteko neurri zehatzak proposatzean eta exijitzean datza baikortasuna, nire ustez.
Gabon, eta bi kontu:
Zerorren iruzkin hori ez dago entendituko duen amaren semerik. Bato. Eta Biga. Irunen,Donostian, Eibarren,Lasarten, Zumarragan, Errenterian, Hondarribian, Deban………………Gernikan, Bermeon. Beno, Zerrenda hori , ez hau, negargaria da, daiteke, eta litzateke, baita…. Hi. Hem euskalduna norbanakoa duk, eta nire eskarmentuan berriak zaharrak baino askoz ere euskaldunagoak. Arabaz erraten dituzun ergelkeriez isilik hobe.
Ez dakit zer esan nahi ote duzun, baharbada Gipuzkoa eta Bizkai aldean erdara ez dela nagusi. Bestela ere, zer den euskara esportagarria, millaka gutxiak, mantendu, naturalki,.Zer ostria da hau!
Nagore, zuri ez zaizu fitsik ulertzen!
Nik ez dut zalantzarik, itzela da Araban egindako bidea. Asia Erdialdean egindako PEN bilera baten aipatu nuen -1991n independentzia lortu arren, errusieraren diglosian bizi dira oraindik-, gero Garabiderekin etorri ziren kurdu batzuei Zalduondoko erreportajea erakutsi genien. Nazioarteko kongresu ugaritan azaldu dugu, euskararen esperientzian dugun ekarpen garrantzitsuena, lur elkorrean, ezer ez zegoen lekuan bizia sortzea dela, hezkuntzan ikastolekin kasu, edo Araban euskara XIX. eta aurreko mendeetan galdutako lekuetan berriz bizi-bizi egotea.
Urte gutxian UEMAren parametroen inguruan ibil litezke Lautadako zenbait udalerri, euskaldun profil berri horrekin: etxeko betiko euskara transmititu den herriak izan beharrean, hezkuntzak eta herritarren borondateak berreuskaldundutako lekuak, agian espainolez moldatzen den baina euskararen kontzientzia handiagoa duen euskara batudun herritarrekin. Eta agian, horren galduta eta kristalezko sabaia zelan apurtu ez dakiten betiko herri euskaldun horiei bidea ere erakutsi ahalko die munduko hizkuntza gutxitu askoren eredu diren herri horiek.
Arabarra izanda esan beharra daukat gure gurasoek ikastolak sortzeko izugarrizko lana egin zutela. Haiei esker eremu erabat erdalduna zena pixkanaka-pixkanaka euskaldunduz joan zen eta ez soilik euskararen ezagutzan, baita euskal kulturaren hedapenean ere: Olentzero, Santa Ageda, euskal dantzak, euskaraz abesten duten taldeak, bertsolaritza…
Emaitzak apalak izango dira, baina hori normala da. Kontuan izan behar da oraindik jende askok euskara ez dakiela (gutxi gorabehera 40 urte baino gehiago dituztenen artean) eta beste askok, nahiz eta ikastolan ikasi, euskara maila urria dutela. Guzti horrek hizkuntza ohiturak baldintzatzen ditu. Halere, guraso gazteen eta haien haurren arteko solasean geroz eta gehiago entzuten da.
Araban urrats handiak egin dira, ez dago hori ukatzerik, baina euskararen erabilera hutsaren hurrengoa da elebidunen artean ere. Baita elebidun euskaltzaleen artean ere. Eta ikastolan euskara ikasitako askori hizkuntza asko, baina asko herdoildu zaie. Normala den bezala, Araban (oro har), Bilbo Handian bezala, Iruñerrian bezala, edo mugaz bestaldean bezala, euskara erabiltzea ariketa ZAILA baita, oztopoz josia. Eta oztopo horiek gainditzeko ezinbestekoa da geronek sustatzen ditugun ERAKUNDE PUBLIKOEN apustu sendoa, baina halakorik EZ dago, salbuespenak salbuespen.
Gasteizen bertan dauden eta bertan eragin agerikoa duten erakunde publiko batzuik ezagutzen ditut ondo. Eusko Jaurlaritza eta Gasteizen zehar barreiatuta dauzkan hainbat azpi-erakunde eta egoitza, URA-Ajentzia, EJIE, Emakunde, eta abar.
Horietan guztietan, Lakuatik hasita, euskara bazterreko gaia da, itzulpen bidez betetzen den izapide edo tramite deserosoa. Emakunde da salbuespen BAKARRA.
Eredugarria da IKAren eta AEKren lana, (ikastoletan erabilera eta sentiberatze-lana gainbehera dator, tamalez), Ohianederrena, eredugarria da Bertso-eskola edo Lautadako euskalgintza, eta beste herri-eragile batzuen lana. EAJ-PSoEk gobernatutako erakunde gehien-gehienena ez. Mundu mailako eredu izatetik oso urrun gaude Araban ere, tamalez.
Euskararen egoeraren adierazle sistema serio bat izango bagenu eskura, eztabaida hauek askoz objektiboagoak eta ez pertzepzioetan oinarrituak izango lirateke, baina horretan ere EZ gara eredugarri…
Honako hauek, Arabako D ereduko matrikulazio datuak 2017-2018 ikasturtean; ikasle-kopuruak eta ehunekoak, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn:
Eskola publikoan: 20.912 % 81,0
Partaide ikastolak: 3.393 % 13,1
EIB ikastolak: 1.411 % 5,5
Bestelakoak: 118 % 0,5
Eusko Jaurlaritzaren datuak dira. Guztira, Araban 46.165 ikasle daude etapa horietan.
Arrazoi. Ikastolak aipatzeak eta D eredu publikoa aipatu ere ez egiteak, ez du ez hanka, ez buru. Hori aitortuta, D ereduan + ikastoletan daude matrikulatuta ikasle arabarren %50 inguru, B ereduan %30 eta A ereduan %20.
Areago, horietatik, unibertsitate-aurreko ikasmailetan (2016/2017):
Batxilergoan %46k A ereduan, eta %52k D ereduan.
Lanbide Heziketan 85ek A ereduan, eta %8k D ereduan.
Heziketa Berezian %67k A ereduan, eta %20k
Kontuak kontu, gaur gaurkoz etxean beti/gehiago euskaraz egiten duten arabarrak %1,6 dira eta beti/gehiago espainieraz egiten dutenak %95.
Mundu mailako eredu izatetik urrun samar oraindik…
Eman itzak, barrenik baduk, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak Lanbide Heziketan, Heziketa Berezian, hori zer den ez zekiat ordea, eta bestelakoak, eta egin dezagun konparaketa.
Epa, Nagore: norekin habil, Jonjorekin ala nirekin?
Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak eskatzen ditun. Ados. Arabakoak baino ez nizkinan sartu, Arabari buruz ari zinetelako (eta, orain arte, ginelako). Baina bazagon planoa zabaltzerik, jakina.
Dena dela, lehenengo azalpentxo bat: Oinarrizko Hezkuntzako datuak baino ez nitinan eman: Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ditun nahitaezko bakarrak, sei eta hamasei urteko ume guztiak hartzen dituzten etapa bakarrak. Hortik aurrerakoak borondatezkoak ditun: Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloak, eta batxilergoa.
Hori argituta:
D ereduko ikasleak Bizkaian: Eskola publikoan % 65,4, 65.315 ikasle. Partaideren ikastoletan % 13,8, 13.782 ikasle. Ikastola kristauetan: % 12,1, 12.136 ikasle. EIB ikastoletan % 7, 7.012 ikasle, eta gainerakoetan % 1,5, 1.528 ikasle.
D ereduko ikasleak Gipuzkoan: Eskola publikoan %55,4, 48.749 ikasle. Partaideren ikastoletan %26,1, 22.959 ikasle. Ikastola kristauetan % 18,2, 16.031 ikasle, eta EIB ikastolan % 0,2, 196 ikasle.
Datuok Jaurlaritzatik hartu ditinat, zehazki “Atzerritar jatorriko eskolatzea EAEko
eskola-sisteman” txostenetik (2018ko urrikoa). Izan liteken doi-doiak ez izatea, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak halamoduz emanda daudelako (Bizkaiko guztirako datuen taulan ikasle-kopurua % 102,7koa dun, esaterako)
Arabara bueltatuta, Haur Hezkuntza ez dun derrigorrezkoa, baina bai interesgarria, oso, bidea zein izango den erakusten duelako: sei urte bitarteko umeek hartuko ditizten urte gutxi barruko gure gelak. Hona Haur Hezkuntzako panorama:
Araban, sei urtean (2012-13 ikasturtetik 2017-18 ikasturtera), sei urte bitarteko umeen artean zortzi puntu egin din gora D ereduak: % 56 izatetik, % 64 izatera. Tarte berean, A ereduak eutsi egin zion: % 3,37 izatetik, % 3,07 izatera.
Bizkaian D ereduaren igoera lau puntukoa izan dun: % 69tik, % 73.
Gipuzkoan ere lau puntukoa: % 90etik, % 94ra.
Lehen Hezkuntzan ere, Araban zortzi puntu gora: % 48tik, % 56ra. A ereduak, ostera, % 9tik, % 5era. 11.711 ikasle D ereduko, 7.797 B ereduko eta 1.137 A ereduko.
Azken datu bat: Arabako Lehen Hezkuntzako ikasleak 20.705 ditun, Heziketa Berezikoak 64.
Amaitzeko: datuak emateko ez dun ‘barrenik’ behar: nahikoa dun datuok izatea, denbora apur bat hartzea eta hona igotzea.