Amurrioko Udala eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren arteko bilerak emandakoa
Amurrioko Udala eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren arteko bilerak emandakoa –
Amurrioko Udala eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren arteko bilerak emandakoa Euskara Teknikariaren lanpostuaren aferaren inguruan.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak jakinarazi nahi du publikoki, atzo, uztailak 31, gure elkartearen ordezkaritza bat Amurrioko alkate Txerra Molinuevo LaƱa eta euskara zinegotzi Arantzazu Saratxaga de Islarekin bildu zela, aurreko astean Udal Gobernuak Udal Lanpostu Zerrendan Euskara Teknikari lanpostua kentzeko hartutako erabakiaz mintzatzeko.
Egoera irakurtzerako garaian, Udal Gobernuaren eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren artean desadostasun nabarmenak daudela agerian geratu zen bileran.
.
Desadostasunak
Bat, Udal Langile Zerrendatik (RPT) Euskara Teknikari lanpostua ezabatu dela egitate bat da, baina egitate horren balorazio arras ezberdina egin genuen bileran. Udal Gobernuarentzat barne mailako berrantolaketa bat da, euskara arloari kalterik egiten ez diona, lanpostuaren izendapenetik harago, euskara teknikariaren funtzioak beste udal teknikari batek betetzen baititu. Euskalgintzarentzat berriz, larria da erabakia eta mezu zuzena bidaltzen du: euskararen normalkuntzarako teknikaririk ez da behar.
Bi, Zerbitzu Soziokulturaletako Koordinatzaile lanpostua duen langileak askotariko funtzioak betetzen ditu, honako alorrak landuz: hezkuntza, osasuna, elkarbizitza eta euskara. Egitate honen balorazioa ezberdina da, Udal Gobernuak pertsona hori euskara teknikari gisa hartzen duen bitartean, Kontseiluak euskarari eman diezaioken denbora ez-nahikoa dela irizten dio. Balorazio objektibo bat egin ahal izateko, aipatu pertsona horrek kontratuan jasota dituen funtzioak publiko egitea proposatu genuen.
Hiru, Udalak euskara arlora bideratzen dituen giza baliabideak eskasak direla irizten dio Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, hiru adibide konkreturekin: azken Euskara Plana sortzeko langile bat kontratatu behar izan zen 6 hilabetez lan hori aurrera eramateko, 2018-2022ko Euskara Planaren betetze maila eskasa eta Eusko Jaurlaritzak Amurrio bezalako herri batentzat euskara sailean 4 langile izatea aholkatzen duela. Alkateak, euskarari laguntzeko bidea ez dela funtzionario gehiago izatea azaldu zuen, eta baliabide falta konpontzeko kanpo kontratazioak aukera bat direla adierazi zuen.
.
Alkatearen konpromisoa
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko ordezkaritzak, Amurrioko Udalak euskara alorrean %100ean aritzen den langilerik ez duela azpimarratu zuen Udal Gobernuaren aurrean. Hori nahikoa ez baina aurrera-pausu bat izango zela.
Eskaera horretatik abiatuta, Amurrioko Alkateak konpromiso hau hartzeko prest agertu zen: Amurrioko Udalak hilabeteko epean euskara arloan %100 jardungo duen jardunaldi osoko langilea izatea, langile horren kontratuan soilik euskara arloko funtzioak agertuko direlarik.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak ontzat ematen du Udal Gobernuak hartutako konpromisoa, hitz eman bezala betez gero. Beraz, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, euskara teknikariaren aferaren inguruan hurrengo egunetan aurrera eraman behar zituen ekimenak bertan behera uzten ditu behin-behinean. Udalak hartutako konpromisoa beteko ez balitz, irailean berriz aktibatuko lirateke ekimenak.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren erabaki honek ez ditu desakatibatzen elkartearen aldarrikapenak, ez eta ezeztatzen Amurrioko egoera eta Udalaren erabakiaren inguruko irakurketa. Haatik, elkartearen genetikan dago aurrera-pausuak lortzea eta elkarlana sustatzea gure eskualdean euskararen normalkuntzan aurrera egiteko.
Amurrioko Udala eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren arteko bilerak emandakoa