Gasteizko Txosnen Batzordeak kanpo uzteko erabakia “beto politikoa” dela ulertzen dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

Gasteizko Txosnen Batzordeak kanpo uzteko erabakia “beto politikoa” dela ulertzen dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak –

Estitxu Ugarte Lz. de Arkautek Alea atarian argitaratutako elkarrizketa:

Ixone Santamaria eta Martin Ziarrusta (Etxebizitza Sindikatuko eta GKSko kideak):

“Irtenbide bila gabiltza oraindik; gure aldetik ateak irekita daude”
Gasteizko Txosnen Batzordeak kanpo uzteko erabakia "beto politikoa" dela ulertzen dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak
Martin Ziarrusta eta Ixone Santamaria, Gasteiz erdigunean. Argazkia: E.U./ALEA

Gasteizko Txosnen Batzordeak kanpo uzteko erabakia “beto politikoa” dela ulertzen dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, eta, bere horretan mantentzen den heinean, salatzen jarraituko dutela azaldu dute.

Gasteizko Txosna Batzordearekin irtenbide bat bilatzeko prestutasuna dutela azpimarratu dute, behin eta berriz, Etxebizitza Sindikatuko eta GKSko kide Ixone Santamariak (Gasteiz, 1998) eta Martin Ziarrustak (Gasteiz, 1998). “Badugu lanerako prestutasuna, eta elkarbizitzarako inolako arazorik ez”, esan du Santamariak. Ezker Abertzaleak Mugimendu Sozialista “gatazkatsu eta marjinal” bezala agertzeko “irizpidearekin” lotu dute batzordearen “beto politikoa”.

Uda honetan kanpaina bat iragarri duzue, Gasteizko txosnetako “beto politikoa” salatzeko, baita Gasteizko jaiei begira zuen egitarau propioa antolatzeko ere. Nola gauzatuko da kanpaina hori?

Ixone Santamaria: Iaz bezala, egitarau propio bat aurrera eramango dugu, gure parte hartzea bermatzeko. Egitarauaren barruan, saiatuko gara beto politikoa salatzen eta gure espazioa aldarrikatzen; irtenbide bila gabiltza oraindik, eta gure aldetik ateak irekita ditugu. Halaber, inportantea da guretzat ere ekarpena egitea, eta beste edozein eragile bezala aisialdirako aukera eskaintzea Gasteizko jaietan eta aisialdirako aukera hori irekiz ere gure aldarriak zabaltzea, normalean egiten ez dugun modu batean. Kanpainak, beraz, bi ardatz izango ditu.

Zein da egungo egoera txosna jartzearen inguruan? Txosna batzordearekin gaia berriro aztertzeko aukera ikusten duzue?

I.S: Berdin jarraitzen dugu. Guk behin eta berriro esan dugu prestutasun osoa dugula irtenbide bat lortzeko eta txosna batzordean parte hartzeko. Beraz, bai, txosna jartzeko nahiarekin jarraitzen dugu, hiru urte hauetan bezalaxe.

Aukera ikusten duzue?

I.S: Oraintxe bertan, gure partetik behintzat, ateak irekita jarraitzen du; txosna batzordeak adierazi du jada haien partez aukerarik ez dagoela, baina tira, guk aurrera jarraituko dugu.

Gasteizko Udalarekin nolabaiteko irtenbidea bilatu duzue? Akaso beste tokiren batean kokatzea?

Martin Ziarrusta: Udalak hasieratik ukatu du beste edozein tokitan kokatzeko alternatiba. Aurten, proposamen bat luzatu digu bai guri eta bai batzordeari ere, guk txosnagunean txosna jarri ahal izateko txosna batzordean parte hartu gabe. Txosna batzordeak uko egin dio ere beste proposamen horri, eta udalak guztiz bere egin du beto politikoa.

Udalak egin du proposamen hori?

M.Z.: Bai, hori proposatzera iritsi da.

Zuek ondo ikusten zenuten aukera hori?

M.Z.: Guk ikusten genuen bazela lehen pausu bat irtenbiderako.

“Txosna ez jartzeak suposatzen du ez normalizatua egotea, zokoratua egotea”

Zer suposatzen du zuen erakundeentzat txosna ez jartzeak?

M.Z.: Kontuan izan behar da, lehenik eta behin, finantziazioa. Bi antolakunde gara, eta orokorrean mugimendu bat, inolako finantziaziorik jasotzen ez duena inondik, ez estatutik ez beste inondik; eta, gaur gaurkoz, halako finantziazioa da berme materiala gure jardun politikoa aurrera eraman ahal izateko. Gainera, errepresioa jasaten dugun bi antolakunde gara, eta horrek ere kostua dakar. Orduan, alde batetik finantziazioa dago, eta bestetik oso inportantea dela gure espazio propioa izatea gure aldarrikapenak hedatzeko, eta txosna ez jartzeak suposatzen du ez normalizatuta egotea, zokoratuta egotea, zailtasunak izatea jendearen aurrean normaltasunez eta irekitasunez jarduteko.

Txosna batzordetik kanpo uzteko, txosnen batzordeak honako hau aipatu du: “Gasteizko herri mugimenduko gehiengoan inposizioen, lekuz kanpoko ahozko erasoen, intoxikazioen, mehatxuen eta liskarren etengabeko saiakerak”. Hitz potoloak dira. Ez dute inolako oinarririk?

M.Z.: Hitz potoloak erabiltzen dira benetan ezer ezin daitekeela argudiatu ezkutatzeko. Modu horretan, elikatzen da azkenengo urteetan ematen ari den dinamika bat bi antolakundeak, eta orokorrean mugimendu sozialista, deabrutzeko. Ez dituzte arrazoitu modu ofizial batean esandako hitzak, bi urte ezer esan gabe egon dira, eta orain seinalamendu zuzen bat egiten dute, azaldu gabe zeintzuk diren kasu zehatzak. Aldi berean, kalean hasten dira zabaltzen egoera gatazkatsu eta konplexuen irakurketa oso interesatua eta testuingurutik kanpokoa. Gure bi antolakundeak gatazkatsu bezala agertzea bilatzen dute, hemen dagoen gatazka bakarra denean beto bat dagoela eta guk hori salatzen dugula.

Gasteizko herri mugimenduan ez da egon liskarrik zuekin? Hori ez da errealitate bat?

M.Z.: Adierazgarria da herri mugimenduaren kontzeptuaren nahiko erabilera interesatua egiten dela. Noski daudela gatazka politikoak edo programa politiko desberdinek sortzen dutela gatazka, baina gertatzen ari dena da halako egoera oso-oso konplexuaren irakurketa guztiz aldebakarrekoa eta desitxuratua egiten dutela, inolako ardurarik gabe, gu seinalatzeko eta agertarazteko izango bagina bezala etengabe liskarrak bilatzen duen talde bat. Gu izan gara azkenengo hiru urteetan etengabe saiatu garenak tentsioa leuntzen eta elkartzeko eskatzen. Pasa den jaietan, giroa oso gaiztotua zegoenean, guk adierazi genien prest geundela elkartzeko eta azaltzeko zeintzuk ziren gure asmoak jaietan, argi ikusteko ez gindoazela ez argiak moztera, ez saboteatzera kontzertuak, ez ezer arraroa egitera, hedatzen ari ziren bezala; eta ukatu egin ziguten elkarrizketa hori ere.

I.S: Elkarbizitzarako trabak aipatzen dituzte, baina hain justu horren adibide argiena da Ikasle Abertzaleak badagoela txosnen batzordean eta ez dagoela inolako arazorik. Haiek txandak normaltasun osoz egiten dituzte, eta beste kolektiboekin batera lanean aritu behar dira, eta ondo aritzen dira. Eta hain justu, hiru urte hauetan egoera tenkatuta egon denean hor egon dira, normaltasun osoz. Horrek erakusten du badugula lanerako prestutasuna, eta elkarbizitzarako inolako arazorik ez.

“Ezker Abertzalearen barruan bultzatu da halako espazio irekietatik gu kanpo uzteko irizpidea”

Zuen ideia politikoengatik betatu zaituztela salatu duzue. Zein asmo politiko dira, hain zuzen, Txosna Batzordeak betatu nahi omen dituenak? Zer ekarpen trabatu nahiko lukete?

M.Z.: Guk esaten dugunean ideia politikoak betatu nahi dituztela ari gara esaten ez dela bakarrik Gasteizen gertatzen den zerbait. Argi ikusi da momentu batetik aurrera, bai GKSren sorrerarekin eta baita Mugimendu Sozialistaren garapenarekin ere, Ezker Abertzalearen barruan bultzatu nahi izan dela irizpide bat gu halako espazio irekietatik kanpo uzteko, gure presentzia desnormalizatzeko, agertzeko jende gatazkatsu eta marjinal bezala. Zentzu horretan ulertzen dugu beto politikoa. Beste toki batzuetan era batera edo bestera gainditzen joan da, baina Gasteizen guztiz blokeatuta dago.

Txosnen batzordean talde ugari daude, eta hain zuzen, Txosna Batzordetik kanpo uzteko erabakiak eta horren ondorioz kaleratutako dokumentua ez dute babestu batzordeko bi kidek. Zer irakurketa egiten duzue?

I.S.: Horrek demostratzen du txosna batzordeko kide guztiak ez daudela ados beto politikoarekin, eta batzordeak hitz batez esaten duena ez dela horrela. Harrigarria da, baina batzordeko zenbait kidek zein Ezker Abertzale inguruko zenbaitzuek babesa adierazi digute, ez dutelako ikusten zentzugabekeria hau nola luzatzen ari den. Txosnen batzordeko kolektibo batzuk ez daude ados erabakiarekin, eta gu ez egotea bozkatu duten kolektiboen artean badago ere jendea ez duena onartzen gure kontrako beto politikoa. Gero eta jende gehiago konturatzen ari da injustizia honen zentzugabekeriaz, gero eta jende gehiagok adierazi digu babesa.

“Gero eta jende gehiagok adierazi digu babesa”

Orduan, nola da posible erabakia hartzea?

I.S.: Erabaki hau bozkatu aurretik, Txosna Batzordean irizpide batzuk zeuden, eta guk horiek betetzen ditugu. Nahiz eta irizpide horiek bete, bigarren pausu bat egiten dute, eta bigarren pausu horretan, inolako azalpenik gabe, bozketa proposatzen dute.

M.Z.: Eta bozketa proposatzen da, hasieratik, kalkulua eginda dutelako, eta badakitelako garaile aterako direla, bestela ziurrenik ez lukete bozketa proposatuko. Txosnetan egon izan dira talkak zituzten kolektiboak, eta hala ere elkarbizitzarako minimoak errespetatuz eta elkarlana aurrera eramanez posible egin zuten denen artean txosnak aurrera eramatea. Txosna batzordean posible da talka politikotik harago, elkarlanerako gutxienekoak adostuta, denok parte hartu ahal izatea. Eta posible da, ez bakarrik ideien munduan baizik eta errealitatean.

I.S.: Irtenbidearen bila gaude, beste kolektiboek bezala normaltasunez parte hartu nahi dugu, baina beto politikoa bere horretan mantentzen duten heinean, beto politiko hori salatzen jarraituko dugu, injustua delako eta ez delako zilegi. Beraz, galdera bat zabaldu nahi dugu: Noiz arte jarraituko du beto politikoak? Noiz arte baztertuko gaituzte espazio publiko horretatik?

.

Afera honi buruzko artikulu gehiago ALEA agerkarian.

Gasteizko Txosnen Batzordeak kanpo uzteko erabakia “beto politikoa” dela ulertzen dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Gasteizko Txosnen Batzordeak kanpo uzteko erabakia “beto politikoa” dela ulertzen dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak”-ri buruz

  • Neronek, horien guztien testuak espainol batuan irakurri ditut. Euskaraz egin al dute elkarrizketa hori?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude