Amaia Nausia: “Euskara abertzaleen proiektu nazionaletik askatu behar dugu”

Amaia Nausia –

Xabier Letonak, ARGIAn.

Argazkiak: Zoe Martikorena.


Eusko Ikaskuntzak aurten kaleratu du Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan. Euskara eta nazio identitateak ikerketa lana. Amaia Nausia –Eusko Ikaskuntzako proiektu arduraduna–, Julen Zabalo eta Txoli Mateosek egindakoa da. Azken lau urteetan Nafarroa osoan molde ugaritan egindako 206 elkarrizketetan oinarritzen da lana eta egileek azpimarratu dute nafarrek kultura demokratikoan sakondu behar dutela, bizikidetzan eta aniztasunean aurrera egiteko. Espainiar eta euskal identitateen arteko talkan harrapatuta ikusten dute euskara, eta alderdiek borroka politikotik askatu beharko luketela iritzi diote. Elkarrizketa honetan batez ere euskararen alorrari heldu diogu. Lanak sortu du ika-mikarik, prentsako hainbat artikulutan ikusi den gisan.

Amaia Nausia

“Gure bizikidetzak behar dituen gakoak aurkitzea” izan da lanaren helburu nagusia. Zein gako nagusi topatu dituzue?
Bizikidetza modu sakonean ulertzen dugu, gugandik ezberdina denarekiko aitorpena dakar eta horretarako kultura demokratikoa behar da. Eta azterketan hori islatu da: Nafarroako gizartean kultura demokratikoaren falta dagoela. Etsai-lagun dikotomia horretan bizi gara, irabazle-galtzaile narratiba horretan. Horrek ez dakar benetako bizikidetza demokratikorik. Horretarako bestearen aitorpena behar da, harremanak modu horizontalagoan eraikita. Guk bi identitate aztertu ditugu: euskal identitatea eta espainiarra, eta ikusten dugu aniztasunaz erraz hitz egiten dugula, baina sarri ez gaudela prest aniztasun hori onartzeko, behintzat identitate kontuez ari garenean.

Hiru arlo aipatzen dituzue: gizartea, administrazioa eta talde politikoak. Azterketa egin ondoren, zer proposatzen duzue bakoitzean?
Ikusten dugu alderdikeriak biziki kutsatzen duela gizartea. 2019an herritarrekin lan handia egin genuen eta politikariei askotan leporatzen zieten gizartean gatazka sortzen zutela. Gizarteak eta mugimendu sozialek protagonismo handiagoa hartu beharko lukete, gatazkaren konponbidea alderdiengan delegatu gabe.

Azterketaren arabera, sumatzen duzue aldaketarik Nafarroan euskarari dagokionez, onerako edo txarrerako?
Gu ez gara sartu kontu soziolinguistikoetan, jarrerak aztertu ditugu. 2016an egin zen inkesta soziolinguistikoan ikusten da, lehen aldiz, administrazioak euskara sustatzearen aldeko jarrerak behera egiten duela, eta azkeneko inkesta soziolinguistikoan joera hori mantentzen da. Nafar herritarrei galdetzen genienean zerk oztopatzen zuen bizikidetza, hiru alor aipatzen zituzten: polarizazio ideologikoa, nazio identitateen arteko talka eta euskararen kudeaketa.

Espainiar nazionalismoaren proiektu politiko zehatz batek indartu egin du euskararen aurkako diskurtsoa, uste duelako euskara gehiago sustatzeak euskal nazionalismoaren gorakada ekarriko duela. Euskal nazionalismoak, halaber, 1960ko hamarkadatik aurrera euskararen eta abertzaletasunaren arteko lotura indartu egin du –aurretik ez zen horrela–, eta hortik dator “que vienen los vascos” delako ospetsu hori.

Amaia Nausia

Euskararen eremuan bereziki jorratu beharreko hiru alor aipatzen dituzue: ofizialtasuna, hezkuntza eta euskara administrazioan. Zuen ustez non daude hiruekiko klabe nagusiak?
Ofizialtasuna aztertu dugu berdintasunaren paradigmaren ikuspegitik. Gaur egun, Nafarroan hezkuntza komunitatearen %60k euskararekin inongo harremanik ez izateko eskubidea du, eta horrek jarreretan eragiten du: ez duzu atxikimendurik ezagutzen ez duzunarekiko. Horrek aukera desberdinkeria dakar, eta hori sarri aipatu digute gure azterketan: “Zonifikazioaren ondorioz, nik ez badut izan euskara ikasteko aukerarik, orain ni desberdinkerian nago euskara jaso zuten horiekiko”. Berdintasunaren ikuspegitik zonifikazioak desberdinkeria areagotzen du.

Beraz, zonifikazioa bertan behera utzi beharko litzateke eta ikasle guztiek izan beharko lukete harreman maila bat euskararekin. Jakina, berdintasunaren ikuspegitik, euskarak inongo lanposturako ez puntuatzea ere berdintzea da, baina orduan non geratuko litzateke azterketa honen bigarren kontzeptu nagusia, hau da, aniztasuna? Administrazioak, hortaz, ofizialtasuna bultzatu behar du, baina diskurtsoen lanketa bat ere egin behar da, Topagunea azken urteetan egiten ari den ildotik. Gure ustez, Nafarroan arazo larriena jarrerena da. Legez, gaur egun, Nafarroa osoan ireki daitezke D ereduko lerroak familiek hala eskatuz gero, baina horrek jarrerekin egiten du topo: eskoletako zuzendaritzak, inguruaren jarrera, administrazioaren jarrera… Horregatik diogu gatazka, batez ere, identitarioa eta politikoa dela eta, beraz, ikusi behar da euskararen gaia nola kudeatu behar den ahalik eta demokratikoen testuinguru horretan.

“Euskalgintzak eta euskal nazionalismoak aztertu beharko lituzkete beren diskurtsoak, eta beste klabe batzuk eraiki”

Euskara sustatzearen aurkakoak zer gauza zehatzetan oinarritzen dira euskararen inposizioaz ari direnean?
Batez ere lan munduko desabantailetan eta hezkuntzaren derrigortasunean. Kontua ez da hori egia edo gezurra den, gure lanean pertzepzioei buruz ari gara-eta, haiek nola bizi duten baizik. Horregatik, esaten dugu gaia oso emozionala dela eta euskararen inguruan arrazionalizazioa behar dela. Euskararen alde egin den borrokagatik lortu dira gaur egungo lorpenak, eta abertzaletasuna eta euskara lotu duten diskurtsoengatik, hori ukaezina da, baina gaur egun diskurtso horiek ez dute laguntzen hainbat jarrera negatibo deseraikitzen eta, agian, indartzen dituzte. Horregatik uste dugu euskalgintzak diskurtsoak eta jarrerak landu behar dituela.

Zuen lanean ofizialtasuna onartzea eskatzen diozue Nafarroako administrazioari, baina aldi berean, ofizialtasuna gaur egun bigarren lerro batean ere utzi daitekeela diozue. Azaldu dezakezu?
Garrantzitsua da azaltzea gure lanaren helburua ez dela aztertzea euskararen hedapena nola handitu daitekeen, baina nire ustez, indarra batez ere jarri beharko genuke jarreren lanketan, ikusteko nola landu daitezkeen Nafarroan nagusi diren indiferenteen taldekoak, aurkakoen diskurtsoak deseraikitzea zailagoa da eta.

Zer egin daiteke jarrera horiek aldatzeko?
Euskalgintzak eta euskal nazionalismoak aztertu beharko lituzkete beren diskurtsoak, eta beste klabe batzuk eraiki. Jakina, euskaldunek jasaten dituzten hainbat egoerak eskubideekin dute zer ikusirik, jazarpen historiko batekin… Baina euskaldunei biktimizazio gehiegizkoa ere leporatzen zaigu. Etorkinei galdetuz gero pribilegiatuak garela ere ateratzen da; behar materialak ase ditugunean, hizkuntza eskubideekin ari garela eta ez ditugula ikusten egoera zaurgarrian daudenak. Orduan, nola iritsi gehiengoarengana, etorkinengana…? Euskalgintzaren barruan egiten ari da hausnarketa hori. Euskara nafar guztiena izatea nahi badugu, aukera hori eman behar da, eta orduan hizkuntza abertzaleen proiektu nazional legitimoa den horretatik askatu beharko dugu.

“Etsai-lagun dikotomia horretan bizi gara, irabazle-galtzaile narratiba horretan. Horrek ez dakar benetako bizikidetza demokratikorik”

Nola egiten da hori?
Kontua da euskal eta espainiar nazionalismoaren bi identitateek ukatzen diotela elkarri nafar izatea, edo “nafar ona” izatea. Batzuentzat euskara da Nafarroaren sustraia, eta besteentzat, ez. Baina, jakina, espainiar nazionalismoak ere ez du jarrera demokratikoa euskararekiko, beraz, errespetatu beharko luke ikuspegi demokratiko batetik, eta utzi beharko lioke arma politiko moduan erabiltzeari.

Amaia Nausia

Abertzaletasunetik, euskaltzaletasunetik… zein taldek, alderdik ukatzen die nafar espainiarrei nafar izatea?
Galdetuz gero nafar sentitzen diren, elkarrizketatu ditugun nafar herritar guztiek, berdin dio euren ideologia, zonaldea, identitate nazionala edo euskararekiko zuten jarrera, denek esan digute nafar sentitzen direla. Baina, galdetuz gero zertan datzan nafartasun hori ez ziren ados jartzen. Agerikoa da ere hegoaldean sentitzen duten mespretxua, bigarren mailako nafar izanen balira bezala, “ahaztuak” sentitzen dira, bai administrazioaren aldetik, baina baita Nafarroako beste zonaldeko herritarren aldetik ere. Nafarroako iparraldean egin ditugun Gizarte Foro, Herritar Mahai eta Gazte taldeen topaketetan, berriz, hori ere onartzen ziguten, eta nolabaiteko mespretxu puntu bat adierazten zuten hegoaldearekiko. Nafar euskal hiztun izateak “nafartasun ona” adieraziko balu bezala. Ez diogu nafar izatea ukatzen diotenik, baizik eta alde bietan “nafar onaren” monopolioa aldarrikatzen dela.

Saiatzen ari naiz ulertzen aipatzen duzuen nafar espainiarren ukatze hori errealitatean non ikusten den, zenbatekoa den… Ez zait erraza egiten.
Herritarrekin eta hainbat talderekin lau urtetan egindako ikerketa soziologikoa da hau. Metodologikoki hemen jaso diren profilak anitzak dira zentzu guztietan. Eusko Ikaskuntzak beti zorrotz lantzen du metodologia, euren emaitzek dagokion berme zientifikoa izan dezaten eta tentuz landu da kasu honetan ere.  Aurretik argitaratu ditugun txosten batzuen inguruan izan dira ika-mikak, eta orain ere esan digute jazarpena ez dugula kontuan hartzen, jarrera euskarafobikoak zuritzen ditugula… Hiru kontu argi utzi nahiko genituzke: bat, lanean agertzen direnak ez dira proiektu honen Talde Eragilearen iritziak, guk islatu besterik ez ditugu egin nafar herritarren iritziak. Bi, hori ez da Eusko Ikaskuntzaren jarrera euskararekiko, hau ez delako izan euskararen inguruko ikerketa bat. Eta hiru, euskalgintzan bada sektore bat hau guztia min handiarekin bizi duena, min hori legitimoa da. Ikerketa honek jarrera guztiak islatu nahi izan ditu.

“Iparraldean egin ditugun Gizarte Foro, Herritar Mahai eta Gazte taldeen topaketetan, nolabaiteko mespretxu puntu bat adierazten zuten hegoaldearekiko”

Euskararen despolitizazioaren gaia ere ateratzen da azterketan. Zer esan nahi duzue?
Jakina, administrazioak egin behar du hizkuntza politika eta euskara sustatu. Guk diogu euskara alderdikerietatik at utzi behar dela.

Lanaren amaieran, elkar ezagutza eta konfiantza lantzea proposatzen duzue, eta hori lantzeko mugimendu bertikala eta horizontala aipatzen dituzue. Azaldu dezakezu zer diren?
Gazteekin egon ginen Beran, Iruñerrian eta Erriberan, eta ezagutza eza eta konfiantza ezaren gaia atera zen. Batetik, sumatzen dugu badagoela konfiantza falta eremu espainiarrean, zeinak uste duen euskarak balio duela proiektu nazional bat bultzatzeko. Eta, bestetik, ezagutza falta dago, eta askotan mespretxu puntu bat Nafarroako Iruñerritik gorako –berau barne– zatiaren aldetik hegoaldearekiko. Beraz, mugimendu bertikalaz ari garenean, administrazioak kohesioa lantzeko duen arduraz ari gara (azpiegiturak, hezkuntza…). Eta horizontala herritarren artean landu beharreko harremana da. Diskurtsoan badira galtzailea, irabazlea, etsaia moduko hitzak eta horiek bestearen aurka kokatzen gaituzte, eta ez ondoan. Begirada feministan badaude gatazkak modu horizontalagoan kudeatzeko esperientziak, konfiantzaren eremutik eta abar, horretaz ari gara.

Amaia Nausia Amaia Nausia Amaia Nausia Amaia Nausia Amaia Nausia Amaia Nausia Amaia Nausia Amaia Nausia Amaia Nausia Amaia Nausia Amaia Nausia Amaia Nausia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.