Altsasun, hildakoa nork berpiztuko zain
Altsasun, hildakoa nork berpiztuko zain
Altsasu 2016. Jaietan gaude. Euskararen ez erabileraren neurketa egiteko aukera ezin hobea.
Gatiburen kontzertuaz gozatu genuen ostiralean. Iortia plaza mukuru. Inguruko herrietatik ere jende andana etorria zen Alex Sarduiren taldea ikustera.
Gure inguruan zeudenak, altsasuarrak gehienak, gazteak, buruz zekizkiten Gatiburen kantuak. Bizkaieraz, arazorik gabe… baina kantu eta kantu artean españolez ari ziren. ¡Cómo me gusta esta canción! eta antzekoak etengabe entzun genituen.
Herri bazkarian izan ginen atzo. 800 lagun, aizue. Giro bikaina, antolaketa txukuna (auzolanean) eta Korrontzi bazkalondoan. Berbetea españolez, hori bai. Alderik alde, oso salbuespen urriak tarteka. Korrontziko Agus Barandiaran ere jabetu zen bertako “musikaz”, eta euskaraz hasi arren, gero eta gehiago erdarara lerratu zen, ustez jendeak ez ziola ulertuko, gehien-gehienak euskaldunak ez dakit, baina elebidunak baginen arren.
Tabernetako poteoa etsigarria gertatzen da. Musika kaxkarra oro har, eta españolez ia taberna guztietan, ingelesez zeozer eta euskaraz zero edo ia. Lezea, Gautxori eta Biltoki tabernen salbuespenarekin. Horietan euskaraz ERE entzun daiteke musika. Bejondeiela!
Foruen plazan, gehienetan astronauta euskaldunak jotzen, entzuleria oso nagusiki abertzale baina erdarapraktikantearen aurrean.
Izen abizenetik ezagutzen dugu elkar euskaraz egiten ahalegintzen garenok.
Euskara arnasketa artifizialari esker dago “bizirik” Altsasun: Ikastolan eta D ereduko ikastetxean irakasleek egiten diete euskaraz haur eta gaztetxoei. Gehien-gehienetan hori da haurrok euskararekin daukaten ohiko kontaktu bakarra, asko baitira hemen haurrei erdaraz egiten dieten guraso “euskaldunak”. Astean behin Guaixe aldizkaria kaleratzen da, eta tarteka, kultur programazioan euskarazko ekitaldi bat edo beste agertzen da, españolezko eskaintza zabalaren artetik. Horiek eta gutxi gehiago dira euskararen euskarriak gure herrian.
Euskararen ordezkapen prozesua arrakasta osoz burutu baitzuen Estatu espainiarrak gurean. Altsasura datorrenak, begiak itxi eta belarriak zabalduz gero, lasai asko pentsa dezake Miranda de Ebron dagoela… Ez da txantxa.
Gazte talde batek abiarazitako ekimena dugu argi-izpi bakarrenetakoa.
Bada gazte(txo) talde bat Altsasun euskara ezezik, bertoko euskalkia berreskuratzeko ekimen bat abian jarri duena. Hori da herri honetan, duela urte dexente Bierrik sortu zenetik, euskararen erabilera sustatzeko abiarazi den saiakerarik interesgarriena.
Bestela, udalaren eta mankomunitatearen berririk ez dago apenas, eta hori garbi isladatzen da liburutegian, kultur eta aisialdiko eskaintzan, edota merkataritza eta ostalaritza arloetan.
Folkloreari eusteko hamaika lan egiten dira herri honetan. Herriari izena eta izana eman dion hizkuntza aldiz, zokoratuta eta ezin burua jaso daukagu bazter batean, ikurriña, pankarta, txapela eta pintada ugarien azpian.
Altsun euskaraz taldean bildu diren gazte-gazteek, gure instituzio abertzale-abertzaleen eta herritar heldu “euskaltzaleon” laguntza eta inplikazioa ez dituzte merezi?
Abertzaleak? kar kar. Gure esku dago? jijiji. Herri borrokalaria eta alaia? zzzzzz
Bide batez,` islatu´ ez ` isladatu´ eta ` ez ezik´ ez `ezezik´. Gainontzekoak, guztiz akort, tamalez.
Gogoan izan 1978ko datuen arabera Altsasun euskaldunak % 8 baino ez zirela (ematen dituzun datuak bere testuinguru egokian jartzeko diot).
Emandako datuak bere testuinguru egokian jartze aldera: egun elebidunak %25 inguru gara Altsasun, baina erabilera hutsaren hurrengoa da tamalez.
Ulergarria da. Guztiok menperatzen dugu española euskara baino hobeto, gizarte erabat erdaldunduan bizi gara, euskara oso estigmatizatuta dago Nafarroan, gehienetan erdaldunak dauzkagu inguruan, eta abar, eta abar.
Altsasuren egoera ez da salbuespena. Altsasu asko daude Euskal Herrian. Baita Altsasu baino askoz egoera hobean egonik, euskara nekez erabiltzen den herriak ere, Bizkaian bereziki.
Bakion edo Mungialdean biziko banintz bertako egoeraz eta kontraesanez idatziko nuke. Baina Altsasun, Sakanan bizi naiz. Eta nabarmendu nahi nukeena da erakunde publikoek eta beraz, alderdi politikoek, eta beste antolamendu batzuek, sindikatuek adibidez, euskarari garrantzirik eman gabe jarraitzen badute, euskararenak egin duela.
Ikurriñak, txapelak eta diskurtso loratuak diskurtso.
Antzezpen gutxiago eta ekimen serio gehiago behar ditugula, alegia.
Edozein soziolinguistak esango dizu: % 25 elebiduna (eta, beraz, % 75 elebakarra) den komunitate batean hizkuntza entzute hutsa mirariaren hurrengoa da, non eta komunitate txiki hori oso trinkotua ez dagoen, elebakarrekin ia harremanik izan gabe, eta ez dut uste kasua hori denik. Beraz, ni ez nintzateke hain gogorra izango neure herrikideekin. Badago zereginik, eta jarrai dezagun egiten; lana beltz egin behar dugu, baina dena beltz ikusi gabe.
Salatzen dudana da sektore batzuen (eta beraz, hainbat herritarren), eta batez ere alderdi politiko jakinen diskurtsoaren eta praktikaren artean dagoen alde izugarria.
Sakanan abertzaleak daude udal guztietan eta mankomunitatean agintean hamarkada luzez, alferrik. Ez dago euskararen berreskurapenari ekiteko egitasmorik Altsasun, ezta Mankomunitatean ere, eta nik dakidala, Sakanako herri bakar batean ere ez.
Ez dago ekimenik ostalaritzan eta merkataritzan eragiteko, ez sentsibilizazio kanpaina ganorazkorik, ez kultur programazio duinik (Altsasun) euskaldunontzat. Pentsa, haurrei zuzendutako “udan euskaraz” jarduera ere, erdarazko “aisiaz blai” bilakarazi zuen aurreko udal oraingoa baino are abertzaleagoak…
Euskarari arnasa emateko ardura guztia herritarren bizkar geratzen da, babesik gabe eta norbere adorearen arabera.
Salatzen dudana da alderdien (eta alderdi horietako kide diren herritarren) inkoherentzia.
Oharra: eskertuko nizuke zure izen abizenez sinatzea, ni hala ari naizenez gero.
Nahiago dut izenordea erabili, JJ jauna.
Euskararen ordenantza berria onartu da Altsasun duela urte gutxi, euskera perfila eskatzen da lanpostu guztietan (igeltserotik hasi eta arreta zerbitzuraino, soilik zinegotziek ez dute), kale paisaia euskaratzeko pausuak eman dira, D ereduaren aldeko kanpainak urtero egiten dira, Aisiaz Blaik Udan Euskarazek zituen printzipio, balore, eskaera… berdinak ditu (begira duela urte bat sorturiko arazoa A eta B ereduekin), Mankomunitateak diru laguntza handiak ematen ditu euskalduntzeko, euskararen aldeko hainbat elkartek ere diru laguntza ederrak jasotzen dituzte bertatik… Azken 10-12 urteetan egin den guztiaren errepaso zehatz bat egin nahi izan gabe, niri nahiko ekimen “serio” iruditzen zaizkit, antzezpenetik gutxi dutenak. Gehiago egin daitekeela? Ziur baietz. Baina beltz ikusi nahi duenak, beltz ikusiko du eta gehiago eskatuko du beti. Nik dakidala udaleko euskara batzordea irekia da eta Sakanan ere martxan jarri zen Euskalgintzaren Bilgunea, talde eta norbanakoei irekia. Ziur lagundu nahi duen pertsona oro ongi etorria izango dela. lan egiteko gogoak baditu.
Bestalde, (eta soziolinguistika aldetik esan dizutena alde batera utzia), Altsasun udaletik ematen den euskararen aldeko pausu orok bertako erdalzaleen izugarrizko oposizioa aurkitzen du, herritar askorengan euskararentzat oso kaltegarria den diskurtso bat zabaldu eta hedatuz. Begira gaizki deituriko “euskaldunen errolda”rekin gertatutakoa. Ziurrenik Bilduk azken hauteskundeetan galdutako botoen % handi bat zuri hain gutxi iruditzen zaizkizun euskararen aldeko ekimenengatik izango zela. Honekin ez dut esan nahi pausuak eman behar ez direnik, edo motelagoak eman behar direla, baizik eta gauzak oso ondo pentsatuta eta egoki bideratuta egin behar direla. “Euskera = inposizioa” eskema saltzen ari dira asko eta asko, eta hegemoniko bihurtuz gero, jai dugu.
Euskararen ordenantza marko juridiko bat besterik ez da. Edukiz eta ekimenez bete behar da onartu ondotik, zeozertarako balioko badu.
Euskera perfila eskatzen da lanpostu guztietan… baina langileek euskara erabil dezaten neurriak eta baliabideak ez badira eskaintzen, jai. Altsasuko udaletxean erdaraz egiten da lan, herritarren euskarazko eskari urriei erantzuteko ez bada.
Kale paisaia euskaratzeko pausuak noiz eman ziren azkenengoz eta non gelditu dira?
D ereduaren aldeko kanpainak urtero egiten dira, Arranopola!
Aisiaz Blain, Udan Euskarazen ez bezala, haur edaldunak ere hartzen dira, ezinezko bilakatuz euskarazko jardun normalizatua.
Mankomunitateak diru laguntza handiak ematen ditu euskalduntzeko, euskararen aldeko hainbat elkartek ere diru laguntza ederrak jasotzen dituzte … Hala da, bai, guztion fatriketatik, euskara ikasle helduei, ikastolara, euskaltegira eta talde euskaltzaleei dirulaguntzak bideratzen zaizkie. Bistan da, ikusi nahi duenarentzat, hori ez dela nahikoa izan Altsasun eta Sakanan euskararen berreskurapenean urrats esanguratsuak emateko..
Izan ere, askotxo gara Altsasun eta Sakanan euskararen egoera ilun samar ikusten dugun euskaltzaleak. Euskaraz bizitzen ahalegintzen garenak izan ohi gara iritzi hori daukagunak, horietako zenbait zeure talde politikokoak.
Eskualde honetan atzo goizera arte jasan behar izan dugun guztiarekin (badakizu, putre, traidore, lotsagabe eta errudun ohiak gara batzuk…), atrebentzia iruditzen zait ezker abertzaletik “lagundu nahi duen pertsona oro ongi etorria izango dela. lan egiteko gogoak baditu” esatea, baina jakizu udal euskara batzordetik aurten jaso dudala lehenengoz bertan parte hartzeko gonbitea. Bitan jaso ere, eta bietan hartu dut parte, ekarpenak eginez. Ez dut arazorik ekimen anitz eta irekietan parte hartzeko. Azkena duela hilabete batzuk izan zen, eta ez dut batzorde horren beste berririk izan.
Bestalde, Altsasun udaletik ematen den euskararen aldeko pausu orok bertako erdalzaleen izugarrizko oposizioa aurkitzen du, bai, besteak beste, ez dagoelako euskararen aldeko diskurtso landu eta sendorik. EAJren aldetik ez, baina EHBilduren aldetik ere ez. Zer esanik ez, badirudi hizkuntzaren auzia ez doala ELA eta LABekin…
Aldiz, alderdi eta sindikatu unionistek badute hizkuntzaren gaineko diskurtso bat: supremazista, ankerra, gezurrez josia, baina sendoa. Horregatik gaude gauden bezala. Ez zaielako behar bezala erantzuten, eta ez delako euskararen aldeko mezua ganoraz eta modu antolatuan zabaltzen.
Nafarroan euskararen etorkizuna ez da Iruñean jokatzen, “erreserba baskofonoetan” baizik, eta hortik hedatu daiteke beste eremu batzuetara, hedatzekotan.
Iruñerriko eta beste eskualde erdaldundu batzuetako euskaldunetzat hil ala biziko euskarriak dira Leitzaldea, Bortziriak, Malerreka, Baztan, … edo Sakana bera.
Horietan guztietan alderdi abertzaleek botere maila handia daukazue, eta neurriko ardura. Beraz, gauzak ondo pentsatu, bai, baina batez ere, EKIN.
Eskerrik asko, Peru. Lasaitu ederra hartu dut. Baina, wait , eta Dima , eta Orozko, eta Bermeo, eta…lehendakariaren twiterra?
Bai, hori larriagoa iruditzen zait. Frankismoan jada erabat erdadaldundutako herrietan euskara gehiago ez erabiltzea tristea da, baina oso-oso larria da Frankismoan ere erdara nekez entzuten zen herrietan gaur egun, gure begien aurrean, euskara nola galtzen ari den ikustea. Eta Lehendakariarena ere guztiz salagarria, noski.
Zoritxarrez, euskaldun kontzientziatuok gure hizkuntza dela eta, berri beltz jasa batera ohitzen hasiak gara eta gure aldarriak mortuan galtzen direla ikusten dugu. Bitartean, boteretik lasai egoteko eta ezagutza gora eta gora doala dioskute, gutxi dela mucho eta abar eta abar.
Aste honetan bertan BAT aldizkarian aiar batek egindako txosten batean alarma jotzen entzun dugu berriro, Aian 100tik 65era apaldua dugu euskara 10 urtean, alegia, arnasguneak itotzen ari zaizkigula apurka-apurka. Eta bitartean gu, euskaltzaleok, horretan, ardura eta patea daukagunok badakigu zertan ari garen? Badago egitasmorik aurretik iragarritako heriotza hori gelditzeko? Ez pentsa, ez dut agonismoa batere maite, baina honek ez dauka itxura onik. Ez dute horretan esatekorik-egitekorik bizibidea hortik ateratzen dutenek? Udaletan, Euskaltzaindian, Etbn, dena delakoetan. Itxurakerietan, plantak egiten jarraitu behar dugu, ezer gertatuko ez balitz bezala? Atzera bueltarik ez duen Irlandatze erabatekora arte?
Arrazoi osoa duzu, egoera oso larria da, eta Irlandako eredurantz goaz zuzen-zuzenean (Aiakoa sinistu ezinik nago). Baina zer espero dezakezu hemen euskara dela-eta kezkatuta idazten dugunetako askok geure bizi pertsonalean ere kontsekuenteak izateko arazoak baldin baditugu? Nik hainbat aldiz proposatu diet haur txikiak dituztenei haien etxeetan oso neurri erraz eta eraginkorra aplikatzea: etxeko telebistetatik haurrentzako erdarazko kateak kentzea. Nire etxean horixe egin nuen, eta oinarrizko beste zenbait irizpide gehituta, oso emaitza onak izan genituen (haur euskaldunak, oraindik ere nerabezaroan euskara lehenesten dutenak). Ba, hemengo euskaltzale porrokatuetako batek baino gehiagok arazoak ikusten zizkion horri (“baina orduan ez dira integratuko”, “ezin izango dute haien laguntxoekin hitz egin telebistako programei buruz…”), baina, zertan ari gara, orduan, arduradun politikoei hau eta bestea eskatzen (eta eskatu behar zaizkie, noski)? Euskaltzale komentzituok ere ez badugu geure etxean neurri eraginkorrik hartzen, nork hartu behar ditu?
Euskaldun zaharrek umeak izan nahi ez edo ezin badituzte izan, akabo. Euskalduntze prozesuak ez ditu nahi izan ditugun fruituak eman, euskararen kale erabilera tasa %13an trabatu da, 22 urtean soilik 2,5 puntu igota.
Euskararen aldeko politika garrantzitsuena, batez ere euskaldun zaharren artean, jaiotze-tasa handituko duen politika da
Eta arnasguneetan etxe berri mordoa ez eginik aurretik ikusi gabe ze ondorio izango dituen herri horietan. Dirutxo goxoaren txintxinaren arrimuan batzuek ama ere salduko lukete, ezta ala, Geroa Bai?
Hori ere garrantzitsua da baina jaiotzerik ez badaude herri horiek ere hustuko dira.