Guardia Zibil gorriak

Guardia Zibil gorriak

Guardia Zibil gorriakBehin gure herrikoa ez zen parke batean nengoen nire familiako hainbat ume jolasten ari ziren bitartean, batzuetan begirale, besteetan jostari neu ere. Ezagutzen ez nuen lauzpabost urteko haur batek sekulako kasketa harrapatu zuen bere amarekin, batek daki zergatik. Negar eta buila majo egin ostean, gure sendiko txikiekin hasi zen jolasten, eta zer esaten zien entzun nuen: “gure ama batzuetan gaiztoa da, Guardia Zibila baino gaiztoagoa”.

Zer dira ba guretzako? Pasa den asteburuan senide edo laguna bisitatzera zioan jendeari pistolaz apuntatu zieten. Torturatu, lapurtu, bortxatu, hil, kontrolatu, umiliatu… “Espainia” kontzeptuak barnebiltzen duen okerrena dira, estatuaren zapalkuntza bota, estatuaren kontrol besoa. Gorrotoa diet? Bai. Nik, euskal herritar askok eta parkeko umearen amak ere. Jendarmeak Aturritik gora eta Guardia Zibilak Ebrotik behera nahi ditut, argi gera dadila; ez dezazuen beste ezer pentsa hurrengo lerroak irakurtzean.

Frankismoak babesten zituen baloreen irudi nagusia zen, eta da. Horregatik egiten da hain arraroa izenburu hau; hain zuzen ere, liburu baten titulua. Jose Luis Cervero da idazlea, eta guardia zibil ohia da. Horrek indar armatuaren artxibategietan ibiltzea erraztu dio, eta bertan topatutako informaziotik edan du liburua sortzeko.

Guardia Zibil gorriak
Puig errepublikarra aginduak ematen, goardia zibilak atzean dituela.

Horrela jakin izan dut, eta barkatu nire ezjakintasuna, Guardia Zibil osoa ez zela faxista, “txapelokerra” eta frankista ez zirela beti sinonimoak izan (ziur naizen arren Espainiaren batasunaren inguruan broma gutxi egingo zituztela).

Ahumadako Dukeak sortutako gorputz errepresiboan (beste euskaldun jator bat zerrendarako) 34.391 gizon omen zeuden estatu kolpearen egunean; sei buruzagi nagusietatik bakarrak eman omen zion sustengua Franco eta Molari. Errepublikaren alde egin zuten guardia zibilen aurkako errepresioa zinez bortitza izan zela dio egileak.

“Gernika” filmaren grabaketen harira entzun dut 36ko gerran ez zela irabazlerik egon, guztiek galdu zutela. Ez nago ados. Irabazleak egon ziren, alajaina; Guardia Zibila bera horren erakusle.

Guardia Zibil gorriak Guardia Zibil gorriak Guardia Zibil gorriak
36ko guda, Errepublika, Faxismoa, Gerra Zibila, gorriak, guardia zibila

Zer duzu buruan “Guardia Zibil gorriak”-ri buruz

  • Oxandabaratz 2016-09-19 12:41

    Bai bazeuden, edo “gorriak” edo behintzak kolpearen kontrakoak edota zalantzatiak (Kolpearen kontrako gorriak ez baitziren “gorriak”).

    Horietako batzuk Beasainen, goierriko herri hori defendatzen lagundu zutenak, herritarrekin eta EIbartik etorritako milizianoekin bat. 1936.eko uztailarne 27an herri hori altxatuek hartu zuten, eta 35 herritar hil zituzten (tartean zapi goarzia zibil).

    Beste bat Iruñeko Rodriguez Medel izan zen, Iruñeko Estatu kolpean hildako lehena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude