Aldibereko itzulpen-zerbitzuak hedatu eta eskueran jartzeko proposamena
Aldibereko itzulpen-zerbitzuak hedatu eta eskueran jartzeko proposamena –
ELArentzat, euskara gure jardunaren erdigunean izatea erabaki estrategikoa da.
Batetik, euskarak gure borroka-eremu den Euskal Herrian izaera kolektiboa errotzeko ezinbesteko elementua da; euskarak lotzen gaitu, mundu justuago baten alde Euskal Herritik borroka egin nahi dugun guztiok elkartasun soka berean; euskarak ematen digu kolektibo baten parte izatearen kontzientzia neurri handi batean. Bestetik, euskarak berezkoa du balio kontrakulturala, hegemonia neoliberalak bultzatzen duen kultura homogeneizatze prozesuan, eta klase sindikatu batek hegemonia horren aurkako baloreak hedatu behar ditu. Laburbilduz, bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko, hizkuntza kontrahegemonikoak eskaintzen dizkigun elkartasun sareak eta imajinario kolektiboak, gure jardunaren erdigunean egon behar du. Klase kontzientziak borroka sozialera lotzen gaituen moduan, euskarak borroka hori emango den lurrari lotzen gaitu.
Baina ELAren jarduna gizartean ematen da, eta gizarte honetan euskara zokoratua dago. Are gehiago, gure sindikatuak prekarietatearen aurkako borroka du negoziazio kolektiboko apustu nagusia. Bada, esparru prekarioenak aztertzen ditugunean gaztelerazko komunikazioa bera ere, erronka bihurtzen zaigu. Orain gutxi Bilboko bi Hoteletako 50 gela-garbitzaileen asanblada izan genuen: gehien-gehienak atzerritarrak ziren. ELArentzat euskararen erronka nagusia espazio horretan, gure hizkuntza euskal gizarteko partaide sentiarazteko ezinbesteko elementu bihurtzea da, euskara borroka sindikal eta sozialerako espazioarekin lotuta. Baina nola egingo dugu hurbilketa jende horrengana?
Sindikatu barruan urrats garrantzitsuak eman ditugu euskararen erabileraren alorrean. Gaur egun sindikatuan erabat liberaturik gauden pertsonen artean, euskararen ezagutza %87koa da. Hala ere, ohitura eta inertziei aurre egin behar diegu, oraindik ere ezagutza eta erabilera mailak ez daudelako parekaturik, inondik ere.
Urrats kualitatibo berriak ematea gustatuko litzaiguke. Ziur gaude, guk bezala beste hainbat gizarte eragile ere, horrelako apustuak egiteko prest direla. Lehen urrats moduan, aldibereko itzulpengintza zerbitzuak indartzea eta hedatzea oso ekarpen eraginkorra izan daiteke, eta Eusko Jaurlaritzak bezala, beste erakunde publiko batzuek ere, euskara erabiltzeko borondatea dugun eragileoi zerbitzu hori eskaintzeak, euskararen erabilera biderka dezake, eta esparru kolektiboetan euskararen erabilera egiaz eskubide bilakatzea asko erraztu dezake.
Aldibereko itzulpen-zerbitzua baliatzeko aukera izango bagenu, asko erraztuko litzateke beharrari euskaraz ekin ahal izatea, batetik, eta bestetik, euskaldunok beti eskean eta lantsu aritu behar izatetik eroso jardutera igaroko ginateke. Bilera askotan euskara erabiltzea ez litzateke arazo bihurtuko, eta gainera, benetan uste dugu euskararen erabilera normalizatzeko bidean jauzi handia izan litekeela zerbitzu hori publifikatzea eta orokortzea, gizartean ondo txertatuta gauden erakunde eta elkarteei euskararen erabilera asko hedatzeko aukera emango bailiguke.
Pentsa zer-nolako aukerak zabalduko liratekeen Jaurlaritzan, Foru Aldundietan, edota udal eta mankomunitateetan aldibereko itzulpen-zerbitzuak abian jarrita, dela erakundeon beharretarako, dela herriz herriko ikastetxeen, dela era guztietako elkarteen beharretarako!
Aldibereko itzulpen zerbitzu publiko doakoak indartuta eta hedatuta, asko erraztuko litzateke sindikatu eta bestelako erakunde euskaltzaleon jarduna, euskararen erabilera normalizatzeko bidean urrats esanguratsuak eman ahal izatea ahalbidetuz; areago, lan-munduan (eta beraz gizartean) eragiteko daukagun gaitasuna aintzat hartuta, eragina sindikatuotatik haratago zabalduko litzateke.
Oro har, euskaldun ororen hizkuntza eskubideak egun baino askoz neurri handiagoan errespetatuko lirateke bidenabar. Gogora datozkigu ere, ikastetxeetako guraso-bilerak, kirol elkarteetako bazkideenak, era guztietako erakunde eta elkarteen batzarrak…
Oso proposamen interesgarria.
Gure ikastolan beti iazten dira arazoak bileretan hizkuntza gorabehera. Oso ondo legoke itzulpen zerbitzu bat holakoetarako.
Aldibereko itzulpenak, gauzak erraztu egiten ditu baina ez ote du arazoaren konponbidea atzeratzen besterik gabe, arazoa estaltzen eta euskara ikasteko arrazoi bat gutxiago. Aldibereko itzulpenik ez genuelako ikasi genuen española, ez ahaztu!
Itzulpengintza ez litzateke betikotzen den tresna bat izan behar, baina egungo egoeran urrats kualitatibo handiak emateko aukera emango luke. Eta arazoa estali baino, arazoa azaleratzen lagunduko luke, euskaldunon errealitatea bisibilizatzen, euskaldunak erdaraz aritzen diren hainbat esparrutan euskara erdigunera ekartzeko aukera emango luke eta. Edonola, erabaki estrategikoak ezagutzaren unibertsalizazioa, merkatu ekonomian hizkuntzen erabileraren arautzea, komunikabideak, hezkuntza, espazio informaletan euskara erregistroak lantzea… izan beharko lirateke.
Arazoaren konponbidea atzeratu barik, azkartu edo behinik behin, “konpontzeko bidean” egingo luke. Izan ere, egun “arazoa” euskaldunok jasaten dugu, bileren %99,9 españolez / frantsesez egiten baitira.
Aski izan ohi da erdaldun bat egotea bilera batean, dena edo ia dena erdaraz egin dadin. Erdaldunak dira jaun eta jabe eta euskaldunak erabat menpeko.
Gauzak horrela, erdaldunek ez dute euskara ikasteko inongo beharrik sumatzen, eta istilua gure artean, euskaldunon artean sortzen da gehienetan gainera, euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duten “extremisten” eta erdaldunak ezertarako ez molestatzeaz arduratzen diren “moderatuen” artean.
Bada garaia egoera kafkiar eta triste hau iraularazteko. Bada garaia, erdaldunek euskaraz ez jakitearen eragozpenak ikus ditzaten behingoz.
Bai Pello, arrazoi duzu gauza askotan. Gertutik ikusi ahal izan dut berehalako itzulpenarekin gertatzen dena eta gustoko dudan gauza bat gertatzen da: asanblada bat hastera doa eta nahi duenak berehalako itzulpenentzako gailuak eskatzeko aukera du, eta horrelakoetan ikusi izan dut, gailua eskatzera joaten direnak deseroso sentitzen direla, oso deseroso. Nik ez dakit bakoitzak bere baitan zer pentsatzen duen baina nik uste dut gehiengo zabal batek negatiboki erreakzionatzen duela, bitxo arraro bezala sentitzen direlako. Gero, beste gutxi batzuk beharbada euskara ikasteko beharra eta hurrengo asanbladan aurikularrak eskatzeko lotsatik salbatzeko euskara ikasteko asmoa izango dutela pentsatzen dut. Gero nabaritu izan dut baita, euskaldun berri-berriek, aurikularrak eskatu gabe, aurikularrak eskatzen dituztenei goitik begiratzen diela harro-harro. Guzti hau ez da nire asmakizuna, nik ikusi egin dut nire begiekin. Beraz, bai, bilera euskaraz izatea eta besteentzat itzulpenaren kontua ondo dago sortzen dituen ezinegonengatik eta ezinegonek bultzatzen dute jendea konponbidea jartzera. Berehalako itzulpenen arriskua gehiago ikusten dut adibidez, Google eta horrelako enpresek esatzen dutenean hemendik gutxira telefonorako eta kalean beste pertsona batzurekin hitz egiterakoan berehalako itzulpena ahalbidetuko dituzten gailuak izango dituztela. Horrek bai sortzen dit kezka. Horrelako albiste bat irakurri nuenean pentsatu nuen “akabo hizkuntzak!”. Kasu horretan “akabo hizkuntzak” izango litzateke eta ez “akabo euskara”.
Erakunde publikoetan agintean daudenak euskararekiko gutxieneko interesik badute, korrika eta presaka abiaraziko dute proposatzen ari zaretena.
Jaso duzue erantzunik?
Oraindik ez Dagoberto erantzunik
Ez dut ulertzen. Nola da posible Jaurlaritzak ez erantzutea horrelako proposamen bati?
Enbidoa onartu eta ekimen horren buru jarri beharko lirateke.
Espero dut laster gertatzea. Denontzako da ona.
Zenbateko dirutza kostatuko litzaiguke “belarri prest” izan nahi ez duten elebakar alferrei horrelako zerbitzua eskaintzea? Dirutza hori euskara bultzatzeko modu eraginkorragoan erabiltzerik ez ote dago?
Nik uste dut oso-oso ondo inbertitutako “dirutza” izango litzatekeela.
Euskaraz egingo liratekeelako orain baino asko eta asko bilera gehiago.
Euskaldunak bazterrean egotetik, lehen lerroan egotera igaroko liratekeelako.
Erdaldunak erabat jaun eta jabe izatetik, euren gabeziaren jakitun izatera igaroko liratekeelako.
Eta bidenabar, egun oso azpierabilita dauden hainbat zerbitzuri zukua aterako litzaiekeelako.
Iruditzen zait oso neurri eraginkorra izan daitekeela. Oso inbertsio ona.
Oso neurri beharrezkoa. Ezin dugu gauden moduan jarraitu, ikastetxeetan eta leku guztietan bilerak erderaz egiten nahiz eta gehienak euskaldunak izan. Erdaldunak nagusi eta euskaldunak menpeko. Nola onartzen dugu egoera hau? Aurrera proposamen horrekin eta zorionak.