‘Aldatu Gidoia Euskararen alde’ kanpaina abiatu dute, EITBk euskara erdigunean jar dezan
Aldatu Gidoia Euskararen alde kanpainak elkartu ditu arlo anitzeko Euskal Herriko hainbat eragile, Lakuako gobernuari kultura eta ikus-entzunezkoen politikak errotik aldatzeko, euskara erdigunean jartzeko eta euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen eskaintza duin, zabal, erakargarri eta eguneratua urgentziaz osatu dezaten eskatzeko.
Gasteizen egindako agerraldi arrakastatsuan aurkeztu zuten larunbatean eskaera horrekin lotutako ekimena. EITBk azken urteetan hartu duen norabidearekin arduratuta agertu dira bertan parte-hartu duten ordezkariak, bai eta aldarria babestu duten gainerako eragileak ere: “Ukaezina da kulturak herri kohesiorako duen garrantzia. Eztabaidaezina ikus-entzunezkoek iruditeria kolektiboa sortzeko eta hizkuntza normalizatzeko duten garrantzia. Hala, kezkaz ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak ez duela euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen alde behar beste egiten. Jaurlaritzaren ikus-entzunezkoetako politikek euskara zokoratzea ekarri dute, euskaldunon hizkuntzak eskubideak ez direlarik bermatzen”.
Era berean, Euskal Irrati-Telebista publikoak sorrerako helburuak baztertu dituenaren kezka agertu dute: “Espainiar markoa gailendu da guztiz. Ondorioz, gaztelerak eta gaztelerazko telebista-irratiek hartu dute erreferentzialtasuna eta prestigioa euskaldunon artean eta gizartean, euskara eta euskarazko telebista eta irratiak bigarren mailan edo bazterrean geratu direlarik”. Sinatzaileen aburuz, “hanka-sartze larria” da hori hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik; “Hizkuntzarentzat zerbait estrategikorik bada, Euskal Telebista Indartsua izatea da”.
Bada, horrela sinetsita, euskararen eta euskaldunen hizkuntza eskubideen alde «gidoia aldatu» eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza «zabal, duin, eguneratu eta erakargarria» osatzeko deia luzatu diote Eusko Jaurlaritzari. Hainbat puntu biltzen ditu eskariak:
- Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5a euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea. Ehuneko horretako bi heren euskaraz ekoitzitako lanak finantzatzeko diru-laguntza lerro propioa sortzera bideratzea litzateke ideia, eta gainerako herena zinema eta plataformetarako edukiak euskarara bikoizteko diru-laguntza lerroa sortzera.
- EITBk Euskal Herriko zazpi lurraldeak aintzat har ditzala, honen aurrekontuaren %75 euskarazko eduki eta programetara bideratzea eta eduki guztiak euskara bikoiztuta edo azpidatzita ematea ere eskatu diote.
- Diru publikoz finantzatutako euskarazko bikoizketa/ azpidatzi guztiak egokitu eta plataformetara helaraztea, Espainiako Estatuko Ikus-entzunezko Legeak agintzen duen bezala.
- Inklusioaren eta hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik, azpidatzien erabilera-politikak diseinatu eta erabilera orokortzea.
- Zineman eta plataformetako euskarazko estreinaldiak iraunkorki promozionatzea. Oro har, euskaraz sortu, bikoiztu eta azpidatzitako lanen ondare publikoa babestea, zaintzea eta hedatzea.
- EITBn euskarazko kulturari eta sortzaileei lehentasunezko tokia egitea, gutxieneko kuotak ezarriaz.
- Bideojokoen industriako ehun asoziatiboarekin eta enpresarialarekin harremanak sortzea eta lan egitea.
.
Mobilizazio masiborako deia
Bada, eskakizun honen bueltan elkartu dira arlo anitzeko Euskal Herriko hogeita hamar eragiletik gora. Iragan larunbatean, irailaren 9an, Gasteizen, Legebiltzarraren aurrean egindako aurkezpen-ekitaldian eman zuten Aldatu Gidoia Euskararen alde kanpainaren berri, euskara eta euskarazko kultura erdigunean jarriko dituzten politiken alde “masa kritiko sendo bat” artikulatzeko helburua dutela azaldu zuten eta datozen hilabeteetarako jarduna izango dutenaren ardatzak iragarri zituzten ere.
Batetik, alderdi politikoekin eta Gasteizko Gobernuarekin biltzeko ahalegina egingo dutela, eta horiek aurrera eramaten dituzten kultura politiketan eta aurrekontuetan euren eskariak aintzat hartzeko eskatuko diete. Bestetik, Euskal Herriko gizarte eragile eta norbanakoekin bilkurak egin eta Change.org plataformaren bidez sinadura bilketa bat abiatuko dutela azaldu dute, egitasmoaren aldeko babes berriak bilatu asmoz.
Kanpainari amaiera manifestazio batekin emango zaio, 2024ko maiatzaren 18an. 17.30ean irtengo da martxa Gasteizko Gobernuaren Lakuako egoitzatik, eta euskara eta euskarazko kultura oinarri izango dituen EITB baten alde egin dezala eskatuko diote Jaurlaritzari.
Jarraian ikus dezakezue aurkezpenak emandakoa:
Adierazten duzuenarekin erabat ados nago eta horixe adierazi nahi dut.
Zorionak hartu duzuen ekimenagatik.
Euskara lehenestea EITBn, euskal produkzioak bultzatuz eta gainerakoak euskarara itzuliz eta, dagokienean, azpidatziz.