Aldaketa behingoz!

Aldaketa behingoz! –

“Gu nafarrak gara ala ez gara? Jakina bagarela! Eta orduan, zergatik tratatzen gaituzte ezberdin?” galdetu zuen hizlariak, behingoz euskara Nafarroa osoan ofizial izendatzea eskatzeko Iruñean egindako mobilizazioaren amaieran. Horixe da kontua.

Aldaketa behingoz!

Nafarroa zatituta dago hizkuntza lege bidegabe baten erruz. Lege horrek bereizkeria sustatzen du, pertsonak klasifikatuz eta kategorizatuz, hizkuntza eskubideak osorik aitortuta dituzten herritarren eta mugatuta dituztenen artean. Euskaldunak galdu edo irabazi egiten ditu hizkuntza eskubideak bere lurraldean ibili ahala! Zatiketa maltzur horrek bizimodua zailtzen die pertsonei, tentsioak eragiten ditu eta ukatu egiten du euskararen bidez Nafarroa josteko aukera. Gainera, ez du euskararen garapena ahalbidetu, ez baita dinamikoa, ez da gizartearen euskalduntzearekin batera eguneratu.

Azpimarratzekoa da ere lege hori, anakronismo surrealista bat izateaz gainera, erabat lotua dagoela agintekeriaz jardun duen eta Nafarroa gainerako euskal lurraldeengandik bereizteko asmoz urtetan agindu duen erregimenari.

Gauzak horrela, Nafarroan aldaketa politikoa babesten duten alderdiei dagokie irtenbidea ematea egoera bidegabe honi; orain da momentua! Euskaraz bizitzeko ilusioa eta helburu hori lortzeko gogoa bizi-bizi daude nafar gizartean. Hain zuzen, euskaraz bizitzeko herri gogo hori ere izan zen 2015ean gertatutako aldaketa politikoaren eragileetako bat.

Horregatik, euskara Nafarroa osoan hizkuntza ofizial izendatzea dagokie alderdiei, benetako aldaketa eraginez, euskaldunoi justizia eta demokrazia eskaintzeko, eta nafarren artean batasuna eta berdintasuna lortzeko; ez gehiago ezta gutxiago ere.

Aldaketa behingoz!

Kontseiluko kidea