Ahobizi edo Belarriprest izatea jarrera kontua da
Ahobizi edo Belarriprest izatea jarrera kontua da –
Irailaren 20an Euskaraldiaren izen-ematea zabaldu zen Euskal Herrian. Jolasean parte hartzeko Ahobizi eta Belarriprest figuren artean aukeratu behar dugu. Rolak ondo bereizita daude: Ahobiziek euskaldun guztiekin euskaraz egin behar dute, eta ezezagunekin lehen berba behintzat, eta Belarriprestek haiei euskaraz egitera gonbidatzen dute.
Ezinbestean, bereizketa gaitasunarekin lotu da. Badirudi euskaraz ondo egiten duenak ahoa eraman behar duela soinean eta ozta-ozta darabilenak belarria. Bada, ez, hizkuntza-jarrerak bereizten dituelako bi figurak. Ahobiziak, derrigorrean, egin behar dio euskaldunari euskaraz. Beti, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, 24 orduz egunean, eta beste hizkuntza batean erantzuten dioten arren. Ez badu bere burua prest ikusten, hobe du Belarriprest txapa hartzea, hori baita aukera onena.
Baten batek esan lezake elitismoa sustatzen ari naizela, lehen eta bigarren mailako konpromisoak baleude bezala. Erratuta legoke. Ahobizia ez litzateke posible izango Belarripresta ez balego: batak belarriak behar ditu inguruan eta besteak bereak eskaintzen dizkio. Era berean, bietako batek erdara erabil dezaken arren, euskaraz bizi daiteke lasai askoan, Euskaraldia hizkuntza-ohiturak hobetzeko gonbidapen argia baita.
Euskaraldiaren helburua bada euskararen erabilera igotzea, onena da errazenetik zailenera egitea. Norberak daki zenbaterainoko konpromisoa har dezakeen hizkuntza-ohiturak aldatu nahi baditu. Horregatik, funtsezkoa da Ahobizi eta Belarripresten arteko ezberdintasunak behin eta berriz azaltzea eta bi figuren garrantzia azpimarratzea. Bestela, jolasa frustrazio iturri bilaka daiteke.