Gerran gaudenez, gerra emango dugu

Gerran gaudenez, gerra emango dugu –

Malen Aldalurrek, Klitto agerkarian.

Indarkeria matxistari dagokionez iraila beltza izan dela irakurri dugu leku bat baino gehiagotan. Hilabete bakarrean 9 emakume eta bi ume erail ditu indarkeria matxistak Espainiako Estatuan. Guzti hau, udarako erasoen uholdearen ostean etorri da. Bateko eta besteko herriko jaietan eta handik kanpo egondako bortxa eta ukitu salaketen biharamunetan.

Gerran gaudenez, gerra emango duguHiri eta herrietako plazetan pankarta atzera bildu dira milaka herritar Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak egindako deialdietan. Irakurri dituzte behin eta berriz patriarkatua madarikatu eta gerran gaudela gogorarazten duten manifestuak; oihukatu dute “ni una menos”, “eraso sexistarik ez” eta “autodefentsa feminista”. Goizean esnatu eta albisteak irakurtzean gorputza kanpo eta barru okupatu digun amorrua azaleratu dugu deiadar bihurtuta, eta 15 minutu beranduago txalo zaparrada batekin urtu da. Bihar berriro han egongo gara.

Pilar Llop Espainiako Estatuko genero indarkeriako delegatuak Espainiako egunkari batean zioen 55 emakumek jasotzen dituztela tratu txarrak orduko Espainian. Urtea bukatzeko hiru hilabete geratzen zaizkigun honetan indarkeria matxistak jada 6 hildako utzi ditu Euskal Herrian. Bake garaiez hainbeste hitz egiten dugun honetan, terrorismo batzuek oso bizirik diraute. Bitartean, hainbat mandatarik “indibiduo inpresentabletzat” dituzte erasotzaileak beraien diskurtsoetan, arazoa estrukturala dela aitortzeari muzin eginda.  Pankartaren atzean jarrita, baina arazoari aurre hartzeko baliabide gutxiegirekin.

Aspertu gara elkarretaratzeez; salaketen osteko zurrumurru matxistak eraitsi beharrez; jaietan, ilunetan, gauetan, hirietan defentsa egoeran egoteaz. Hil egiten gaituzte, bortxatu, baimenik gabe ukitu, gure espazioak inbaditu, eta ez zaie inporta. Hilabete batean 9 gizonezko akatu izan balituzte, 9 dentista, 9 abokatu, 9 basurero, beste edozein bederatzi, Espainain, ez litzateke bera izango. Euskal Herrian bederatzi hilabetean 6 kazetari, 6 abokatu, 6 mediku, 6 irakasle hil izan balituzte, ez ginateke egoera berean egongo. Gizonak euren artean hiltzeari deitu izan zaio urte luzez gerra, baina hauek elkar hiltzeari uzten diotenean ere gerran jarraitzen dugu/dute beste gorputz batzuk.

Elkarretaratzeak egiten jarraituko dugu pankarten atzean, baina aurrera ateratzeko ere prest gaude. Grebara joango gara eta egun batez geratuko dugu herria, baina abiadura hartzeko. Hartuko ditugu kaleak eta sareak. Patriarkatuaren arrakaletatik ihes egingo dugu barrutik eta kanpotik suntsitzeko. Gerran gaudenez, gerra emango dugu.

Gerran gaudenez, gerra emango dugu Gerran gaudenez, gerra emango dugu

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.