Ager
Ager –
Kasualitatez (edo) uda luze honetan (urrira arte luzatzen ari den uda honetan) sarritan izan naiz Agerrean: Abartzuza, Antzin, Ablitas, Arketas eta Mendigorrian izan naiz (Murieta, Lizarra, Gares eta abarretik ere pasatu gara).
Eta Agerren ere badago mugimendu euskaltzalerik. Agerraldia du izena eta hainbat gauza antolatzen dituzte. Euskaltzaleen topaketak, euskararen egunak, herri lasterketak (Santxikorrota mundiala izan zen), kale izenak euskalduntzeko dinamikak (Sartagudan, Uxuen edo Lodosan), euskara planak Errigorako ekoizle diren 23 enpresetan, Union Tutera futbol taldea, euskara ikasleentzako bekak, ikastola eta D ereduko ikastetxeentzako diruak … eta abar antolatu dituzte urte hauetan (2021ean abiatu ziren). Agian, akaso, esanguratsuena hauxe da: Agerreko zonan hainbat ludoteka jarri dituzte martxan (24 jolasteka 2023an 17 herritan, Abartzuza, Allo, Andosilla, Antzin, Azkoien, Berbintzana, Garinoain, Kastejon, Larraga, Mendigorria, Oteiza, Puiu, Sartaguda, Sesma, Tafalla, Viana eta Zarrakaztelun, eta 233 ume). Eta hurrengo astean hasiko da Errigorako Gabonetako kanpaina.
Epika behar dugula entzun dut askotan. Errigora epika da, Agerraldia epika da, Plazara epika da (askotan epikaren aitzakiapean erromantizatzen ditugu kontuak, prekarietatea dena epika bihurtuz, baina tira), baina Bizkaian edo Araban edo Gipuzkoan ere epika behar dugu. Eta honek guztiak beste behin esplikatzen digu zer garrantzitsua zaigun euskararen aldeko mugimendu egituratu eta indartsu bat izatea. Geure esku ere gauza asko daudelako. Agerren ere.
Ager