Familia-eskubidea eta hezkuntza

Familia-eskubidea eta hezkuntza –

Lerroburua irakurrita baten batek pentsa lezake idazki honen helburua ikastetxea aukeratzeko familien balizko eskubidea sostengatzea dela. Ez da hori asmoa, ezta urrundik ere.

Familia-eskubidea eta hezkuntza
Arg: sweetlouise

Zenbaitentzat hori oinarrizko eskubidea omen da, baina denona eta denontzako hezkuntza publikoa aldarrikatzen dugunontzat diskurtso horrek pribilegio batzuei eusteko baino ez du balio.

Zer da gizarte batean aldarrikatu behar duguna? Osasun sistema, zaintza, hezkuntza… publikoa, unibertsala, kalitatekoa… Azken hilabeteotan zaurgarritasun indizea aitzakia hartuta, hainbat ikasleri hezkuntza publikorako sarbidea ukatu zaie. Argudioa ez da izan zegokion ikastetxe publikoa beterik zegoela, arrazoia izan da ikastetxe horrek dagoeneko bazuela administrazioak ezarri duen zaurgarri kopurua beteta.

Gure administrazioa kezkatzen hasia da segregazioarekin ikasle falta dugun sasoi honetan, denontzako “bezerorik” ez dagoen urte hauetan. Beraz, agian kezka iturria ez da gure hezkuntza sistemak bizi duen segregazio maila baizik eta jaiotze tasa baxuaren ondorioak.

Eusko Legebiltzarreko parlamentariak zein bestelako arduradunak Catalunyara joan ziren segregazioari aurre egiteko argitasun bila eta han antza, erantzunak topatu. Eta horren ondorioa izan da zenbait ikasle baztertuak izatea hezkuntza sistema publikotik.

Zaurgarritasun indizea inkesta baten bitartez eskuratzen du administrazioak, beraz inkesta batek zaurgarri bihurtu ahal du familia bat eta oinarrizko eskubidea, hezkuntza publikoa, ukatu. Formula zaharra: apartheida, bazterkeria, administrazioak zaurgarriaren lekuan , baliabide gutxi duenaren lekuan erabaki zer komeni zaion. Hertzainak taldeak, Christian Mooreren No time for love abestiaren bertsioan ezinhobeto azaltzen zuen: horien legeak guretzat apartheid… gure eskualdeko zenbait familiak horrela bizi izan dute hezkuntza publikoan ikasi nahi eta ezin.

2021etik ikusi ahal izan dugu hezkuntza lege berriak izan duen ibilbidea, hasieratik adostasunera heldu ziren legebiltzarreko talde nagusiak. Lege hau ez da behetik gora eratu, kontrakoa, zenbait alderdiren artean sukaldatu ziren lege berrirako oinarriak eta partehartzearen berniza eman nahi izan diote.

Sasipartehartze prozesu honetan eusko ikaskuntzaren laguntza ere izan zuten, aniztasuna eta partehartze prozesua islatu nahian, baina hasierako gidoitik atera barik. Hasieratik hezkuntza publikoaren komunitateak desadostasun osoa azaldu du, manifestazio jendetsuak ,zenbait forotan euren desadostasuna adierazi dute eta ekarpenak egin dituzte EHIGEk (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen elkartea), HEIZEk (Euskal Eskola Publikoaren zuzendaritzaren elkarteen federazioa), Eskola Publikoaren aldeko plataformek… baina interes handiak daude lege honekin aurrera egiteko, ikusi besterik ez itunpeko ikastetxeen patronalen presa lege hau ateratzeko.

Urriaren 18an, EHIGEko presidenteak hezkuntza publikoaren komunitatearen iritzia eman zuen BERRIA egunkarian: “Euskal Eskola Publikoaren alde eta Hezkuntza Legearen aurka, kalera

Laburbilduz, gela itxi batean sukaldatu denak aurrera egingo du, erromeria honetan EAJ dantza bikotea aldatuz badabil ere.

Lerroburura itzulita, “Derecho de familia” argentinar filman (2006) bikote batean batak besteari horrela diotso: “zer egiten dugu gure semea Suitzar ikastetxe batera eramaten? Nire arbasoak poloniarrak izanda eta zureak espainiarrak”. Errealitateak fikzioa gainditu ohi du eta horixe gertatuko da gure artean, familia batek eskola publikoan seme/alaba hezi nahi eta suitzar ikastetxe batean edo kristau eskola batean edo… Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak denak berdintzen ditu eta.

Bertsolariak abestu bezala, batzutan aldapa dator bizitza ez da ordeka, horregatik bide malkartsu eta errebueltaz beteriko honetan ez dugu etsiko eta hurrengo hitzordua datorren urriaren 29an izango dugu donostian, eguerdiko 12:30ean Boulevarretik abiatuko den manifestazioan “Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege Honi EZ!” lelopean.

Familia-eskubidea eta hezkuntza Familia-eskubidea eta hezkuntza

Eskola Publikoko irakaslea eta gurasoa

2 pentsamendu “Familia-eskubidea eta hezkuntza”-ri buruz

  • Neronen iritzia arront kontrakoa duzu. Ez al dira ikasle guztiak sare osoan barrena sakabanatu behar gerttorik ez sortzeko? Bestalde, Eskola Publiko Euskalduna, ez da hala? Eta bidenabar, geronen erakunde, Eusko Ikaskuntza, eta leku izenak, Donostia esate baterako, hizki larriz idazten dira, eta Bulebarra euskaraz. Más español que un botijo.

  • Eta aipuak egiten direnean ” erabiltzen dira. ” No time for love”, konparaziorako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude