AEK-KORRIKAk Ibilbideari Elkar saria jaso du

AEK-KORRIKAk Ibilbideari Elkar saria jaso du –

AEK-KORRIKAren ordezkariek Ibilbideari Elkar saria jaso dute gaur, Elkar Fundazioko lehendakari Joxemari Sors Bagüesen eta idazkari Jon Jaka Auzmendiren eskutik. Horrela eskertu eta goraipatu du Fundazioak AEK-KORRIKAk egindako lana; aldi berean, “saria bide beretik jarraitzeko akuilu” izatea espero duela adierazi du.

AEK-KORRIKAk Ibilbideari Elkar saria jaso du

Saria AEK-KORRIKAri zergatik eman dioten azaldu du Jaka Auzmendik, AEKren sorrera Frankismoaren garaian sortu zen euskararen aldeko aldeko mugimendu zabalaren ondorioetako bat izan zela gogoratuz: “Baldintza zailetan, eta ia hutsetik abiatuta, heldu euskaldunak alfabetatzeko eta euskalduntzeko herriz herri sortu ziren gau eskolak koordinatzeko antolatu zen AEK, 70eko hamarkadan, Euskal Herri zabaleko gau eskolak eta euskaltegiak bilduz bere barne”. Halaber, baieztatu du AEKk “instituzioen behar bezalakoa ezagutzarik gabe” aritu behar izan zuela 80ko eta 90eko hamarkadetan: “Lan baldintza egokien gabeziari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zion AEKk, bere xedea lortzeko ahaleginari uko egin gabe”.

KORRIKAri ere egin dio aipamena Jaka Auzmendik: “Milaka lagun euskaldundu da AEKko euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu da euskarara eta euskararen aldeko ekimenera AEKren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen KORRIKAren eskutik. Ekarpen handia egiten dio, ez bakarrik helduen euskalduntzeari, baita euskararen normalizazioari ere”. Hala, Korrikaren “indar handiko irudia” azpimarratu du Elkar Fundazioak: “Era guztietako jendea elkarrekin ari da korrika, eta lekukoa eskuz esku pasatzen doa. Irudi horren bidez erakusten da euskaren normalizazioak denon beharra duela, denon artean elkarrengandik hartuz eta elkarri emanez lortuko dugula Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz bizitzea. Hori da AEKren lanak urteotan erakutsi duena, euskararen normalizazioa ezin baita sinplifikatu eta mugatu haurren eremura”.

AEKren eta KORRIKAren izenean, Artezkaritza Kontseiluko Aize Otaño Lizarradek eta KORRIKAren koordinatzaile Ane Elordi Alburquerquek hartu dute hitza, hurrenez hurren. Biek ala biek eskertu dute saria, “euskara eta euskal kulturaren garapena” helburu dutenen eskutik jasotzea“ ohore izugarria” dela adieraziz. Era berean, eskerrak eman dizkiete “AEKren sorreratik erakundean izan diren kide, euskalgintzako bidelagun, eragile, norbanako euskaltzale, ikasle eta gainerako guztiei, eurak guztiak gabe AEKrik ez litzatekeelako. Sari hau guztiona da: izan zirenena, garenona eta izango direnena”. Bestalde, Elordik gaineratu duenez, “denok egiten dugu KORRIKA, denok gara KORRIKA. Ezin jakin zenbat eskuk besarkatu duten lekukoa euskararen alde, baina ehunka mila izan dira, seguru. Eta den-denek egin dute hizkuntza berreskuratzearen aldeko hautua”. “Orain arteko bidetik” jarraituko dutela erantsi du, euskararen aldeko kontzientzia suspertzen: “Sari honek bide hori urratzeko indar handiagoa ematen digu”.

Elkar argitaletxearen Adunako egoitzan egin den sari-emate ekitaldi berean jaso du Joseba Jaka Beka Josu Goikoetxea idazleak. Poesia irakurraldi musikatuarekin amaitu da ospakizuna, Oihane Jaka eta Xabier Zeberioren eskutik.

AEK-KORRIKAk Ibilbideari Elkar saria jaso du  AEK-KORRIKAk Ibilbideari Elkar saria jaso du

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude