Abuztua

Abuztua –

Lander Arretxeak BERRIAn.


Uztaila telebistaren desertua bada, Marte da abuztua. Desertuan badira nola edo hala bizirauten duten landare eta animaliak —Frantziako Tourra edo entzierroak, besteak beste—, antzeman daiteke mundu oparoagoak ere izan zirela noizbait han. Marten, aldiz, ez dirudi sekula bizitzarik izan denik, eta bisitaririk ez duenez, inor gutxik deskriba dezake. Urruneko planetekin bezala, hala kontatzen digutelako dakigu abuztuan telebista badela izan. Ikusi, nork bere begiekin, ia inork ez du ikusi. Egunkariak berdin: argaldu egiten dira urteko zortzigarren hilabetean; eta guk, horri eskerrak, begiak pantailatik altxa eta atsedena hartuko dugu.

Abuztua
Arg: With Associates

Baina abuztua ez da iritsi oraindik. Eta horren partez, berri onak ailegatu zaizkigu uztaileko azken egunetan. Bake pixka bat emango dizuegula eskertzeko behar bada; edo kontrara, gogorarazteko, 2022an —bere etengabeko aldaketa eta joera berri berriekin— telebista badela borroka esparru oraindik: euskararentzat eta baita denon hizketagaiak eta iritziak zeintzuk izango diren ebazteko ere. Berri onak, nioen: ospatzekoa baita (behingoz) Interneteko plataforma handiek euren edukia euskarara bikoizteko pausoa ematea. Pantailak Euskaraz txapelpean eta handik kanpo, dozenaka lagunek egin dute borroka hori horrela izan dadin. Amazonen The Ring of the Power eta Netflixeko Super Giant Robot Brother izango dira lehentsuenak. Eta atzetik beste asko etor daitezke.

Etorkizunari baikor samar begiratuta —probatzeko, ez dago gaizki— erronka berri bezain interesgarriak jo daitezke begiz: nazioarteko ekoizpenak bikoizteko joera egonkortzen bada, bikoiztaileen sektorea berpiztu eta sendotuko da datozen urteetan, batetik. Eta bestetik, euskaraz sortzen den telebistako fikzioak bere fokua egokitu beharko du. Jada ez da nahikoa izango munduan barrena arrakastatsuak diren joerak euskarara ekartzea. Tokikotasuna edukian edo begiradan islatzen den lanak sortu beharko dituzte bertakoon arreta irabazteko. Marteri begira jarri eta igarle lan baikorrak eginda utziko dut pixka batean txoko hau. Bai behintzat, irailera arte. Telebistari itsatsita egotea hautatzen baduzu, Vikingak saio berriak bere bidea jarraituko du abuztuan. Baina aukeran, pantailak alboratzeko moduko abuztua opa dizut zuri ere.

Abuztua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude