Menpekotasunetik ez dago euskara berreskuratzerik

Menpekotasunetik ez dago euskara berreskuratzerik –

Menpekotasunetik ez dago euskara berreskuratzerikAzkenaurreko pasartea Zizur Nagusian jazo da (Alkatea Geroa Baikoa, EHBilduren babesarekin). 2021eko apirilean, udalak ez zuen euskara jakitea baloratu atezainen bi zerrendetako bat eratzeko deialdian, Zizurko euskararen ordenantzari muzin eginez. Herritar batek errekurtsoa jarri zuen orduan Nafarroako Administrazio Auzitegian (NAA), eta honek arrazoia eman zion, euskarari % 10eko balioa eman behar zitzaiola ebatziz, lanpostuok jendearekin harreman zuzena dutelako. Baina, Zizur Nagusiko Udalak, Geroa Bairen, EH Bilduren eta PSNren aldeko botoekin, errekurtsoa jarri du ebazpenaren aurka! Aurretik, 2021ean, NAAk Zizurko udaleko idazkari edota gazteria arloko teknikari izateko, euskara jakiiteko baldintza ezetsi zuela jakitea komeni da (ez da epaitegi euskaltzalea presezki).

Esan gabe doa, espainar estatu osoan bezala, lanpostu guztietarako gazteleraz jakitea derrigorrezkoa dela, deialdietan aipatzen ez bada ere. Ez gara gauza espainieraren derrigortasuna inon auzitan jartzeko, baina gehiegizkoa iruditzen zaigu atezain izateko euskara %10arekin saritzea! Gizagaixoak…
Nafarroan egoera lazgarria da, Iparraldean hil ala bizikoa, baina EAEn be ez da batere ona, menpekotasun zantzuak oso agerikoak dira “Euskadi” lepatuan ere.

EiTBren adibidea oso esanguratsua da.
EAEko agintariek erdarazko kateen aldeko apustu sendoa egin dute, euskarazkoen kaltetan. Nabari da irratietan, baina oso agerikoa da telebistan. Urte luzeak dira, ETB1eko ikusleria %2 inguruan dabilela, saio duin batzuen artean, betegarri asko eta saio iraingarriak ere programatzen dituztelako batik bat. Ikusleria maila hori espainierazko ETB2 katean izan balitz aspaldi ziren kalean arduradunak, baina menpekotasuna hezurretaraino sarturik, ez dago egoera iraularazteko pultsurik antza, telebistak eta irratiek (des)euskalduntzean sekulako eragina izaten jaraitzen duten arren: Euskal Herriko biztanleriaren %98 inguruk erdaraz kontsumitzen du telebista, hiru bat orduz egunean batez beste, baina ez dirudi inor gehiegi kezkatzen denik horregatik. Harrigarri samarra bada…

.

Lanbide Heziketan, euskara paroan

Goiburu egokia aukeratu zuen Mikel Basabek Lanbide-heziketaren anabasa laburbiltzeko, iaz berrian argitaratutako artikuluan. Izan ere, 2021/22 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketan matrikulatutako 4.669 ikasleetatik, soilik %1.5ek ikasi zuten D ereduan, %8k “B” ereduan eta ia %91k “A” ereduan.

Erdi Mailako Lanbide Heziketako 16.139 ikasleetatik, %23k ikasi zuten D ereduan, %26k “B” ereduan eta %51k “A” ereduan.

Goi Mailako Lanbide Heziketako 23.613 ikasleetatik, %26k ikasi zuten D ereduan, %20k “B” ereduan eta %54k “A” ereduan.

Aintzat hartu behar da B eredua “A” eredu indartu bat dela, eta “A” ereduan euskara ikasgai ere ez dela.

Matrikulazio datu penagarri horietan gabiltza 2010etik. Eta zergatik? Bada, Lanbide-heziketan, taldea osatzeko nahikoa ikasle izan arren, ez delako talderik sortuko Hezkuntza Sailaren aginduz lehenagotik “planifikaturik” ez badago. Sozialisten agintaldian hasi eta Jeltzaleen eskutik gero, horrela mugatu du Jaurlaritzak Legeak ezartzen duen euskaraz ikasteko eskubidea, ebazpen bidezko esaldi labur honekin: «Hizkuntza-eredu bat baino planifikatzen ez bada, eredu hori ezarriko da». Salbuespenezko arau hori, taldeak osatzeko ustezko planifikazio hori, lanbide-heziketari baino ez zaio aplikatzen. Soilik LHn mugatzen da D ereduan ikasteko eskubidea. LHn, DBH, edota Batxillergoan, taldea osatzeko nahikoa ikasle badago, taldea osatuko da. Gero salduko dizkigute lan mundua euskalduntzeko egitasmoak…

Adibide hauek eta aipa ditzakegun beste askok, ezaugarri bat dute komunean: euskaldun gehienen eta euskaltzale askoren menpekotasun egoerari esker gertatzen direla neurri handi batean.

Menpekotasunean hezita eta horretara ohituta ez bageunde, inolaz ere ez genituen egoera horiek onartuko. Horretaz jabetu, jazoera horiek salatu eta duintasuna berreskuratzea dugu erronkarik behinena; jai dugu bestela.

Menpekotasunetik ez dago euskara berreskuratzerik

Oinezkoa

5 pentsamendu “Menpekotasunetik ez dago euskara berreskuratzerik”-ri buruz

  • Semenogorri 2022-08-01 15:30

    Azpimarran ipinitako lanpostuena berdin die espainieraz bizi diren aberchale omen diren alderdiei, abertxotxoloak barne.
    Bestalde, lanbide heziketaren benetako azalpenaren zioak izen bat dauka: ” Confebask”, eta horrengana makurtzen dira euskotxirlako gobernuko alderdiak ( guaskoen aberchaleak )

  • Sinestesk ere lanak ditu!!!

  • Horrelako bazterketak nola onar ditzakete hezkuntzako sindikatuek?

  • Menpekotasuna, utzikeria, erosokeria…
    Lanbide Heziketari dagokionez, ez dira hezkuntzako sindikatuak bakarrik. Zertan dihardu EHBilduk? Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan diharduten langile euskaltzaleak, euskara teknikariak, eta abar, non dira?
    Euskaltzale bakan baten edo besteren salaketa baino ez du merezi?
    EiTBren auziaz beste horrenbeste.
    Egoera tamalgarria da. Erantzunik eza negar egitekoa.

  • Seme-alabak españolez matrikulatzera behartuta daude guraso horiek? Etsipena ogiarekin iruntzi eta aurrera?
    Eta, berariaz EUSKALGINTZA nora arraioa begira dago?