Abegi

Abegi – 

Markos Zapiain irakasleak ikastetxean sortu zaien arazo baten aurrean Hezkuntza Sailaren utzikeria salatu du eibar.org komunitateko blogean.

Aspaldion, gero eta sarriago dauzkagu euskara salbatzeko “bizipen” tankerako ikastaroak: funtzionario mordoxka bat gela batean bildu eta gidariak binaka jartzen gaitu; zu Euskara zara eta zapi batez begiak estali behar dituzu; besteak, Herriak, zure atzean jarri behar du; orduan zure burua atzez erortzen utzi behar duzu eta bizkarra hautsi baino lehen besteak besoetan hartu eta salbatu egin behar zaitu. Konfiantza lantzen ei da horrela, herriak euskara erreskatatuko duelako “bizipena” izan baituzu. Beste jarduera batean, parte-hartzaileetako bat zuhaitza da, Euskara, eta gainerako parte-hartzaileak aisialdia, hedabideak, agintariak, herritarrak, kultura… Azken hauek gelako zolatik dandarrez joan behar dute zuhaitzeraino eta zuhaitza besarkatu, elikatu eta maitatu, horrelaxe maitatu behar baitugu guztiok gure Euskara. Hirugarren batean, parte-hartzaileetako bakoitzak balleteko “pirouette” bat egin behar du ikastaroa hasi bezain laster, gu denon nahiak behar baitu izan euskara bilaka dadila jostari eta dantzari.

Abegi Bien bitartean, joan den astean hamalau urteko ikasle bat etorri zaizkigu Venezuelatik Institutura, Eskolaratze Batzordeak bidalita. Inoiz ez du euskara entzun. Gure ikastetxea D eredukoa da. Hezkuntza Sailaren proposamena da ikasle hori ikasgelan besterik gabe sartzea ikasturte osorako, inongo laguntzarik gabe. Gure herriko itunpeko ikastetxe erlijioso batek baditu ikasle heldu berriak euskalduntzeko baliabide eta laguntzak, baina Hezkuntza Sailak ez du hara bideratu nahi; ez digute zergatia azaltzen.

Ama etorri zaigu: ez dute irakasle partikular bat ordaintzeko aski diru. Egia da etorri berri hori Udaletxeak doan eskaintzen dituen euskara-klaseetara joan daitekeela, baina Institutuan Biologia, Filosofia eta Matematika gainditu behar ditu, eta ikasgai horietan euskaraz behar bezala trebatzeko behar du ukatzen zaion laguntza zehatza.

Hezkuntza Sailera deitzen duzu ikasle etorkinari merezi legezko abegi egin eta euskalduntzeko laguntza eskatuz, eta erantzuna, hitzez hitz: “os tenéis que buscar la vida”. Alegia, arduradunen proposamen esplizitua da ikasturte osoa ikasgelan egon dadin, deus ere ulertu ez arren; horrela, gero eta ezagunagoa egingo omen zaio euskararen musika, behintzat. Lotsagarriegia da jarrera hori, haatik; sinetsi nahi nuke zeharka eskatzen zaigula ez dauzkagun baliabideekin saia gaitezen etorkin hori Instituturako euskalduntzen.

Ez ote da heldu lehentasunak behingoz ezartzeko ordua? Hasieran aipatu ikastaro guai horietako pare bat antolatzeak edo Espainiako Erregearen bisitaldi bateko gosari batek balio duenarekin ordainduta bailegoke gure ikasle horrek behar duen laguntza.

Beste zentzu batean ere badira kezkagarriak ikastaro horiek: irudimenez eta irudimenetik irten barik konpontzen dira hor arazoak, jarrera baikor aizun bat piztuz parte-hartzaileengan, eta muzin egiten zaio zinezko arazoak bideratzeari, hala nola guri joan den astean sortu eta ikasturte osoan luzatuko zaiguna.

Katalanek egundo ez dute halako zekenkeriarik erabili Hezkuntzan beren hizkuntzari laguntzeko orduan. Ez al da ulergarria egunerokoan euskalduntze-arazo zehatz baten aurrean administrazioaren tamainako utzikeria pairatzen dugunon amorrua, Hezkuntza Saileko eta Jaurlaritzako buruzagiek euskararen aldeko ohiko mintzaldi hantuste eta sentimentalak botatzen dizkigutelarik?

Hainbat esparrutan nabarmentzen da administrazioak irakasteko agintzen digunaren eta administrazioaren beraren jokabide errealaren arteko desoreka hori, ez gutxitan kontraesan erabatekora iristen dena. Bakar bat baino ez aipatzearren: Hezkuntza Sailetik eta Emakundetik etengabe bultzatzen gaituzte, zentzuzkoa baita, Hezkidetzaren, emakumeen eta, zehazki, neska ikasleen eskubideen alde egitera. Ordea, administrazioak berak disimulurik gabe eta era ezin mingarriagoan abandonatzen ditu emakumeen eskubideak eta emakumeak berak Irungo eta Hondarribiko Alardeetan. Ez zaigu zilegi eskatzea haien erabaki eta jokabideetan erakuts dezaten guri exijitzen diguten inplikazio mailaren laurdena, bederen?

“Os tenéis que buscar la vida”, erantzuten zaigu, edota “horrelakoa da bizitza, kontraesankorra eta tentsioz betea”. Ados. Baina ez ahaztu irakasleok ere bizirik gaudela eta halako inkoherentziek tentsioz gainezkatzen gaituztela, batez ere ordaindua behar lukeen lana sistematikoki bizkarreratzen zaiolarik borondate oneko irakasle berez estresatuari; eta tentsioak ez direla baretzen ihardukiaren eta deskargaren bidez baizik.

Abegi

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.