A, B, D… hizkuntza ereduak al dira arazoa?

A, B, D…hizkuntza ereduak al dira arazoa? –

Orain arteko hizkuntza-ereduak hizpide eta eztabaidagai ditugu hezkuntza-lege jomugan dagoela. Ezin ukatu A eta B ereduek ez dutenik inondik inora bermatzen gaur ume-ikasle den horren gaitasun elebiduna. Hor baina euskararen aldeko jarrerakoen artean ezer gutxi eztabaidatzeko. Halere, ez dira denak zinez euskarak aurrera egin dezan aldekoak eta hortik datoz tirabira politikoak. Gaur arteko hezkuntza legeak euskararekikoan eman duenari dagokionean, zera baino esan ez, izankizun den euskal herritar hori erdi hiritarra izatera kondenatu izan duela, edo erdi hiritargoa izango duen bat izatera, hein handi batean, ikasketak burutu ondoren gehiengoaren egiazko gaitasun komunikatiboa ikusita.

A, B, D...hizkuntza ereduak al dira arazoa?Ez dakit orain arteko eredukako hezkuntza molde hau bertan beheratzea komenigarria edo ezinbestekoa ote den. Eta egia esan, bost axola, zin-zenez bost-bost. Nago hemen inortxo ere ez dagoela arazoari bere zuztarretik heltzeko prest. Euskararen madarikazio guztia betiere kanpotik etorritakotzat jo ohi da, eta honako honetan, ez dakit nik ba, baina nago etxe barrurakoak ditugula egiatan egin beharreko kritikak. Baina hemen inortxo ere ez dago gauzak bere izenez deitzeko, kalifikatzeko prest. Goian aurreratuta moduan, D ereduaren gainean hitz egin beharko genuke luze-zabal eta aho-bizarrik gabe. Zergatik ari dira hain temosoki zinez jada marginal-marginalak ditugun A eta B eredu bi horien desagertu beharraz. Horrek hala beharko luke, ez nago inondik ere hori duda-mudatan jartzen, baina nago, debateren funtsa eta muina horretara lerratuz gero, tranpa galanta egiten ari direla. Errealitateari ekiten diogunean, bere baitan datzan arazoren bat edo besteri ekiten diogunean, hasteko eta behin arazo delakoaren geruza ezberdinen garrantzia balioetsi eta berorien arteko hierarkia onargarri bat egiten jakin behar da eta lehenengoari lehenengo, eta bigarrengori bigarrengo. Honako honetan baina itzulinguruka gabiltzala nago, muinekoari heltzea saihestu nahian.

Noiz hasiko gara D ereduaren porrotaz hitz egiten? Porrota nazionala (edo komunitatekoa,kontuz! nori edo nori eskandalagarri balitzaio nazionalarena), porrota akademikoa eta giza mailakoa. Unibertsitaterako adina bazter utzirik, 16 urtez egun osoa ia eduki akademiko guztiak euskara hutsean jasotzen eman duen gazte hori, eskola atarian harrapatu eta, a zer sorpresa, a ze atsekabea, eta esaldi sinple, arrunt, eta besterik gabekoa, bota eta behar bezalako zuzentasunez egiten ez duela eta jario komunikatiboz guztiz ezgauza dela ikusita. Inork ez du aho-bizarrik gabe behingoagatik honetaz ozen, argi eta klar hitz egin behar?

D ereduko ikasleek ez badiote batere garrantzirik ematen euskaraz bizitzeari edo euskaraz jarduteari, akabo, pikutara, D ereduak eman litzakeen emaitzak. Euskaraz jakitea, edo, hobeki esan, “euskara jakitea”, izan da gehienetan, eta onenean, D eredurako hautaren motibazioa. Jakite hutsari eman diote garrantzia, ez beste deusi; nago, onenean, euskara bere erabilgarritasunagatik hartu izan dela aintzat eta asko-askotan ez gizarte mailan izan dezakeen erabilgarritasunagatik, baizik-eta, gerora, lan munduan, eta batez ere administraziorako izan lezakeen garrantziagatik. Aipatu hau euskaltzaleak ez direnengan, etxetik euskaldunak ez direnengan gertatu da hein handi batean, areago ere eskola publikoan, non bere doakotasuna izan den askotan motibazio bakarra eta beste eredu eskaintzarik ez den egon. Askotan euskarak zinezko prestigiorik eskuratu bainoago, gerora administrazioan aritzeko-edo, eta norbere hiritar eskubideak urratuak ez izateko izan da aintzat harturik. Hau oso argi eduki behar dugu. Izan ere, sarri askotan, D ereduaren arrakasta ikusita, zeinen bete-betean joan den hedatuz eta gailentzen ikusita, ez dugu gertakari horren behar bezalako irakurketa egiten jakin izan. Euskara prestigioa eskuratuz joan delakoan gogobete gara, baina besterik zen benetako errealitatea.

Euskara hezkuntzan zinez funtzional bilakatzea lortu da D ereduan. Hor dudarik ez. Hau da, euskarak lortu du zin-zinez gainontzeko beste ikasgai guztien transmisio hizkuntza izatea. Hori maila faktikoan edo izatezkoan gertatu da, ezin uka. Halere, balore mailan, balioespen mailan edo maila axiologiko deituko genukeen horretan ez dugu hala sinetsi. Transmisio errealitatea, errealitate komunikatiboa aipatu hori izanik ere, oraindik euskara hezkuntzara kanpotik txertaturiko zera bat bezala, eratxikitako zer edo zer bezala, sentitu dugu, gehienetan oharkabean izan bada ere. Euskara tematizatu dugu gehiegitxo, hizpidetzat hartuegia izan dugu, hezkuntzarako “gai”, “jorragai”, mintzagai bat baikeneukan, eta, tamalez, maizenean, gaietan gai. Ez dugu sinetsi zinez eta benetan euskara bere transmisio eginkizun bere osoan betetzen ari zenik jada. Ez dugu hala sentitu. Pausu hau ezinbesteko geneukake euskara bezalako hizkuntza gutxiagotu batek aurrera egin dezan eskolan zein gizartean. Euskara jada hezkuntza eduki edo gaitzat jada jo ez, eta aldiz, horrekin bateratsu, euskarari errotua dagoeneko komunitatearen baitako eduki etniko, historiko, kultural, geografiko, folklorikoez… hornitu eta horrela lagundu ikasleei bere benetako zentzu eta zergatikoa aurkitzen. Gurea ez da komunikazio tresna hutsa. Gurea ezin da lehiatu Neflixen. Gureak, gure euskarak, gurean bestetan ez du zentzurik, eta gureaz, gure euskal komunitateaz, bere izatezko bereizgarriez hitz egitea tabu badugu, ez du ezertarako balio euskarak, are orain artean bezala funtzionalitate gutxi horretarako ere ez hemendik gutxira. Esandako azken hau guztia gogortxoegia (“larriegia” ez bada) omen da zenbait belarri-zulorentzat, asko-askotan, ustez, are belarri zulo abertzaleak ditugun zenbaitentzat ere, baina nago, konplexuak tarteko, edo den-denok lasai-konforme edukitze alderako diskurtso politikoki zuzena tarteko, hemen ez garela euskararekikoan zintzoki ari. Arazo larri bat dagoenean, aurrena, diagnosi zintzo egitea da ezinbestekoa. Ehun praile berrehun potro!

A, B, D…hizkuntza ereduak al dira arazoa?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

8 pentsamendu “A, B, D… hizkuntza ereduak al dira arazoa?”-ri buruz

  • Herri kontzientziarik gabe, alperrik gabiltza. Abertzaletasun kontzientziarik gabe, ereduen porrota urteetan luzatuko den gaitza da. Euskal kontziente herria eraiki dezagun, irauteko modu bakarra da.

  • Herri kontzientziarik egoteko lehenbizi herri bat da behar dena; eta honek geroz eta gutxiago dauka herri baten itxura.

  • Igor Goitia Mora 2023-10-07 19:20

    Euskarak izateko balio du, besterik ez. Ez da gutxi baina…

  • Probintzialismoa sustatuz; non ote herria?

  • Mikel Haranburu 2023-10-09 10:23

    Ez da D ereduaren porrotik; D eredua ikastetxeetan aplika daitezkeen Euskara ikaste maila gorena da. D eredua ez da teknika halako bat euskaldunak sortzeko, txorizoak bezalatsu. Ereduek zeresan handia emanen dute, baina, hala ere, irakaskuntza ez da hizkuntzaren jokalekua (bakarra). Hizkuntzaren jokalekuak gizarteak dira. Belaunaldi batzuk Euskaraz ikasi eta gainera “naturalizatu” gara (Txepeten esanetan). D eredurik gabe, irakaskuntzatik aparte. Hemen ikasgeletan jartzen dugu fokua, baina ziuraski foku asko piztu behar genuke gauzak argi ikusteko… eta gehienak geletatik kanpo…

  • Juan Aleman 2023-12-07 15:32

    “Hemen ikasgeletan jartzen dugu fokua, baina ziuraski foku asko piztu behar genuke gauzak argi ikusteko” Konforme, Haranburu, baina zure argudio horri beste hau kontrajarriko nioke: oraingo D eredua eta orain 20 urtekoa berdinak al dira?
    Gure (nire) herriko oraingo haurrek ez didate entendatzen eta orain 20 urte eskolatik atera zirenekin euskaraz ederki artzen naiz. Zer pasatu da?

  • Juan Aleman 2023-12-07 15:36

    Zer pasatu den? Gauza asko, adibidez, gizartea likidotu da eta zer esanik ez, guraso gazteak txeñelagoak dira.
    Baina, hor irakaskuntzaren usteltze bat badago, eta horretan irakasleek ardura ere badute, eta ez ttikia, alajaina!

  • Juan Aleman 2023-12-07 15:40

    Haranburu, irakaskuntzan genuen “posizio”a galduxe dugu eta ez dezakegu irabazitako posizio bakarra ere gal; eta gutxiago horrelako posizio inportante bat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude