50 langiletik gorako enpresetan euskara-planen negoziaketa hitzartu dadila eskatu dute
50 langiletik gorako enpresetan euskara-planen negoziaketa hitzartu dadila eskatu dute –
ELA, LAB eta Kontseiluak eskatu dute 50 langiletik gorako enpresetan euskara-planen negoziaketa hitzartu dadila lanbide arteko akordioetan
Confebask eta CEN patronalei zuzendutako eskaera egin dute ELA, LAB eta Kontseiluak. Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari proposamena babesteko eskatu diete.
Lan-mundua euskalduntzeko neurri eraginkor eta betearazleak eskatu dituzte.
Administrazioarekin zein patronalarekin bilerak egingo dituztela iragarri dute sindikatuek.
Lan-mundua euskalduntzeko urrats zehatzak egin behar direla adierazi dute ELAko Mitxel Lakuntza, LABeko Garbiñe Aranburu eta Kontseiluko Paul Bilbao idazkari nagusiek, gaur goizean Bilboko ELAko egoitza nagusian egin duten agerraldian. «Euskararen normalizazioa garatzeko ezinbesteko esparrua da lan-munduarena», ziurtatu du Bilbaok. «Gure egunerokoaren zati handi bat lanean igarotzen dugu, eta, ondorioz, gure hizkuntza-praktikak eta eskubideak baldintzatzen dituen esparrua da, langile zein kontsumitzaile gisa». Horregatik, Lakuntzaren hitzetan, «langileen eskubideen eta bermeen aldeko borrokan kokatzen da hizkuntza-eskubideena. Beraz, gure borroketako ildo bat izan behar du hizkuntzarenak, euskararenak».
Hori dela eta, Aranburuk ziurtatu du «euskal sindikalgintzaren gehiengoak urratsak eman nahi dituela langile guztion eskubideak bermatzeko», eta, ildo horretan, «lan-mundua euskaldundu nahi bada, ezinbestean erabaki ausartagoak hartu beharko dira. Alegia, neurri eraginkorragoak eta betearazleagoak, euskararen normalizazioak norbanakoen boluntarismoa gainditu behar duelako».
Horretarako, eskaera zehatza egin dute ELAk, LABek eta Kontseiluak, Lakuntzaren ahotik: «Confebaski eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari proposatzen diegu 50 langiletik gorako enpresa guztietan euskara-planak negoziatuko direla jasotzen duen akordio interprofesionala hitzartzea». Era berean, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dei egin diete neurri hori babestu dezaten, besteak beste, plan horiek aurrera ateratzeko inbertsio ekonomikoak bideratuz.
.
Enpresen gutxiengoa
EAE-ko ehun enpresetatik bakarrak du garatuta euskararen erabilera normalizatzeko prozesu eta egituraren bat. Beraz, EAEn 138.000 enpresa daude euskararen erabilera normalizatzeko inolako planik edo garapenik gabe. Hamarretik bederatzi. Nafarroan are gehiago dira. %0,7k bakarrik dute euskara garatzeko prozesu edo egituraren bat.
Tamainari begiratuz gero, neurri txikiko enpresak dira gehienak. EAEn 2.000 batek gainditzen dute 50 langileen langa. Aitzitik, langile gehien pilatzen dituztenak dira: EAEko establezimenduetako langileriaren erdiak egiten du lan halako enpresaren baten. Antzeko proportzioetan dabiltza Nafarroan, kopuruz nabarmen gutxiago badira ere.
Horrek esan nahi du Hego Euskal Herriko enpresa jakin batzuek jarri beharko dituztela martxan euskara-planak, proposamena aintzat hartuz gero. Baina, gutxi izanagatik ere, irismen handia izango lukete: langileriaren erdiari eraginen lioketelako euskara-planek.
Gainera, datozen bi hamarkadetan erretiro asko etorriko direla ohartarazi du Aranburuk: «Hego Euskal Herriko langileriaren erdia erretiroa hartzeko adinean egongo da. Belaunaldi aldaketa bat gertatzera doa, eta abagune paregabea izango da eremu sozioekomikoaren euskalduntzea bultzatzeko. Kontrakoa gerta liteke, ordea: neurri egokirik hartu ezean, belaunaldi hori erdaldunduko dituelako eremu sozioekonomikoak. Eta, ondorioz, ezdeusean geratuko lirateke hezkuntzan belaunaldi hori euskalduntzeko egindako ahaleginak eta inbertsioak. Horregatik, gakoa izango da belaunaldi berri horren lan-munduratzeko prozesua».
.
COVID-19a eta gizarte erantzunkizuna
Pandemiak biluztu eta gordindu ditu lehendik zetozen gabeziak, oraingoan ere zaurgarrienak kolpatu dituelako gogorren, Bilbaok oroitarazi duenez. Hizkuntza-eskubideekin beste hainbeste gertatu da: «Berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean, euskal hiztunon hizkuntza-eskubideak urratu eta baztertu dituzte, kolpean».
Horregatik, krisiak dakartzan eta ekarriko dituen aldaketen norabidea aldatu behar dela ziur dira hiru erakundeak, aldaketa horien «motore» izanez. «Baita euskarari dagokionean ere, bai behintzat gizarte berdinzalego, kohesionatu eta demokratikoagoa lortu nahi badugu».
Kontseiluak ekainean aurkeztu zuen Geroa euskaratik adierazpenak jasotzen zituen bide hori urratzen hasteko zenbait neurri, eta ELA eta LABekin batera egindako proposamenak urrats bat gehiago ekarriko du. Hala esan du Lakuntzak: «Uste dugu badela garaia eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egiteko, eta, beste gai batzuetan gertatzen den bezala, gai honetan ere enpresa guztiek gizarte erantzunkizunez jokatzeko. Guztiz zilegi eta egingarria delako».
Era berean, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari babesa eman dezaten eskatu diete, eta proposamena mahaigaineratzeko bilerak iragarri dituzte ELA eta LABek, patronalarekin zein administrazioarekin.