5 galdera (arraro) kale erabileraren neurketari jarriak

5 galdera (arraro) kale erabileraren neurketari jarriak –

5 galdera (arraro) kale erabileraren neurketari jarriak2021eko kale erabileraren datuak plazaratu dituzte orain dela ez asko. Horren inguruko jardunaldia ere egon zen Bilbon eta, goizean behintzat, han izan nintzen. Han entzundakoetatik (eta irakurrikotik edo nik zer dakit nondik), bost galdera arraro (ez dira denak nireak, eh?, kopiatzea zilegi da mundu honetan):

Baga: zergatik da adin berekoen artean erabilera baxuagoa? Adinkidetasunak zerikusia al du hizkuntza ohituretan?

Biga: orain dela urte batzuk erabilera esanguratsua izateko atalasea ezagutzaren %30aren bueltan zegoen. Gaur egun, ostera, %40aren bueltan. Hortik behera, erabilera zeharo txikia da. Zergatik igo da atalasea? Eta, igotzen segituz gero, non jarriko da atalasea? Ezagutzaren unibertsalizaziorantz doazen guneetan zer gertatuko da?

Higa: emakumezkoak dira adin-tarte eta lurralde guztietan erabilera altuagoa dutenak (adinekoetan izan ezik). Zergatik lotu dira emakumezkoak euskarara? Edo, beste era batera esanda, zergatik lotu dira emakumezkoak euskarara gizonezkoak baino gehiago?

Laga: bi herriren arteko alderaketa aurkeztu zitzaigun jardunaldian. Biak eskualde berekoak, ezagutza tasa oso antzekoa eta erabilera diferentea. Alde hori esplikatzeko faktoreen artean, herriaren bizitasuna aipatu zen. Bizitasunak eragina al du hizkuntza ohituretan? Nortasun markatuko herrietan erabilera altuagoa al da?

Boga: kale erabileran asko begiratu zaio orain arte erabilerari eta gutxi kaleari. Badirudi begirada aldatzen hasi dugula. Kaleak, oro har eta salbuespenak salbuespen, bizi duen gainbehera kontuan hartuta, konparatzeko modukoak dira orain dela urte batzuetako neurketak eta oraingoak?

Bost galdera arraro eta erantzunik ez. Erantzunak zirriborratzeko ikerketa mikro eta makroei ekin behar diegu, goiz ala berandu.

5 galdera (arraro) kale erabileraren neurketari jarriak