2024-02-08: Elkarretaratzea, epaileen euskarafobiaren kontra
2024-02-08: Elkarretaratzea, epaileen euskarafobiaren kontra –
2024-02-08: ELKARRETARATZEA, EPAILEEN EUSKARAFOBIAREN KONTRA
Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak profil elebiduna kendu dio Zizur Nagusiko Udaleko obretako langileen lanpostu bati. Honako hau hartu behar da kontuan:
- Obretako langileen 9 lanpostu dira, eta bakar batek zuen profil elebiduna, hots, espainieraz gain euskara jakin behar zen horietako batean.
- Lanpostuko lana gauzatzen da, besteak beste, kalean, Olentzeroren eta erregeen ospakizunetan, San Joan bezperako suetan, ikastetxeetan, kultura etxean, Gaztetxean, eta, bistan da, badu harremana jendearekin.
- Hasiera batean Nafarroako Administrazio Auzitegian jarri zen errekurtsoa profil elebidun horren kontra, eta NAAk arrazoia Udalari eman zion: esan zuen guztiz legezkoa zela profil elebiduna.
- Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen horren aurka beste errekurtso bat jarri zen, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eta kasu horretan Epaitegiak Udalaren kontrako epaia eman zuen.
Azken epai hori erabat euskarafoboa da, eta gauza harrigarriak esaten ditu, adibidez:
“Herritarrek eskubidea dute Udalari euskaraz egiteko, baina eskubide horrek ez dakar berekin euskarazko ahozko eta idatzizko erantzuna jasotzea”. Sinestezina da: kontra egiten dio Euskarari buruzko Foru Legeari berari, 17. artikuluari.
Epaileek jokatzen dute ezagutuko ez balute bezala Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. Espainiak Gutun hori sinatu eta berretsi du, eta hauxe dio 7.2 artikuluan:
“Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat”.
Epaiak Zizur Nagusiko Udala zigortzen du kostuak pagatzera. Beraz, legearen aurkako ebazpena emateaz gain, zigor ekonomikoa jarri dio Zizur Nagusiko Udalari.
Nafarroan, gure eskubideak betetzeko, ezinbesteko oinarria da ofizialtasuna onartzea. Horretaz gain, beharrezkoa da epaileek beren ideologia ez jartzea legeen gainetik.
Horrexegatik, Zizur Nagusiko euskaltzale guztiei dei egiten diegu, baita Nafarroako euskaltzale guztiei ere, epai horri erabateko arbuioa adierazteko: elkarretaratzea eginen dugu otsailaren 8an, 17:30ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.
Epaileen euskarafobiarik ez! Epaileen inpunitateari stop!
ZIZURKO EUSKARA TALDEA, HIZKUNTZA ESKUBIDEEN BEHATOKIA, EUSKARAREN DEFENTSARAKO SAREA, EHE, ELA, LAB, STEILAS, ZIZUR NAGUSIKO GEROA BAI ETA ZIZUR NAGUSIKO EH BILDU
2024-02-08: Elkarretaratzea, epaileen euskarafobiaren kontra