ZuZeu berritua, ZuZeu berria berriz
ZuZeun goroldiorik ez, demontre! Aldaketa izan da gurean konstante bakarra beti. Egiten duguna zalantzan jartzea, burutzen dugun unetik beretik. Onerako eta txarrerako. Sarea astintzen dugun era berean, astintzen baitugu geure burua ere. Eta gaurko egunez, azken astindutik irtendako ZuZeu.eus berritua aurkezten dizugu. Datsegizu?
Goiburu itsaskorra
Goiburua eskura izanen duzu beti orain. Saguarekin scrollari beheruntz emanda ere, nabigatzailearen goikaldean izango duzu goiburua, kategoria ezberdinetan zehar zure eduki eta albisteak topatzeko. Egoki iruditu zaigu berriz begibistan jartzea ZuZeun lantzen dituzun gaiak. Eta gainera, goiburua zabaldu egiten da kategoria hauetakoren baten gainean kurtsorea jartzean.
Hirutasun santua
Halaxe deitzen diogu ‘Azkenak’ (azken sarrerak), ‘Ikusienak’ (bisita gehien dituztenak) eta ‘Eztabaidak’ (Iruzkin gehien dituztenak) hirukoari. Eta santua den heinean, ez dugu aldatu. Hirurek presentzia izango dute orainkariaren azalean. ‘Azkenak’ ezkerrean, ‘Ikusienak’ erdian eta ‘Eztabaidak’ eskuinean aurkituko dituzu.
Iruzkinak eta gure sinadurak
Iruzkinak eta Sinadurak ZuZeuren filosofia horizontalaren bi zutabe dira. Horregatik ekarri ditugu webgunearen goikaldera. Sartu eta lehen kolpean ikusiko diren lekura.
ZuZeu.tv
Azkenik, goiburuan, beste kategoriekin batera jarri dugu ZuZeu.tv. Gure ikus-entzuneko katea. Badira jada pare bat urte ikusentzunekoen ekoizpenean lanean hasi ginela; elkarrizketekin eta Gordin musika saioekin hasieran, eta Paperezko Kontzertuak proiektuan kolaboratzen gero. Hemen topatuko dituzue era txukunean bilduta sortzen ditugun ikusentzunezko edukiak.
Eta hemendik aurrerakoak zuk azalduko dizkiguzu. Ziur badirela akatsak, badela zikina eta anabasa, baina horrela izan da beti ZuZeu, eta beti egin dugun legez, denon artean aldatzen segiko dugu orainkaria. Bota pentsatzen duzuna beldur barik!!!
Itxura garbiago eta modernoago hori gustatu zait, baina oso oso oso kargatua da nire irudikoz. Bai azalean eta baita albiste baten ostean, albiste gehiegi daudela iruditzen zait. Asko aspaldi “iraungituak”?
Batzuetan ez dakizu nora begiratu ere… Hori nire lehen inpresioa. Gainontzean zorionak eta beti aurrera!
Iritzi berekoa naiz ni ere.
Abiapuntua gustatzen zait, modernoagoa, malguagoa, baina emaitza ez. Diseinu aldetik hutsune nabarmenak ditu (edukiak banatzeko ez dago inolako kolore edo bestelako marrarik) eta erabilera aldetik zeresanik ez. Iruzkinak ez dira lehenbiziko begiradan ikusten, ezta egilea ere. Bi datu inportante dira. Gainera, azpititulua izan ordez alferrikako hutsune zuri bat dago, informazioa kenduz. Usar y Tirar moduko edukientzako webgunea dirudi, hainbeste estimulurekin (Urtzai eta Itzainekin ados), gogoeta, eztabaida eta hausnarketarako baino. Berriz diot, abiapuntu ona, baina emaitza erdizka dago. Aupa ZUZEU!
Erabat ados Felixekin.