Zurikeriarekin nazkatuta

Zurikeriarekin nazkatuta –

STEILASek ez du parte hartuko PSNren hezkuntza itun sozialean.

STEILAS atzo joan egin zen Gobernuak Hezkuntzako Itun Sozial berri baterako eratu  duen mahaitik. Gobernu honek ez du sinesgarritasunik, ezta zilegitasunik ere itun berri bat proposatzeko, Hezkuntza Publikoaren Ituna etengabe urratzen baitu, nahiz eta itun hori ezarria den foru lege baten bidez.

Zurikeriarekin nazkatutaSTEILASen ustez, Nafarroako hezkuntza sistemak ez du dokumentu arrandiotsurik behar, ikasleen eta irakasleen egunerokoan inolako eraginik ez duten proposamenekin. Hezkuntza Publikoa hobetzeko itundutako eta ezarritako neurriak bete behar dira:

  • PSNk ez ditu ratioak jaitsi etapa guztietan, indarrean dagoen Itunak ezartzen duen bezala. Hori betetzeko konpromisoa hartu zuen.
  • PSNk ez ditu irakasleak lehen egunetik ordezkatzen, Itunean agertzen den bezala.
  • PSNk ez du irakasleen bitartekotasun tasa %54tik jaitsi, Estatuko altuenetakoa baita.
  • PSNk ez ditu kontratu partzialak lanaldi osoko bihurtu, Itunak jasotzen duen bezala.
  • PSNk ez du Barne Produktu Gordinaren %5 inbertitu Hezkuntzan, baina PSOEk aurrekontu militarra igo du eta historiako handiena bilakatu du.
  • PSNk euskarazko eskaintza mugatu eta oztopatzen du, eta PAIren lardaskeria bultzatzen du, ingeleseko programak existitzen ez ziren etapetara zabalduz. Ikasleen %60ri kentzen zaio euskara ikasteko eskubidea.
  • PSNk ez du neurri eraginkorrik hartu eskola-segregazioa bukatzeko, eta LOMLOE urratzen du, sexu-genero bereizkeria egiten duten ikastetxeen finantzaketa mantenduz.
  • PSNk ez du 0-3 zikloa Hezkuntza Departamentuan sartu eta ez du doakotasunik lortu, Akordio Programatikoan agertzen den bezala. UPNrekin elkarlanean aritu da Iruñeko haur eskolen euskarazko eskaintza ezabatzeko.
  • PSNk SKOLAE programa urardotu du eta, gainera, ez du ikastetxe pribatu gehienetan ezarri.

Nazkatuta gaude, Gimenoren Departamentuak ez baitu legea betetzen, eta neurrien negoziazioa eta egutegia “sasi-negoziazio” mahaietara eramaten baititu eskolatzearekin, lanaldiarekin eta ordutegiarekin edo ikastetxeetako araudiekin egin duen bezalaxe.

Aski da propagandarako argazkiez; Nafarroako hezkuntzak indarrean den ituna betetzea behar du, irakasleek lana baldintza egokietan egin dezaten.

 

Zurikeriarekin nazkatuta