Sorkuntza tradizioan

Sorkuntza tradizioan –

Dantzan Ikasi programak www.dantzan.eus atarian.

Sorkuntza tradizioan
Dantzan Ikasi, dantza soltea, Beasain, 2021-12-10. Argazkia: Amaiur Aristi.

Dantza tradizionala ulertu eta eremu horretan lan egiteko eta sortzeko zenbait pista ematea izan da  Dantzan Ikasik antolatutako Sorkuntzaren bideak: Argiaren Martin Zalakain ikastaroaren asmoa. Kasik bi urteko etenaren ondoren ikuskizuna Beasainen aurkeztekoa zen aitzakian, Martin Zalakainen eszenarako bidea nolakoa izan den konpartitu da Argiaren sortzeko moduak argiago ikusteko helburuarekin. Bi saio teoriko-praktikoren ondoren, Martin Zalakainen itzulerarekin borobildu da ikastaroa.

.

Nobelatik oholtzarako bidea

Argia dantzari taldearen lan egiteko oinarrizko modua eta gakoak azaldu dituzte Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Arregi eta Mikel Urbeltzek; zehazki, Martin Zalakainen, taldearen azken ikuskizunaren, sorkuntza prozesua ipini dute mahai gainean. Erakutsi dute Juan Antonio Urbeltzen ideiatik hasi eta eszenaratzerainoko bidea nolakoa izan ohi den eta kasu honetan emandako urratsak zein izan diren.

Historia unibertsal bat gure dantzen bidez kontatzeko nahia izan da ikuskizunaren abiapuntua; hau da, euskal dantza tradizionalaren bidez edozein istorio konta daitekeela erakustea. Hainbat idazle eta lan aztertu ondoren Pio Barojaren Zalakain Abenturazaleahautatu zen; baina nobelatik nola iritsi oholtzara?

Juan Antonio Urbeltz, Dantzan Ikasi, Sorkuntzaren bideak: Argiaren Martin Zalakain, Beasain, 2021-11-26. Argazkia: Amaiur Aristi.

Juan Antonio Urbeltzek eta Arregik sinboloei eta koreografiei erreparatu diete gehienbat, eta Mikel Urbeltz, Marian Arregi amari hartutako lekukotik, musikaren inguruko azalpenetan zentratu da. Martin Zalakain ikuskizuna osatzen duten zatiak aurkeztu dituzte eta ondoren lupa hartuta begiratu die horietako zenbaiti. Zergatik aukeratu ziren melodia jakin horiek? Nolakoa izan da abestien letren aukeraketa? Eta ze koreografia eskatzen du pasarte bakoitzak?

Iñaki Arregi, Dantzan Ikasi, Sorkuntzaren bideak: Argiaren Martin Zalakain, Beasain, 2021-11-26. Argazkia: Amaiur Aristi.

Bai dantzari eta bai musikari dagokionez, hirurek azpimarratu dute esparru tradizionalaberezko sistema propio eta independente gisa. Dauden modeloetatik jaso eta horiekin lan egitea da gakoa; euskal zein kanpoko tradizioetatik edanez sortu da ikuskizuna.

Mikel Urbeltz, Dantzan Ikasi, Sorkuntzaren bideak: Argiaren Martin Zalakain, Beasain, 2021-11-26. Argazkia: Amaiur Aristi.

Dantza soltea, ikasitakoa desikasten

Bigarren saioaren helburua dantza soltea eszenaratzeko beste eredu bat probatzea izan da; dantza-soltea eszenaratzeko ez-ohiko bidea jorratu nahi izan da eta proposamena hobeto ulertzeko gakoak erakutsi dira saio teoriko-praktikoan. Martin Zalakain ikuskizunean Arkale tabernan gertatzen den solte festa sortzeko erabili diren bideak erakutsi dira.

Sorkuntza tradizioan
Dantzan Ikasi, dantza soltea, Beasain, 2021-12-10. Argazkia: Amaiur Aristi.

Hainbat testu historikoetako aipuak ekarri ditu Oier Araolazak eta dantza soltearen testuingurura hurbildu gara. Azaldu du dantza soltearen esparru naturala plaza dela, baina dantza taldeek aspalditik izan dutela joera dantza horiek eszenaratzekoa. Dantza soltea oholtzara eramateko orduan, nagusiki bi joera errepikatu izan dira: estilizazioa eta espazioan egitura geometrikoen osatzea. Bestelako proposamena egin da oraingo honetan: zailtasunetatik ihes egin eta oinarrizko urratsetara jaistea eta espazioaren erabilera kaotikoaizan dira dantza solte ikuskizunera begira prestatzeko hautatuko bideak.

Sorkuntza tradizioan
Dantzan Ikasi, dantza soltea, Beasain, 2021-12-10. Argazkia: Amaiur Aristi.

Josu Garate arduratu da Urbeltzen ideia horiei gorputza ematen koreografikoki. Garatek azaldu du askotan txoriak kaiolan bezala aritzen garela dantzan, baina atea irekiz gero asmatzen al dugu zer egin? Ba, horretan ahalegindu gara: erritmoen oinarrietara joan eta dantzatzen, inprobisatzen, ongi pasatzen! Ze urrats egiten ari garen ahaztu eta norekin ari garen dantzan erreparatzen, orain arte ikasitakoa desikasten.

Sorkuntza tradizioan
Dantzan Ikasi, dantza soltea, Beasain, 2021-12-10. Argazkia: Amaiur Aristi.

Zalakainen itzulera oholtzara

Dantzan Ikasiko bi saioetan entzun, ikusi eta jasotako kontuak, azkenean, oholtzan gorpuztuta ikusteko aukera izan dute ikastaroan parte hartu dutenek. Emanaldi irekia izan da, eta ikastarokoez gain beste hainbat hurbildu dira Zalakainen itzulerara. 340 bat ikusle bildu dira Beasainen; indartsu eta fresko bueltatu da Martin Zalakain.

Sorkuntza tradizioan
Martin Zalakain, Beasain, 2021-12-12. Argazkia: Alex Berasategi

Gerra karlista, ezinezko maitasuna edo neguko hotzak gutxi ez eta pandemiak ere bete-betean harrapatu du Martin Zalakain abenturazalea. Argiak 2017an estreinatu zuen Martin Zalakainek pandemiaren erruz ia bi urteko etena izan du, baina azkenean itzuli da oholtzara. Abenduaren 12an eskaini da Argia dantzari taldearen eta Artedramaren Martin Zalakain ikuskizuna Beasaingo Antzizar kiroldegian.

Sorkuntza tradizioan
Martin Zalakain, Beasain, 2021-12-12. Argazkia: Alex Berasategi

Sorkuntza tradizioan Sorkuntza tradizioan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.