Zure profil soziokulturala nolako, zure botoa halako?
Zure profil soziokulturala nolako, zure botoa halako? –
Aurreko bi artikuluetan (I+II) azalduta moduan, azken hamarkada honetan politika asko sentimentalizatu da. Gertakari honek, berdin-berdin, hiritargoari zein politikariei, paradigma berri horretara makurtu eta egokitu beharra eragin die. Egokitu behar horri dagokionez, politika egin moldeak forma erromantikoetara jo du. Demokrazia liberalak erakargarritasuna galdu du, emozionalki jada ez da horren erakargarria. Honi dagokionean, arazo nabarmen bat sortzen da; eskura eta gertu ez dauden, eta irreal kutsuko beste nonbait leudekeen alternatiba politiko idealizatuak erraz bilatu dakizkioke jada inperfektua, osatugabea, inertziala, eta, oroz gain, asperdura eta nekea sortzen digun demokrazia molde honi. Egun, liberala den gure demokraziaren ezaugarri zenbaitek “propaganda lehian” galtzaile-egoera batera lerrarazten dute berau, bestelako alternatiba populista edo erromantikoen mesedetan. Aristotelesek hasi, baina Kantek sakonki jorratu zuen arrazoi publikoaren bitartez, hiritarren argudio ezberdinak elkarren aurrez aurre jarrita, zenbait ideia galbahetu ditzakegu, eta hori eginda, txarretsi eta baztertu okerrenak iruditzen zaizkigun horiek, eta, aldiz, onetsi eta onartu zuzenenak. Kant baikorregi genuke, bistan da. Gerora, John Rawls-ek arrazoi publikoak arrazoimendun hiritarrak euren artean eztabaidatzea ahalbidetzen duela esango digu. Eztabaidatu molde hau ez da edonolakoa izango; berorrek argudio politikoetan oin hartutakoa izan beharko du, ezen ez argudiatze metafisiko eta erlijiosoetan; hau da, “tribu moral” bakoitzak beste batekin eztabaidatu dezake, baldin eta aurrez adoste alderako zubi politikoak ezartzen badira, eta tribu bakoitzak izatezko eta berezko dituen balore propio horietan ainguraturik geratzea saihesten bada. Elkar trukaketa publiko horren baitan, desadostasun nolabait arrazionalak atergabe gerta daitezen guztiz espero izatekoa da; eta zer dira desadostasun arrazional horiek? Bada, onez onean ari diren arrazoidun hiritar informatuen arteko eguneroko desadostasunak. Espero izateko denez, “tribu moralen” artean beti egongo da muga bat, nekez gainditu litekeena, euren balore esentzialen arteko talka bat ematen denean; orduan arrazoi politiko publiko honen arabera, euren gainetik legokeen konpromiso bati heldu beharko diote.
Deskribaturiko ekite politiko molde hau ez da batere erakargarria, eta, azkenerako, hiritarra aspertu egiten du. Hiritar “aburgesatu” hori XX. mendean zehar eman diren gazte iraultza guztiek arbuiatu dute. Nolabaiteko ekosistema erromantiko bat garatuz joan da eta berorren baitan moderazio figurek ez du errez lekurik aurkitzen. Propaganda komertzialean ere bistakoa da fenomeno hau; bertan errebeldeak, bere kaxa dabiltzanak, eta nolabaiteko aztoramen kutsu bat daukaten horiek ikusten ditugu. Erretorikoa kontuak baino ez ditugu, baina klase ertaineko hiritar arrunt eta soilaren bertuteak balioeste aldera beren eragin zuzena dute. Deliberatzearen ideia habermasiarra, hau da, beste pertsonekin egonarri handiz, eta nork bere interes propioak bazter utzirik, eztabaidatu behar dugula aldezten duen ideia hori, egungo egunetan astuna eta erakargarritasun oso gutxikoa zaigu eta politikaren forma erromantikoetatik sarri askotan oso arbuiatua izan da. Arrazoi burokratikoa, arrazoi administratiboa, eta, oro har, bere baitan biltzen duen estruktura bera ere aspergarri samar egiten zaigu egun.
Politika, bere osoan, emozioak nagusitzen direneko giro honetara moldatzearen, egokitzearen, alde egin dute ikuskera politiko zenbaitek. Esaterako, psikologiatik aski frogatua dagoen segidako honako hau hartzen dute aintzakotzat; gizakiok izaki oso narratiboak gara, hau da, istorioak behar eta irrikatzen ditugu geure buru eta mundua ulertze aldera. Horri kontu eginez, alderdiek istorio koherenteak, ondo egitaratuak, eta erakargarriak kontatuko dizkiete hiritarrei euren proiektu politikoekin bat egin dezaten, nahiz-eta, sarri askotan, eta historiak zenbaitetan agerian hala jarri digunez, istorio horietariko asko eta asko faltsuak izan. Asko-askotan gure interes propioen eta gure helburuen kontrako erabakiak hartzen ditugula, hau da, erabakitze aldera asko-askotan tronpatzen garela ondo frogatu dutenez neurozientziek, kasu baterako, “Paternalismo libertario” deituriko teoria politikoko beste ikuskera batetik, zera proposatuko dute; “goazen laguntzera hiritarrari erabakietarako arkitektura delako horretan”, hau da, eskain diezaiogun laguntza erabakiak hartzen direneko testuinguru horretan mugitzen jakin dezan (adibiderako, behartu ditzagun gozodendak euren pastelen kaloria kopuru idatziz jartzera, halako moldez, non hiritarrak, hori ikusita, atzera egingo duen). Ikuskera honen ustez, hiritarrari ondo erabakitzen, eta betiere, bere helburuen arabera, lagundu behar zaio. Harago ere joan dira, eta esan edo defendatu hiritarrek gobernu bertutetsuak bultza ditzaten nahi izanez gero, gobernu horiek “dibertigarriak” beharko luketela.
Martha Nussbaum-ek, politikan ematen den aipatu emozioen nagusitasunari dagokionean, oso jarrera errealista hartuko du, eta sortuz joaten diren emozio horiek era egoki batean zuzenduak izan daitezen politika egokiaren alde egingo du. Emozioen nagusitasunaren eragin hau ezin da populismo eta erradikalismoen esku utzi, esango digu. Gobernuak, alderdiak, orain arteko hoztasun hori (frigidez) behin betiko bazter utzi, eta emozionaltasun horren kudeaketa euren arkitekturan txertatzen ahalegindu behar dira, eta horrela demokrazia liberala emozional eta pasiotsu bilakatu. Hiritarrak eurentzat zilegiak liratekeen proiektuak aldeztera bultzatu behar dira. Hau guztiau, baina, nola eraman aurrera? Martha Nussbaum-ek proposamen baten batzuk luzatzen ditu: abertzaletasuna eta nazio sentipena sendotuko dituen ekimen sinbolikoak, hala nola, himnoak, ekitaldi publikoak… Ez du ematen, baina, mekanismo hauek, egungo egunean, oso eraginkorrak izango direnik; pixkatxo bat modaz pasata daude, ez dago-eta, egun, horrelako abertzalekeriak sinetsiko dituen “hipster patriotikorik”. Ez da hau, hortaz, egiteko molderik egokiena, garai historiko “ironiko batean” murgildurik bizi garelako, non hiritargoak nekez sinetsiko duen horrelako ekimen politikoetan. Mekanismo honelakoak salbuespen oso gutxitan dira eraginkorrak gaur egun; atentatu edo bidegabekeri handi batean aurrean, esaterako, momentuko egoerarako gizartekideen arteko bat egite sendo bat eragin lezakete, baina, handik laster, segituan, disolbatzen da berriz ere bat egite hori.
Ziurrenik demokrazia liberalarentzako soluzioa ez datza inondik berau emozionalki erakargarriago bilakatzean. Ziurrenik politikagintzaren gainean gaizki ulertu bat dago, ez dugu berau behar bezala ulertzen; ziurrenik arrazoiekiko lotuta dagoen subjektu delako hori, hau da, liberalismoak aintzat hartzen duen hori, subjektu ideal hori, ez dugu behar bezala ulertzen, eta, hori dela-eta, ez diogu lekurik aurkitzen gure ikuskeran, eta pixkanaka berau baztertuz joan gara denboraren poderioz. Emozioek gure ebazpen politikoetan zer esanik handia zutela argi ere argi zuten antzinako pentsalari politikoek ere; gure arrazoimen gaitasunak muga nabarmenak zituela ondo zekiten. Humek berak, jada harako garai hartan, adimena pasioen morroi hutsa zela esan zuen. Eta Hayek-ek, esaterako, estatuaren edozein planifikaziorekiko guztiz mesfidati zen, berorren baitako norbanakoa bere pasioen mendeko zelako. Haisera-hasieratik izan dira, hortaz, emozioek eragindako desbideraketa honen jakitun. Subjektu autonomo, aske, arrazoidun eta ideal hori, hortaz, ez da inolaz errealitate soziologikoki zinezkoa, baina bai aldiz, “erregulazio-ideal bat”, hau da, lortu behar dugun helburu bat. Eta, horren harira, jada “hala balitz bezala” jardun beharko genuke, nahiz-eta ondo ere ondo dakigun ahalegin horretan ez dugula lortuko inondik subjektu guztiz arrazoidun bezala jardutea. Hortaz, politikoki gure hautamen arrazional hori ez da zerbait deskriptiboa, zerbait preskriptiboa baizik, eta jardutearen jardutez joan gaitezke ideal horretara hurreratzen.
Hau guztia hausnartu dut Manuel Maldonado Ariasen Democracia sentimental liburuaren harira, eta oso interesgarri, eta zer pentsaturik nahikotxo ematen duela, irizten badiot ere, teorikoegi-edo geratzen dela ere iruditzen zait. Honi buru emate aldera, doala segidan tematizazio teoriko horiek nigan eragin duten hausnarketatxoa. Nire ikusi apalean, erabakimen subjektu hori, aske izatekotan, ez da aske izango era hotz eta kantiar moduan ulertuta. Honek, baina, ez dio eragozten arrazoiduna izaten jarraitzeko aukera. Subjektu hori, bere nahi eta preferentziei dagokioenean, hauek edo beste izan, beste egoera sozial, tokiko, edota biografikoan eman izan balira, egun dituen horien oso ezberdinak izango liratekeela jakitun badin bada, horretaz ohatzen baldin bada, subjektu hori jada asketzat jo genezake. Behin hiritarra bere egoeraren jakituna dela, segidan ikusi ahal izango du non duten bere preferentziek beren sorburua, eta behin hori ikusita, bere buruari planteatu ahal izango dio ea gogoko dituen preferentzia horietarikoren batzuk aldatzeko moduak-edo egon ote litezkeen. Azken finean, horretan datza hain justu ere autonomia, nork bere burua eta bere joerak behatzeko gauza izatean.
Hain teorikoa izan nahi ez zuen nire azkeneko hausnarketa honek, ez dakit nik bada, azkenerako, goikoek adina idealetik ez ote duen izan. Ezen, formulatzen nuen heinean EITB FOCUS-ek boto emaileen profil soziologikoen gainean orain egun batzuk eskainitako argazkia etorri zaitu burura. Argazki delako horretan ezaugarri soziologiko zenbaitek oso korrelazio sendoa erakusten zuten horietatik, gerora, segitzen zen hautu politikoarekin. Argazkiaren arabera, emakumezkoen eskuinerako, EAJrako, joera nabarmen nagusitzen zen gizonezkoenaren aldean; izanez ere, gizonezkoek ezkerrerako joera handiagoa baitzuten. Adinaren araberako ondorioak ere beldurgarriak ditugu; 65 urtetik gorakoek bestek bozkatuko ez balute, alperrikakoak lirateke hauteskundeak, gehiengo oso-osoa eskuratuko bailukete EAJkoek; eta, 40 urtetik beherakoek baino bozkatuko ez balute, beste horrenbeste, baina kasu horretan garaipen osoa Bildukoena izango litzateke. Eta, aipatzeko moduko beste kontu deigarririk, goi ikasketarik gabekoek soilik bozkatuko balute, PSE aterako litzateke garaile. Korrelazio sendo hauek ikusirik, berauek presente izanik, are azken zentzuan ulerturiko askatasun molde hori ere, ez dakit nik bada oraindik oso urruti, urrutitxo, zinez ote dugun gurean.
Igor Goitia