Sentimentalismoa euskal hauteskundeen aurre kanpainan

Sentimentalismoa euskal hauteskundeen aurre kanpainan – 

Aurreko artikuluan nioen moduan, jendearen hautu politikoan sentimentalismo eta argumentatzearen arteko zeingehiagoka horretan, teknologia berriek eta sare sozialek, desoreka, nabarmen, sentimentalismo aldera lerratu izana eragin dute. Dena den, honetara baino lehen, noan esfera eta opinio publikotzat tradizionalki jo ohi den horren gainean ideia inportante pare bat aurrez hona ekartzera; zerbait ideal eta preskriptibotzat hartu ohia da efera publikoa. Horren arabera, jende aurrean bere diskurtso propioarekin esfera publikoan esku hartzen duten pertsonek derrigor argudiatu behar dute eta euren onerizteak ezin dute euren interes partikularretan oinarriturik egon. Hortaz, idealetik du asko, norbere interesak bazter utzi eta komunitatea, bere osoan, aintzat hartu behar duen aldetik. Hau horrela ere, azken mende eta erdian historiak luzatu dizkigun zenbait gertakari latz tarteko, izan bi Munduko Gerrak, izan bestelako tokian tokiko gerrak, izan bizitako zenbait totalitarismo… ideal honekiko hasierako fedea, egun, gainbeheran dago eta, horraino ez balitz ere, gutxienez, gure “fede publikoa” apaldu da. Kontuak horrela ere, egoera dagoen dagoenean egin behar dugu aurrera,ez dago besterik; izanez ere, ezin dugu inor deliberatze publikoak eskatzen dituen argudiatze-eskakizunak betetzera derrigortu. Badakigu berez nola jardun beharko genukeen gure herrikideekin gai publikoen gainean; era tolerante batean, ahalik eta hobekien argudiatuta, egin beharko genukeela jakin, ondo badakigu. Alabaina, batera, ez da horrela derrigor jardutera behartuko gaituen organo publikorik. John Rawls-ek azpimarratu ohi duenez, esfera publikoan “jarrera hiritarraz” jardutea (deber de civilidad), espero izatekoa izan daiteke, desiratu edo aholkatu daiteke, baina nekez, oso nekez, bermatu daiteke.

Orain, esandako hau kontuan harturik, eta sare sozialek esfera publikoan eragindakoari gure azterketa-begirada zuzenduta, zera esan genezake; itxura guzti-guztien arabera, badirudi aipatu “jarrera hiritar hori” sekulan baino gehiago ari dela eskasten. Hein honetan, sare sozial guztiak ez dira berdinak, baina badituzte ezaugarri komun batzuk. Badituzte bizio edo akats bat; oro har, erabiltze “espresibo” batek bultzatzen ditu hiritarrak sareetara; argudioen oinarritutako pertsuasioa bainoago, norbera erraz eta bat-batekotasunez espresa dezan bere esan-beharrekoa erraztu nahi dute. Gehien-gehienetan adierazpen horiek emozionalki edo sentimentalki adieraziak izan ohi dira eta honek, espero izateko denez, polarizazioa areagotzearen alde baino ez du egiten. Pentsa dezagun, mutur batera eginez, “trols” deituriko horietan, elkarrizketetan indarrez bete-betean sartu eta berauek lehertu egiten dituzten horietan. Gero eta pentsalari gehiago “balkanizazioa” deitu izan duten horretaz mintzo da; sareen baitan zer-nola mugitu eta egon gaitezkeen kokatuta hautatu dezakegunez, den-denok, batera, hiru edo lau informazio talde handiren inguruan elkarrengana bilduta egon beharrean, guztiz ados egongo garen horiekin eta soilik horiengana biltzen gara. Azken honengatik hain justu ere, norberak, sareetan jardutean, “bere ahotsa” moduko bat entzuten, du, errebotatutako oihartzun gisa, eta “erresonantzia kamaretan” aritzea bezalatsukoa litzatekeela esan ohi da. “Balkanizazio”, “sektarizazio” edo “polarizazio” deskribatu hau ikusita, Alexis Tocqueville-k botatako profezia gauzatu dela ematen du, eta, hortaz, nolabait edo beste, iritzi publikoaren tiraniapean bizi garela ematen du. Halaber, Marshall McLuhan ere etor lekiguke gogora, eta berak aurreratutako aldea global izan litekeen sarearen espazioa, idilikotik batere izan ez eta, aldiz, zinetan gune klaustrofobiko eta itogarri baino dela ikusi. “Alperraren aktibismoa” deitutako horrek gorantz egin du nabarmen; “klik bikoitzaren fenomenoa” ere deitu izan da, eta jendeak sarean edozein arazoren aurrean bere elkartasuna zeinen erraz, eta zer konpromiso gutxirekin, egin dezakeen ikusi, bi klik soil erraz eta arin emanez, eta, horretara, “kosturik gabeko solidaritatea” praktikatu. Sareak ahalbidetutako honek guztiak asko ere asko “sentimentalizatu” du demokrazia; baten batek baino gehiagok ere “multzo- edo erlekume-demokraziaren ezaugarriak ere (democracia de enjambre) ikusten dizkio egungo demokraziari; jendetza handiak molde asistemiko batez bultzatutako demokrazia geneukake egungo eguneko hau.

Honek guztiak berez sareetan bere sorgune izan badu ere, eta batik bat hor egosten jarraitzen badu ere, sareetatik kanpoko politikagintza “analogikoan” ere izan du bere isla. Politikagintza, politika ikusteko eta egiteko moldea, inoizkorik sentimentalizaziorik handienera lerratu da abiada izugarri batean azken urteotan. Ez da jada sareen baitan bakarrik ematen ari den gertakari soil bat; politika bere oso-osoan dago egun beraren gaineko ulerpen sentimentalista batek errotik harrapatuta, eta, horren ordainetan, argudiatzez gero eta gabetuago.

Orain, gurera etorriz, gure euskal politikara etorriz, zer esan genezake? Paradigma berri horretan al gaude gu geu ere murgildurik? Edo, hala izanik ere, Espainian, edo gainontzeko herrialdeetan bezainbat? Maila berberean ala gurean gutxiago gauden ez nekike nik esaten, baina joera honek bizi gaituela alderik alde bistakoa da, eta horretara jarriz gero, argi eta klar ikus genezake, ezin argiago, gure hauteskunde aurre kanpaina honetan. Goazen labur-labur horren erakusgarri-edo izan litezkeen gertakariren batzuk lerro hauetara ekartzera.

Hasteko eta behin, zera ikus dezakegu; alderdiek, errealitatearen argazkia eskaintzen dutenean gerora euren “produktua” luzatzeko, errelatoa da nagusi. Errelato horretarako datuak baliatzen direnik ezin uka: Osakidetzarekin loturiko zenbait datu, zenbait aldagairen neurketa, beste horrenbeste Hezkuntzaren gainean… Datu hauek objektiboak dira, ezin ukatuzkoak, eta oposizioan egondako taldeek aukeratutakoak diren horiek, objektiboki neurtzen duten zera horretan, gainbehera nolabaiteko bat jartzen dute erakutsian; hala berean, datuak Eusko Jaurlaritzan egondakoek eskainitakoak badira, bestetzuk izango dira, eta beroien emaitzek egindako kudeaketaren bilakaera bikain emango dute jakitera. Nork bere komenientziara hartuko ditu bereak, eta behin hartuta, panorama beltz, gris edo txuri ikusarazi nahi izango du. Edozeinetara ere, azterketa marko oro hartzaile bat falta dute diskurtso guztiek, ezin konta ahala aldagai lotu edo bilbatuko dituen marko esplikatzaile bat; hori, barrura begira, ezen, kanpora begira, beste hainbat eta hainbat lurralde eta munduko herrialdetan dena delako auzi horrekikoan zertan ari diren alboan aurkeztea eta alderatzea ere falta dute diskurtsoek, modeloen eta emaitzen alderaketa sakona eta osatua falta da. Badakit hau oso zaila eta ulergaitz gerta lekiokeela zenbaitetan hiritar soilari. Badakit horrek ez duela saltzen, ez duela, egun, tokirik politikagintzan. Alabaina, euskal ekonomiari buruzko zeinahi diskurtsok, izan gobernuan daudenena, izan irritsaz berorretan bere burua aurki dakusaketenena, hau edo beste izan, ez luke Ekonomia edo Enpresaritza ezein fakultateko lehenengo mailako entregatu beharreko lantxo baten aprobatua gaindituko.

Denak ari dira sutsu, jo eta ke, bihotza dardaran jarriko duen epika baten bila. Hau hala da baina, ez erabat. Badaude datu global batzuk, hor, asko isil gordeka bada ere, objektiboki den-denoi mintzo zaizkigunak, eta oraindik ere lehengo paradigma politiko analogikorekiko fideltasuna bermatzen dutenak alderdi politiko guztietan. Orain, labur beharrez datu global horietan ezin sarturik, horietariko global eta orohartzailenetariko bat izan litekeen bat aipatzearren, GGI (Giza Garapenaren Indizea; Indice de Desarrollo Humano IDH) ekarriko nuke nik hona. Indize honekikoan, Euskadi munduko herrialde gehien-gehienei gailentzen zaie, Norvegia, Australia, Suitza, Danimarka, Herbehereak, Alemania eta Irlanda soilik aurrean dituelarik. Hau honela, ausarta izan behar da gero, Euskadin egindako politika moldeari guztizko inpugnazioa egiteko; horretara ausartuz gero, sua duzu zain erretzeko pronto. Hori horrela, oposiziotik egongo diren eta egoten ari diren kritikek, izatekotan, partzialak beharko dute izan derrigor, eta betiere aurrez esku-balaztari ondo emanaz. Are Euskal Herrian historikoki iraultzaileenak izan ditugun horiek ere, euren epika eta sentimentalismoa zabaltze aldera, aipatu aitortza horretara makurtu behar izaten ari dira euren hauteskunde proselitismoa egiteko orduan, betiere igurtzi iraultzaile edo profetiko leukakeen guztia bazter utzita, eta “guk orain artean bezala, baina orain baino hobeto egiteko” agindura jokatuz.

Igor Goitia

Sentimentalismoa euskal hauteskundeen aurre kanpainan

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude