Zudañez anai-arrebak, askatasunaren aldeko ekintzaileak
Zudañez anai-arrebak –
Euskaldunak trumilka abiatu ziren Ameriketara bizimodu hobe baten bila, milaka eta milaka joan ziren. Independentziaren aldeko mugimendua Hego Amerikako lurralde zabaletan piztu eta zabaldu zenean, horietako batzuek sistema kolonialaren alde jokatu zuten, baina izan ziren beste asko matxino iraultzaileekin bat egin zutenak. Horietako batzuk ditugu Zudañez anai-arrebak, independentziaren aldeko altxamendu eta gerretan protagonista handiak izan zirenak. Gaurko Bolibian aberriaren heroitzat hartzen dituzte.
1.- Manuel Zudañez
Chuquisaca hirian (gaur Sucre deitua) jaio zen 1760. urtearen inguruan, aita Manuel Ignazio Zudañez jeneral bizkaitarra zuen eta ama Manuela Ramirez de la Torre. 1785ean aipatu hiriko unibertsitatean doktoratu zen eta Klaustroko sindikoa eta Kabildoko errejidorea izatera iritsi zen. 1808ko azaroan, Espainiako errege-familiakoen arteko desadostasunak zirela eta, kalapita handia izan zuen baztandar jatorriko Jose Manuel Goienetxe jeneralarekin eta agiri moduko bat plazaratu zuen Kabildoaren aldarrikapenak azalduz.
Goienetxe jeneralak hainbat pertsona atxilotzeko agindua eman zuen, eta horien artean Jaime Zudañez, aurrekoaren anaia, preso eraman zuten. Atzetik Mariana arreba joan zitzaien segika eta garrasika nebaren askatasuna eskatuz. Laster, jende pilo bat bildu zen presondegiaren aurrean atxilotuaren askatasuna eskatzeko. Erantzunik ez jasotzean, harrika hasi ziren eraikinaren aurka. Azkenean, eta beldurrak eraginda, Jaime Zudañez askatu behar izan zuten.
Baina matxinada ez zen hor bukatu, laster konturatu baitziren atxilotu gehiago zirela. Matxinoak herriko plazan bildu ziren ideia errepublikar independentistak aldarrikatuz eta presoen askatasuna eskatuz. Herriko elizaren ezkilak dilin-dalan, etengabean, ibili ziren jendea matxinadara deitzen. 1809ko maiatzaren 24a zen. Maiatzaren 25ean herritarrak kalera atera ziren eta agintari kolonialak deuseztatu. Maiatzaren 26ean, hiriko Gobernu Agintaritza antolatu zuten eta Chuquisacako miliziak zituzten antolatu. Infanteriako bigarren konpainiaren buru Manuel Zudañez ipini zuten eta artilleriaren buru Jaime Zudañez anaia.
Chuquisacan gertatzen ari zena ikusirik, La Paz hirian antzeko altxamendua gertatu zen eta Gobernu Junta sortu zuten. Hortik gutxira, Goienetxe jeneralak, armada espainiarra zuzenduz, milizia matxinoak garaitu zituen. Hala ere, matxinoen buruzagi askok alde egin ahal izan zuten. Domingo Anibarro eta Antonio Amaia euskal jatorrikoak izan ziren horietako bi. Manuel Zudañez, berriz, preso hartu zuten eta 1811n, kartzelan zegoela, hil zen.
2.- Jaime Zudañez
Manuel Zudañezen anaia, 1772an Chuquisaca hirian jaioa. Abokatu eta politikaria izan zen. Chuquisakako altxamenduan parte hartu zuen anaia eta Mariana arrebarekin batera, eta geroago, Hego Amerikako errepubliken independentzia gerretan borrokatu zen.
Goienetxe jeneralak Chuquisacako Iraultza edo Matxinada garaitu zuenean, Jaime Zudañez preso hartu eta El Callaora bidali zuten atxilo. Bertan kartzelaturik hilabete batzuk egin zituen. Goienetxek urkatu nahi izan zuen arren, 1811n, erregeordeak Zudañez askatzeko agindua eman zuen. Horren ondotik, Txilen babestu zen, eta bertan zegoela Amerikako Nazioen Agiria plazaratu eta zabaldu zuen, amerikar nazioek independentziarako zuten eskubidea aldarrikatuz. Altxamendu berrian parte hartu zuen, baina Rancaguan armada kolonialak milizia iraultzaileak garaitu zituenean, Mendozara ihes egin behar izan zuen.
Denbora pasatu hala, errepublika amerikarrak sortzen ikusi zuen, eta gerora, nazio horietan piztu ziren borrokaldietan ere parte hartu zuen. 1819an Argentinako Konstituzioa idazten parte hartu zuen legelari gisa. Gerora, argentinar iraultzaileen arteko barne borrokak zirela eta, Uruguai aldera ihes egin behar izan zuen, eta Montevideon, 1828-1830, kongresuko diputatua izan zen eta parte hartu zuen independentziaren aldarrikapenean. Montevideon zendu zen 1832. urtean.
3.- Mariana Zudañez
Manuel eta Jaime Zudañezen arreba, 1809ko maiatzaren 25ean, Chuquisacako matxinadan parte hartu zuena. Soldadu kolonialek Jaime anaia preso eraman zutenean, atzetik joan zitzaien garrasika, herritarrak matxinatzera deituz. Lehen aipatu dugun bezala, matxinatuek presondegia inguratu, harrika hasi, eta Jaimeren askatasuna lortu zuten. Chuquisacako altxamenduari Amerikaren independentziaren aldeko lehen garrasi bezala, pasatu da Hego Amerikako errepubliken historiara.
Gaur, Manuel, Jaime eta Mariana Zudañez anai-arrebak Bolibiako eta Hego Amerikako beste errepubliketan askatzaile gisa gurtzen eta oroitzen dituzte. Aintza askatasunaren aldeko borrokalariei!