Zubietatik Larrunera, herri mugidak hazi

Zubietatik Larrunera, herri mugidak hazi –

Joan den irailaren 21etik 23ra, Lurralde Askea elkarteak iraultza txikien kanpaldia antolatu zuen Gipuzkoako Zubieta herrian. Euskal Herriko herrigintza zeharkatzen duten zenbait gogo eta kezka aztertzeko aukera izan da, giro atsegin eta inklusiboan, kolektiboetan dabiltzan jendeen topalekua bilakatuz.

Zubietatik Larrunera, herri mugidak hazi
Arg: Noaua

Hiru eguneko hitzordu horrek interesa piztu eta perspektiba batzuk ireki ditu. Bizipen, ahultasun eta gaitasunak aipatu dira, baita helburu, prozesu eta pertsonen arteko orekak, kanpoko esperientziak eta beste hainbat gai. Parte hartze zuzena segurtatzeari dagokionez, feminismoak landu balore eta praktikak finkatu dira solasaldietan : elkarzaintza eta entzuketa bermatu, zapalduenei leku onuragarria eman edo gozamenean konspiratu. Kultura militante eraberrituen eskaerari erantzun nahian, horizontaltasunari leku aparta emana izan zaio eta aniztasuna oinarri gisa hartu da. Aspektu guzti hauek gure borroken historia hurbilean bazterrean gelditu direla oharturik, ezinbestekotzat jotzen da, orain, metodologia horiek erabiltzea.

Asteburu honek utzi beste aztarnen artean, hau nabarmen daiteke : elkar ezagutzeko eta aurrera jotzeko joerak azalarazten ari direla. Esparru desberdinetan inplikatuak gaudenen artean, trantsizio garaiak bizi ditugula sendi dugu eta etorkizunera begira, bateratzeko espazioak eraiki behar direla gero eta argiago ari da sentitzen. Potentzialak handiak dira, eta dinamika sendoagoak eroso bultzatzeko erreferente komunak adostea izango da hurrengo pausoetarik bat, ahalduntze honek ekarriko dituen galdera, kokapen eta erabakiei denbora eta babesa eskainiz.

Kontuak kontu, herri mugidak benetako aktoreak bilaka daitezen asko dago oraindik egiteko, baina puzzle barreiatuaren piezak hasten ari dira lotzen.

Aman Komunak sarearen baitan ere, sentimendu eta egoera horiek partekatzen hasiak gara. Bilkuretan eta auzolanetan, pragmatikoak eta idealistak, gazteak eta adinekoak, euskaldunak eta erdaldunak, abertzaleak eta anarkistak gurutzatzen dira, elkartasunak paretak mugi ditzakeela konturaturik. Iniziatiba berriek orok dakartzaten energiez blaiturik, asanbladak kudeatzen, epe luzeko kanpainak irudikatzen, argudioak publikoki esplikatzen ikasten gabiltza, definitzeko eta egituratzeko eskas ditugun euskarriak elkarrengandik harturik. Bideari ematen ari zaio garrantzia, momentuz analisi sakonetan erori gabe, konplizitatean aritzeak gorpuztuko gaituela segur izanik. Kasu guzietan, ez gara inoren abangoardia izateko sortu, herrigintza eta autogestioa beste askorekin batera azkartuko dituen elementu aktiboa bilakatzeko baizik.

Xede hauek akuilatzeko, datorren urteko agorril bukaeran Miarritzen eginen duten G7 gailurrari begira jarri gara jada. Eredu kapitalistaren defendatzaileen aurrean, herri mugimenduen erresistentziak eta alternatibak plazaratzeko unea izanen da, jendeen, naturaren eta herrien izaera eta eskubideen alde. Agian, batasunean eta berezitasunean antolatuko diren protestak zedarria izanen dira biharko indar ezkertiarren birkonposatzeko eta aliantzak mahai-gaineratzeko. Horretarako, gauden guztien artean kohesiora jo behar dugu, begirunez eta xilkokeriarik gabe.

Bestalde, Zubietan erraustegiari ezetz erraten diote. Ez dira bakarrak. Nafarroa hegoaldean AHTri, Iruñean eta beste tokietan gune askeen kontrako erasoei, errefuxiatuekin elkartasuna trinkotzen ari da, espezismoa gaitzesten, ikasleak antolatzen, eta abar luzea. Soro askotan lurra iraultzen ari da, belaunaldi gazteenen ufada eta ilusioekin, etorkizuneko intsumisioen ereiteko.

Mezu bera eramanen dugu datorren urriaren 13 eta 14an Larrunen egin asmo duten proiektu turistikoaren kontra prestatu dugun kanpaldiarekin. Han ere ageriko da jendarte osorako ekartzen dugun egitasmo libre eta irekia : naturaren kaltetan den lurraren salketa politika ez dugu onartzen, etekinen mende ez den jendarte batean bizi nahi dugu, hesien ordez zubiak eraikitzen dituen mundu batean.

Zatozte gurekin Larrun gaineko geltokira, bizkar zakuan ekarri anoa eta ideiak ugari, urteetako bidaia elkarrekin egiteko abiatuak baikara.

Lurra eta askatasuna!

Zubietatik Larrunera, herri mugidak hazi

Joseba Alvarez Forcada, Hartzea Lopez Arana, Ekaitza Adin Irastorza
Aman Komunak sareko kideak
Zubietatik Larrunera, herri mugidak hazi
Zubietatik Larrunera, herri mugidak hazi
bizitza da handiena, borroka soziala, demokrazia, desobedientzia, herri mugidak hazi, ingurumena, Larrun, lurralde askea, natura, osasuna, zubieta, Zubietatik Larrunera

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude