Koldo Almandoz: “Ez dizkiot ikusleari kabestruak jarri nahi”

Koldo Almandoz: “Ez dizkiot ikusleari kabestruak jarri nahi” –

Koldo Almandoz (Donostia, 1973) zinemagilearekin ostiral eguzkitsu batean egin dugu hitzordua, bukatu berri den Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean lehiatu, eta Irizar Saria eskuratu duen «Oreina» filmari buruz berba egiteko. Kontu eta kontu dezente luzatu da tartetxo bat baino izan behar ez zuena. Iluntzean, proiekzio berezia zuten Aginagan, non errodaje lanetako batzuk egin diren.

Koldo Almandoz: "Ez dizkiot ikusleari kabestruak jarri nahi"

Guk oraindik betsarean dugu «Oreina». Zuk, non duzu?

Sorkuntza lan askorekin gertatzen den bezala, eta zineak prozesu luzea izatearen desabantaila du, gu bidearen amaieran gaude pelikula aurkezten dugunean, eta kostatzen zait jabetzea publikoarentzat hasiera baino ez dela; sentsazioa dut perspektibarik gabe iristen naizela prozesuaren amaiera horretara, pelikula begi berriekin ikusteko gaitasunik ez dudala. Magia ikuskizun batean egon eta trikimailu guztiak ezagutuko banitu bezala; espero dut ikusleak ilusionismo espektakuluaz disfrutatzea, baina nik ezin dut berdin gozatu.

Filmak bi aste daramatza zinemetan. Piztu du arreta?

Zintzo esanda, horrek kezka gehiago eragingo dio ekoizleari eta banatzaileari niri baino, nik hasieratik bainekien zein pelikula egiten ari nintzen. Horretara begira egon banintz beste erabaki batzuk hartuko nituzke, zine aretoetara begira dauden estrategiak, aktore hautaketa edo hizkuntza hautua egiterakoan, esaterako. Eta gauza bera esan daiteke pelikularen estilo eta moldeaz ere, kontatzeko moduaz; ez da “8 apellidos vascos”. Baina nire itxaropena da baduela ikuslego bat, konbentzituta nago badagoela horrelako zinema ikusi nahi duena.

Zinemaldian Irizar Saria jaso du, aurkeztu berritan.

Sariena oso erlatiboa da. Pozten zara, jakina, ukaezina da hori. Baina epaimahai batek saria eman dizun bezala beste batek ez lizuke emango, eta beraz, ez gara ez galtzaile ez irabazle sentitzen, erlatibizatu beharra dago guzti hori. Niretzako garrantzitsuena da Zinemaldira iritsi ginela, orain jendea ikustera joaten ari dela, zinema aretoetara, eta zabaltzea, mundura zabaltzea. Horrek bai, ematen dizu nolabaiteko bermea, ezagutzen ez zaituen jendeak, zinemara militantziagatik ez doan jendeak zure lanari zein erantzun ematen dion ezagutzea. Gure kultura txiki honetan guztiok eman behar dugun pausoa da, kalitateari so egin eta kanpora ateratzea, ea gure lanek nazioarteko berme hori duten ikustea.

Esan izan duzu «Oreina»k ez duela gidoi finkorik izan. Ez da izango?

Oriako Saria padurak bustitzen du filma.

Egia da pelikula paisaiatik sortu zela, paraje hori begi berriekin begiratzen hasi nintzenean. Batez ere bertan bizi zen jendea nik espero nuena ez zela jabetzean konturatu nintzen paisaia horrek bazuela pelikula bat. Belaunaldiz belaunaldi bertan bizi izan den euskaldunaz gain, kanpotik etorritako gero eta jende gehiago aurkitzen duzu periferia horretan. Industria guneak eta natura basatia, baserriak eta Xcalextric errepideak elkarren ondoan; oso euskalduna da hori, Txingudi inguruan, Oria eta Urumea inguruan eman daitekeen paisaia, edo Bizkaialdeko edozein tokitan, non bizitza basatienetik hiriaren erdigunera metro eskasetan pasa gaitezkeen. Hor bizi den jendea ikusezina zaigu zineman, eta erakutsi nahi nuen, tonu errealista batean, biztanlegoaren zati inportante bat bertan bizi da-eta, herri eta hiriaren arteko transito horretan.

Elkarri lepoa emanez bizi diren bi anaia euskaldun, eta zubi lanak egiten dituen etorkin gazte bat. Lehen kolpean oso estereotipatuak agertu arren, askoz konplexuagoak diren pertsonaiak.

Hasieran ikusiko dugu magrebtarra trapitxeatzen, Jose Ramon ibai ondoan kopetilun eta marmarka, bere anaia etxean, zelatan… pertsonaia arketipikoak aurkeztea, gero guzti horrekin hausteko, horixe zen asmoa.  Euskaldunen zurruntasunaren gai horretan ere [horretaz galdetu genion], topikoen menpe bizi gara; pelikulak duen tonua da. Pertsonaiak egon zitezkeen alai, baina beste egoera batzuk jorratzean aukeratu dugu, esaten dena baino ezkutatzen dena erakustea, pertsonaiak bakarrik daudenean duten jokabidea agertzea, hitzari baino egiten eta egiten ez dutenari leihoa irekitzea. Zergatik? Iruditzen zaidalako ezkutatzen denak gehiago adierazten duela esaten denak baino.

«Zineman oso penalizatua dago “ez dakit” esatea, ziurtasunen gainean eraikia dago. Nik behar dut filmaketa prozesuan filmari gauzak gehitzea, eta horretarako beharrezkoa da zalantza».

«Hausnarketari eta gure burua lanean jartzeari uko egiten diogu askotan, ez dugu jarrera kritikorik. Eta nik ez dut ikusleari asto edo mandoei jartzen zaien begikoak jarri eta nik nahi dudana ikus dezan nahi».

Etengabeko joan-etorrian dabiltza, txalupan dela motorrean dela. Eta animaliena ere, presentzia nabarmena da filmean.

Transitoarena oso erabaki kontzientea da. Egunerokotasunaren gero eta denbora gehiago pasatzen dugu joan-etorrian, lanetik etxera eta hemendik aisialdira, izan kotxez, bizikletaz, trenez zein barkuz, berdin zait. Alde batetik bestera gabiltza baina ez bidaian, ez turismoa egiten, eta ibilbide txiki horiek bakardadean egin ohi ditugu, gure buruarekin. Nolabait horixe islatu nahi nuen, oso gauza garaikidea iruditzen zaidalako. Animalien agerpenari dagokionez, egia da badagoela analogia moduko bat fauna eta landarediarekin, agertzen baitira bertakoak, migratzaileak… egiten da analogia bat pertsonaiekin, ekosistema horren isla dira. Baina hortik haratago, ez dugu sinbolismo zehatz bat bilatu. Kuriosoa da, jabetzen naiz ikusleak beti bilatu nahi izaten duela esaten zaiona baino gehiago; eta hori ondo dago baina… kontu izan behar dugu. Egin izan dizkidate analisiak, bi anaiak Euskal Herriak azken 50 urtetan bizi izan duena irudikatzen dutela esaten, eta jarraian Kataluniako egoeraz galdetu. Ados nago sinbolismoak bilatzearekin, baina batzuetan burua joaten zaigu.

Hitz gutxi ditu filmak, eta elkarrizketa sinesgarriak.

Ados. Normalki pelikulek tonua izaten dute, eta komedia bada, esaterako, apur bat derrapatu daiteke elkarrizketetan, sinesgaitzak izanda ere. Gure arazoa da filmak ez duela tonurik, oso errealista da, oso naturalista, eta edozer eginez gero harri-kartoia bat-batean ikusten dela. Bazeuden dialogo batzuk gidoian, errodatzen hasi eta… “ez da sinesgarria!” esatekoak. Eta guztiak oso naturala eman zezan, euskaratik gaztelerara pasa, isiltasunak, ahoskera ez perfektua, ezpainekin egindako keinuak… lan asko egin behar izan dugu. Bizitzan ere horrela egiten dugu, eta film honek hori behar zuela iruditzen zait. Eta gauza bera islatu nahi genuen, pelikularen tonua naturalista izanik, gatazka eta frustrazioekin ere, metatzen doazenak modu bortitz batean agertu beharrean. Ez dugu, ez elkarrizketa ez ekintzetan, drama ala epikarik bilatu.

Filmaren argazkia goraipatzen duten mezuak irakurri ditut, sare sozialetan.

Asko pozten naiz Javierrengatik [Agirre Erauso, argazki zuzendaria], artista hutsa da, baina ez dakit ba, aipamen horiek ez naute txoratzen, beste kontu batzuk ezkutatzeko erabiltzen baitira. Ez dugu film estetizista bat egin, saiatu gara ez egiten, baina egia esan padurak duen berezko edertasuna ezin duzu saihestu, leku ederra da. Sare sozialak direla-eta, badakigu zer diren. Orain denok dugu gauza guztien gainean iritzia emateko joera, eta ondo deritzot, ez dut esan nahi ez zaidanik jendearen iritzia inporta, baina ematen du gauzak gozatzeko baino beraietaz iritzia emateko kontsumitzen ditugula. Niri aldetik, saiatu naiz libre jokatzen pelikula egiterakoan, eta iritzi batzuk heldu bazaizkit ere, oso onak ez ditut gehiegi sinesten, ezta oso txarrak ere, min gehiegi eman ez dezaten.

Esan izan duzu kontatu beharrean, iradoki egiten duela «Oreina»-k, erakutsi beharrean ezkutatu. Ikuslearentzat, honek baditu bere arriskuak.

Zinemaldia bukatzear zela, irailaren 28an heldu zen zinema aretoetara «Oreina», eta bi astebururen ostean bertan dirau, hogei aretotan, gutxienez ostegunera arte. Aparte, nazioarteko jaialdien bidean ere jarri da, Toulousen hasita. Zuzeun, Mikel Zumetak egin zuen Koldo Almandozen azken filmaren kritika, esteka honetan irakurgai duzuena.

Koldo Almandoz Koldo Almandoz Koldo Almandoz Koldo Almandoz Koldo Almandoz Koldo Almandoz Koldo Almandoz

ZUZEUko erredakzio kide