Zozoak beleari ipurbeltz
Zozoak beleari ipurbeltz –
Amatiñok Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako, bere blogetik jasoa.
Donostiako gotzain jaunari ez zaio gustatu Madrilen Diputatuen Kongresoak erabaki duen eutanasia legea. Honela dirudi, behintzat, San Jose egunez egindako sermoi* latza entzunez gero.
Munillaren predikuaren ustez, eutanasia legea da gizarteak bizi duen krisialdi moral sakonaren ondorio eta bokazio politikoa erregeneratu beharraren adierazgarri. Segurutik arrazoi du, bai, bokazio politikoak erregenerazio beharra du-eta. Baina, bokazio politikoak bakarrik? Bokazio erligiosoak ez al du erregeneratu beharrik?
Behar bada ez zaio arrazoirik ere falta, eutanasia larriaren inguruan erabili ohi diren zenbait hitz gozo eufemismotzat jotzen dituenean. Esaterako, eutanasia “hiltzeko laguntza” bezala aurkeztu izaten da, gotzainaren ustez, funtsean, inor hiltzea baino ez dela aitortu beharrean. Bapo, hitzekin kontuz ibili beharra dago, euren egiazko esanahia ez mozorrotzeko. Baina, bera ez al da, kontrakoan, bekatu berean erortzen, eutanasia “suizidatzeko laguntza” besterik ez dela adierazten duenean?
Gipuzkoako elizaren nagusiak gogotik salatzen du indartzen diharduen ideologia, zeinetan, Estatuaren laguntzaz, birmoldatzen den nolabaiteko pentsamendu bat eta bakarra, nortasunaz, ezkontzaz, bizitzaren sorreraz eta heriotzaz. Nonbait, pentsamendu anitzetik pentsamendu bakarrera pasatzen ari gara. Tira ba… Nik uste nuen, ordea, alderantziz zela, hau da, zenbaitzuk bizitza osoan ezagutu izan dugun pentsamendu elizkoi bakarretik, gizartearen edozenbat pentsamendutara pasatzen ari ginela.
Hain zuzen ere, inork ez dio Donostiako gotzainari bere pentsamendurik ukatuko baina, kristauok benetan sinestu behar al dugu eliza dela, beti, giza-eskubideen artzainik onena, aurreritzirik ez duen bakarra, batere baldintza ideologikorik gabe ari dena, moral unibertsalaren interprete orojakilea eta alderdi politikoen epaile edo bedeinkatzailea?
“Zozoak beleari ipurbeltz” dio euskal esaera zaharrak. Senez apala izan nahi duen arimak ez al du, tarteka-marteka, pentsatu behar, ez ote den zozoarenak egiten ari?
.
Zozoak beleari ipurbeltz
Ez naiz ni Munilla goratzen hasiko, baina gauza bat ona ikusten diot nik gizon honi: politikoki zuzena izateak bost axola diola. Eta horrek gaur egunean BALIO HANDIA du. Beste batzuk Munillak duen adorearen erdia balute!