Zorrotzako geltokia lurperatzeko plana, “despazito”
Zorrotzako geltokia lurperatzeko plana, “despazito”
Luis Fonsi puertoricarraren kantua da “Despacito“, sagardotegi osteko parrandan taberna bakoitzean gutxienez behin dantzatu izango zenuena, denboraldi honetan. Bilboko Zorrotza auzoan, Feve geltokia lurperatzearen aldeko aldarria egiteko erabili duten doinua ere bada “Despacito”, egitasmoa ezin mantsoago doala dioten salaketa hitzak erantsita.
Gaur larunbata, maiatzak 6, kantuaren flashmob aldarrikatzailea egingo dute auzoan (Gaztetxe Plazan 11.30ean), “Feve lurperatuko dugu!” lelopean
.
Tren pasabidea lurperatzeko egitasmoa astiroegi doala salatzeko Igor eta Jabi Gutierrezek erabili duten kantua jatorrizkoarekin gogaiturik gaudenoi ere arreta deitzeko modukoa da. Izan ere, asmatu dute doinuari hitz berriak eransten.
Euskadi Irratiko Faktorian elkarrizketatu dituzten bi anaia zorrotzarrek horrela diote, kantu elebidunean (Fonsi eta Daddy Yankee-ren ahotsa jarrita):
.
“Bai, eskolara joan behar dudanean,
autobusa hartzen dudan bakoitzean,
oinez edo kotxez betiko kontua…
Ez, istripu gehiagorik ez dugu nahi,
urte asko dira gabiltzala zain,
nahikoa da, behingoz entzun gure oihua…
DES-PA-CI-TO, ezin da jarraitu horrela betiko,
altxatu Zorrotza ez dugu etsiko,
trena lur azpian dugu ikusiko…”