Zoritxar baten kronika
Joxe Juan Ugalde irrati-gizonaren kasuarekin aste honetan gertatutakoak, ikasbide bikaina behar luke guztiontzat, agerian utzi dituen hainbeste gauzaren artean bat, gutxienez, ikaragarri nabaria izan baita: tentu handiz erabili behar dira twitter bezalako sare sozialak, batez ere gurea bezalako komunitate txiki batean, arrisku handia baitago arretaren erdigune bihurtzeko, baita hala nahi ez bada ere.
Katea, atzo, ekainaren 11ko gaueko hamarrak aldera hasi zen @joxe_juan Ugaldek bere twitter kontu pertsonaletik albistea eman zuenean:
Badirudi… badirudi… Hala esan dit informatibo arduradunak… Aritz Agirrek…
— Joxe Juan Ugalde (@joxe_juan) 2013 ekaina 11
Hortik aurrera apur batean geratu ezin izango zen uholdetxo bat hasi zen gure komunitatean: antza, Faktoria irratsaiotik kendu egingo zutela adierazi berri zioten Ugalderi eta blokeatuta eta min handiz zegoela aitortu zigun haren kontua jarraitzen dugun guztioi.
Jakina, goizero Joxe Juanen eta bere taldearen lan bikainaren lekuko garenok sutan jarri ginen eta bazter guztietatik hasi ginen geu ere su ematen gaiari. Inork ez zuen argiki esan baina @jozulin bezalako erreferentzia batek, honakoa idatzi zuen, esaterako:
Esango nuke @joxe_juan eta lankideei ez dietela zerbait barkatzen… #faktoriaBAI
— Jozulin (@jozulin) 2013 ekaina 11
Ostras, Pedrin, berriro ere euskarazko informazioa galtzaile, pentsatu genuen askok, nik bai, behintzat. Eta banindoan neu ere dinamita apur bat gehitzera su hartan guztian, ez bainengoen prest salatu gabe uzteko halako profesional handi baten “suntsipena”, ezohikoa dudan zuhurtziaz galdetu nuen arte irailetik aurrera Ugalde kentzen bazuten, zer egiteko asmoa ote zuten berriek. Neuk galdetu eta, berehala Ugaldek berak erantzun tuit bidez:
@hasier Etzegok sekreturik Hasier, hobea duk; Maite Artola.
— Joxe Juan Ugalde (@joxe_juan) 2013 ekaina 11
Ordurako jende “handia” zebilen zalaparta hartan, eta euretako batzuk sinadura bilketa bat abiarazi behar zela esan eta martxan jartzen. Kazetari jendea, baina baita politikariren bat ere. Gainera, Ugalde berak Euskadi Irratiko bi arduradunen izenak ere eman zituen.
Hura ikusitakoan balaztei eragin nien: maite ditut Joxe Juan eta haren lan aparta, baina Maite Artola jartzera bazihoazen irailetik aurrera, nik dakidanagatik, ez nuke esango Faktoria irratsaioa kaltetzeko asmoarekin hartutako erabakia zenik. Badaezpada, ixilik hobe. Kitto, beraz, txoritxo honen mokoa.
Hala ere, ZuZeuko erredakzioan erabaki zen, gaia interesgarria zenez, Joxe Juani elkarrizketa bat egingo zitzaiola biharamonean telefonoz, eta halaxe adostu zuen kazetarietako batek berarekin.
Gauerdia iritsi zenerako, olatutxoa, lehenbizi trapaila eta ondoren ekaitz bilakatua zebilen edo, bederen, hala bizi izan nuen nik: Ugalde eta Artola, biak profesional handiak nire iduriz, handienetakoak!, zer demonio ari da hemen gertatzen?
Lanbide honetan gabiltzan guztiok dakigu zelako mina ematen duen programa kentzen digutenean eta, zer esanik, oso zeurea sentitzen duzun zerbait beste bati ematen diotenean. Zertarako ukitu bikain dabilena?
Konprenitzen nuen, beraz, Ugalderen mina eta errukitu egiten nintzen haren egoeraz: ez nuke haren larruan egon nahi. Baina, bestalde, Euskadi Irratiko zuzendaritza berriak zergatik ez zuen, bada, bere erara antolatuko kurtso berria?
Lo geratu nintzen, ordua ere bazen eta. Ugaldek ere eten egin zituen bere txioak. Kitxo. Ez du beste seinalerik eman lerrook idazten ditudaneino, eta Zuzeuk ezin izan dio elkarrizketarik egin gertatatutakoa kontatzeko.
Biharamon goizean galdetu nien Euskadi Irratiko gainerako lagun eta lankideei ea ezer harrigarririk ba ote zen afera hartan, eta ezetz, denek, ez zutela uste ezer gaiztorik ikusi behar zenik zuzendaritza berriaren erabakian. Kafe makinaren inguruko solasetan ere beste iritzirik ez zen entzuten.
Baina ordurako abiatua zen sinadura bilketaren elur bola, eta oraindik ez da geratu. Has zaitez gertatutako ñabardurak kontatzen eta ikusiko duzu lokomotora batek nola harrapatuko zaituen azpian…
Honen guztiaren bilana edo balantzea negargarria da, istoriotxo honetan mundu guztia irten baita galtzen. Gehien Ugalde bera, jakina, ihes egin baitio neurriak bere mina eta ulertezintasuna kanporatzeko orduan. Baina zarata inori komeni ez zaionez, galtzen irten dira, halaber, Euskadi Irratiko zuzendaritza berrikoak eta baita Maite Artola ere, batek baino gehiagok usteko baitu kontsigna batzuk jasotakoak direla.Eta merezi gabe, baten baten kontrakotasuna joango zaio irailean hasten denean.
Eta seguru, asko, neurri mikroskopikoan, jakina, neu ere irtengo naiz zerbait galtzen lerrootan kontatzen dudan nire ikuskera kontatzeagatik. Irabazi handirik ez, behintzat.
Izan ere, galtzen abilak garen bezainbeste, ez dugu oraino nehoiz irabazten ikasi. Beste edozein lekutan arkakusoaren zurrupa litzatekeena, tigrearen atzaparkada bihurtzen baita, denok elkar ezagutzen dugun tribu txiki honen baitan.