Zonbiak
Zonbi nahi gaituzte. Emakume zein gizonezko, zonbi eta otzan. Uniformatu eta uniforme. Kontsumo-egarri aseezinezko. Ezinezko neurriko. Arin. Argal. Gihartsu. Zaindu. Eder. Gorputzean bilorik gabeko. Zahirik gabeko ile askoko. Garbi. Usain goxodun. Polit. Xarmangarri. Seduktore. Gogor. Xamur. Erakargarri. Ausart. Abenturazale. Bidaiari. Luxuzale. Ekologiko. Gogoa eta gorputza kolonizatu nahi dizkigute; burmuina garbitu eta hustu. Aspaldi hasi ziren lanean, aterik jo gabe barru-barruraino sartu zitzaizkigun, gutxika baina jo eta ke aritu dira ordutik; pixkanaka landu gaituzte, etengabe landu beraien nahierara moldatu arte.
Oharkabean, edozein egunetan, haiek irtengo dira gure etxeko portaletik gure bizitzak bizitzera, gure eguneroko ohikeria antzeztera, eta, itzultzean, akaso ez dugu portaleko aterik topatuko, ezpada atea zegoen lekuan pareta, eta paretan pegatutako afixa, eta afixatik begira publizitate-irudi bat, irudi lau eta arrotza, bihurtu garen errobotaren isla anizkoitza, arropa berriak jantzita, erosketetatik bueltan, ekologiko, luxuzale, bidaiari, abenturazale, ausart, erakargarri, xamur, gogor, seduktore, xarmangarri, polit, usain goxodun, garbi, zahirik gabeko ile askoko, gorputzean bilorik gabeko, eder, zaindu, gihartsu, argal, arin, ezinezko neurriko, kontsumo-egarri aseezinezko, uniforme, uniformatu, otzan, zonbi. Esklabo. Gezurrezko. Dohakabe. Patetiko.