Euskal futbolaz

Euskal futbolaz

Azken aldian KULTURAren (eta bidenabar euskal kulturaren) inguruko hausnarketa eta debatea pizteko beharraz hainbat forotan irakurri eta entzun dut (Beñat Sarasola eta Ainhoa Güemesen arteko elkarrizketa, Donostia 2016 egitasmoa…).

Euskal futbolazBat nator. Herri honek herri bezala aurrera egingo badu, (beste hainbat gairen artean) kulturaren oraina eta etorkizunaren nondik norakoak denborarik galdu gabe zehaztu eta finkatu behar direla uste baitut nik ere. Baina… egia esan behar badut, gero eta nahastuago ditut normalki musika egitera bideratzen ditudan neurona apurrak.

Horregatik agian erantzun baino galdera gehiago ditudala esan behar.

Aurkako kontzeptuak omen: Kultura hila vs. bizia. Ona vs. txarra. Partehartzaile-eraldatzailea vs. hartzaile pasiboentzakoa. Elitista vs. herrikoia. Tutelatua vs. askea. (…)

Aurkari, edo elkarren osagarri bakoitza bere neurrian, lehentasunak zehaztuz eta bakoitzari bere espazioa aitortuz?

J.S Bach-ek 1700 inguruan konposaturiko San Joanen Pasio hunkigarria Kursaal betean entzutea zer da? Eta obra bera Kortxoenea eraitsi berrian? Eta Ken Zazpi edo Benito Lertxundi Euskalduna aretoan? Eta arrats berean Maider Lopez edo Esther Ferreren performance batean parte hartzea? Eta Baluarte antzokira Brad Meldhau pianojolearen ametsezko munduan galtzera zoazela, Iruña kantari ekimenarekin topo egin eta kantu pare bat botatzea? Eta astea amaitzeko Gaztetxean Gatillazo-ren kontzertua entzutea? Zein dago hauetatik hila eta zein bizia?

 

KULTURA ona eta txarra existitzen al dira?
Goizean arte kontzeptual saio batean edo DSS 2016eko “laborategi” (hau bai hitz magikoa) batean parte hartu duenak , etxera iristean zer jartzen du bere cd entzungailuan? Schoenberg-en sinfonia bat, Sun Ra-ren free jazz cd bat edo bere gaztaroko oroitzapenetan goxo kulunkatzen duen Pink Floyd-en edo Itoizen LP ajatu hura? Edo astelehenez bata eta asteartez bigarrena?

Kultur sorkuntzatik bizi nahi izatea, zer da? Arima saldu, kapitalismo basatienari amore eman eta industria maltzurraren hatzaparretan erortzea? Zer iritzi dugu euskal kantari bat ikusteko 20€ko sarrera ordaindu behar denean? Eta Tom Waits ikusteko 80€?

Euskal futbolaz

Ez dok 13 haustura izan zen hogei urte lehenago Pete Seeger edo Atahualpa Yupanquik irekitako bidea Euskaraz jorratzeko ausardia izan zutelako? Edo diktadura bati aurre egin ziotelako min gehien ematen zion lekuan? Minoritarioak al ziren euskal herriko frontoi guztiak mukuru bete zituzten hauek?

Trikitilariak, dantzariak, kantu egile xumeak, poesia idazle bakartiak, musika garaikide konposagileak, jazz musikariak, bertsolariak, rock izarrak, antzerkilari eta aktoreak, pastoral idazleak, performance egileak…Batzuek transgresioa dute arau, beste batzuek araua transgresio. Inor soberan al dago?

Zer da apurtzaileagoa 17 urteko neskato batentzat, larunbat gauez Bonberenean Glaukoma + Bad Sound entzutera joatea edo hurrengo goizean (Andrerik gabeko) Agur jaunak abestuz amaitzen den Tolosako abesbatza lehiaketako amaiera ekitaldi hiperklasikoa? Eta biak egingo balitu zer?

Eta zer da erreakzionarioagoa, be bop emanaldi bat Bilbaina Jazz Clubean, Igeldoko teleferikoko kabinaren teilatuan hipster talde baten kontzertua edo Ernio magalean Zelatungo zelai berdeetan iraileko igande eguzkitsu batez trikitixa erromeria bat?

 

Zer da estandarra, zaharkitua eta zer berria, aurrerakoia, apurtzailea?
Zeren arabera erabakitzen da gure egunkarietan disko, liburu edo antzezlan baten kritika egitea eta bestearena ez? Kalitatea, moda, mainstream ez izatea, edo bai?

Marina Abramovic-en performanceak masa gertakari bihurtu diren honetan non daude muga horiek? Eta horri guztiari hizkuntza gehitzen badiogu, euskara alegia, cocktaila are esplosiboagoa gertatzen da euskaraz sortze hutsak ia edozein kultur adierazpen erresistentzia eta autoafirmazio ekintza bihurtzen duelako.

Definizioz minoritarioa den (eta beti izango den) arte zirikatzaile, transgresore eta deserosoa bereziki zaindu behar dela dudarik ez dut, dudarik ez dudan bezala kultur ekintzailetasunaren humus/sustrato garrantzitsua diren gune autogestionatuak sutsuki babestu behar direla. Baina era berean, zer egin beti hor izango dugun gainontzeko gehiengo zabal horrekin? Autoafirmazio espainol, frantses edo anglofonoaren esku utzi?

Hezkuntzaren bidez eraldatuz eta garatuz doan plazer estetikoaren bilatze hutsa kultur adierazpideen balio garrantzitsua den bezala, gure erreferente estandarretan autoafirmatzea ere halaxe dela esango nuke (sormena ez bait da neutroa, jaiotzetik jaso ditugun erreferente horien arabera moldatua baizik), eta noski, gure afirmazio horiek guztiak ezbaian jarriko dituen arte transgresorea ezinbestekoa. Baina garrantzitsuena agian ez al da izango jarduera hauen guztien arteko elkarbizitza (des)orekatua? Are gehiago gurea bezalako kultura txiki, minorizatu eta hauskor batean?

Gaur Gaztetxean eta bihar Arriaga antzokian; joan etorriko bidaia ezaguna sortzaile gehienontzat herri honetan.

Kulturaren adiera zabalenean, KULTURA, gizakiaren herentzia biologikoa ez den guzti hori da: janzkera, sukaldea, hizkuntza, jarrerak, sinesmenak, morala, bizilekua… Baina azken aldian susmoa daukat bolo-bolo dabilen kulturaren definizioan soberan dagoen elementu ia bakarra kulturgilea bera dela.

Zein erabakigunetan daude idazleak, musikariak, antzerkilariak, artista plastikoak, zinegileak?
Ia ikusezin bihurtu gara (ekitaldi-apaingarri goxo bat behar ez denean behintzat…) hainbeste politikari, teknikari eta kultur pentsalariren artean. Eta ez dakit ba, geroz eta gehiago arrantzale edo baserritarren kontura arrantza eta esne kuotak erabakitzen dituzten horien antza gehiago hartzen diot kultur munduari ere.

Euskal futbolazBadakit bai. Bakartiak gara, insolidarioak, gehienetan banitate handikoak eta seguruenik ez gara hain onak. Seguruenik herri txiki eta kolonizatu bateko sortzaile txiki eta saiatuak baino ez gara. Goizero jaiki eta kantatxo bat, gidoi zati bat, poesia bat, lerro berri bat, paragrafo bat agian… euskaraz idazten saiatzen gara zergatik ez dakigula. Hori da gure patua. Eta askotan pentsatzen dut ea merezi duen.

Ez dakit, agian posible izango da kultur sortzaile tradizionalik gabeko kultura bat etorkizunean (jada ez baitakit nola deitu kantari, musikari edota idazle arruntei errudun sentsazio itogarri bat eztarrian sentitu gabe), agian orduan, guztiok izango gara sortzaile, agian, une horretan ikuslea eta aktorea bat eta bakarra izango dira eta ez da antzokien beharrik izango. Baina gaur arraroa begitantzen zait kulturaren izenean munduari ateak zabalduko dizkiogun honetan gure sortzaile handi eta ez hain handien izenak hain soil eta hain bakan ikustea. Kulturak agian onartuko du baina gure herriarentzat ez al da luxu handiegia horrelako abagune batean gehienak kanpoan uztea?

Oharra: Lerro hauek amaitzen ari nintzela Maialen Lujanbioren artikulu fin, zorrotz eta zehatz bat iritsi zait esku artera Gaztetxeak, askatasun tutelatua, demagogiak, pareta zuriak… dena ezin hobeto azaldua.
Euskal futbolaz

Zer duzu buruan “Euskal futbolaz”-ri buruz