Zinemaldiko zazpigarren eguna | Sail Ofizialeko asko

2012ko irailaren 27a, osteguna

Atzo Greba Orokorra deituta zegoen Hego Euskal Herrian, eta Zinemaldian ere eragina izan zuen. Donostiako denda eta taberna gehienak ateak ixtea erabaki zuten. Zinemaldiko arduradunek ere, egunez aldatu ezin zitezkeen Kursaaleko ekitaldiak baino ez zituzten mantendu. Bertaratu zirenek Emily Tang txinatarraren All Apologies, zein Bahman Ghobadiren Fasle Kargadan/Rhino Season pelikula poetikoa ikusi ahal izan zituzten. Pablo Larrainen NO (EZ) filmak ere zeresana eman du. Zabaltegi perlak sailean aurkeztu duten film txiletar honek Canneseko aurtengo errealizatzaileen hamabostaldian pelikula onenaren saria jaso zuen.  Nazioarteko presioaren aurrean Augusto Pinochet diktadoren txiletarrak bere presidentetza babesteko erreferendum bat antolatu behar zian zuen 1988an. Gertakari horitan oinarritutako Antonio Skármenta idazlearen Referéndum eleberrian oinarritutako filma da. René Saavedra (Gael García Bernal) publizista gaztea ezezkoaren aldeko kanpainaz arduratuko da eta azkenean irabazi egingo dute. Publikoaren Saria jasotzeko hautagaietako bat da.

Osteguneko protagonista nagusia J. A. Bayona gaztearen The Impossible (Ezinezkoa) filmeko protagonistetako bat izan da: Ewan McGregor. Filma aurkeztera ez ezik Donostia Saria jasotzera ere etorri da aktore eskoziarra. Pozik utzi ditu alfonbra gorrira zein Maria Cristina hotelera hurbildu diren jarraitzaileak. Gabonetan Tailandiara joan den familia baten benetako istorioan oinarrituta dago filma.

Costa-Gavrasen Le Capital filmak ere harrera beroa jaso du ikusleen artean, gutxitan gertatzen denaren  aurka, filmeko une batean  ikusleak txaloka hasi baitziren. Pelikulak, Marc Tourneulien izeneko bankari baten igoera geldiezina du hizpide. Egungo egoera ekonomikoaren gogoeta planteatzen du. Zuzendariaren hitzetan “sozietatearen gehiengo nagusi bat da galtzailea”. Haren emazte eta ekoizle Michele Ray-Gavrasen ustez gizarte zibila antolatu bitartean ez da ezer aldatuko.  Frantzian inork ez duela dirurik inbertitu nahi izan aipatu zuen eta gainontzeko herrialdeetan banatzea errazagoa izan dela. Batek baino gehiagok jarri izan dio Costa-Gavrasi “zuzendari politiko” etiketa, berak film guztiak politikoak direla esan du gaur arratsaldean eman duen prentsaurrekoan. Irudi bitartez, gizartearekin lotura handia duten istorioak kontatzen ditu. Askok thrillertzat badute ere, jatorri greziarreko zuzendariak nahiago izan du suspense pelikulatzat izendatu. Stephane Osmonen eleberrian oinarrituta dago lana eta idazleak, bien artean aldea dagoela aipatu du. Frantzian, gurearekin alderatuta zineak eta kulturak orokorrean babes handiagoa dutela aipatu dute denek.

Carlos Sorin  argentinarraren Días de Pesca izan da Sail Ofizialaren barruan aurkeztu den eguneko beste pelikula bat nahiz eta aurreko bi filmek baino harrera hotzagoa izan duen. Marco (Alejandro Aguada) alkoholiko izandako 52 urteko gizonaren gora beherak kontatzen dira pelikulan.

Eguna amaitzeko Publikoaren Saria irabazteko hautagaia den Cesare deve morire (Zesarrek hil egin behar du) filma aurkeztu dute Paolo Taviani eta Vittorio Taviani zinemagile ezagunek. Erromako Rebibbia espetxeko presoek antzeztutako antzerkiaren bertsio zinematografikoa da. Shakespeareren Julius Caesar da antzezlan honen atzean dagoen obra.

IZAN ALA EZ IZAN