Zinemaldiko laugarren eguna | Astelehena

 2012ko irailaren 24a, astelehena.

Astelehenak gogorrak izan ohi dira. Oso gogorrak. Are gehiago, tenperatura aurreko egunetan baino hotzagoa denean. Laurent CantetenFoxfire filmak kafe kargatuen efektu pizgarria izan du batzuengan, harrera hotzagoa beste batzuengan. 1953an gertatzen den, New York estatuko sei neska gazteren istorioa da Joyce Carol Oats-en Puro Fuego eleberrian oinarritutako pelikula. Cantetek, 1999an Zuzendari Berriak saileko saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian Ressources humaines lanarekin. Beranduago, lan berarekin, Cesar sari bat irabazi zuen.

Atzo ikusi ezin izan zutenek, gaur Truebaren azkeneko lana (El artista y la modelo) ikusteko aukera izan dute eta gaur ere harrera ezin hobea izan du zuzendari espainiarraren filmak.

Jateko batzuk hainbat modutan prestatu daitezke. Amaren eta amamaren lapikokoak, antzekoak izan arren, ez dira berdinak izaten. Zazpi chefek prestatu dute Zabaltegi saileko eguneko menua. La Habana hiria da zazpi zuzendariek euren platerak sortzeko erabili duten osagai nagusia.

Benicio del Torok El Yuma izeneko bere film laburrean aktore amerikar gazte baten Habanako ibilerak kontatuko ditu. Pablo Traperoren Jam session piezak ordea, Emir Kusturikak Habanako Zine Jaialdira egindako bidaia bitxia du ardatz. Zuzendari serbiarraren mozkorraldi xelebrea, sari bat eta musika herrikoia konbinatzen ditu lanak. Elia Suleimanen Diary of a Beginner flima ere nahiko bitxia da. Plano estatiko batzuekin ikuslearengan irribarrea piztea lortzen du. Julio Medemen La tentación de Cecilia, aurrekoak baino istorio tristeagoa da, maitasun istorio garratz bat. Gaspar Noéren Ritual lana beste piezak baino eskasagoa iruditu zait. Juan Carlos Tabíoren Dulce Amargok aurreko lanaren garraztasuna apur bat gozatzea lortu badu ere, ez da lehenengo piezen maila berean egon.

Collagea osatzen duen azkeneko pieza Laurent Cantenten La Fuente istorio bitxia da. Auzoko batek, auzokide guztiak batzen ditu bere etxea egun batetik bestera konpontzeko asmoarekin, Ama Birjinaren omenezko festa bat antolatzeko asmoa baitu. Habanako gizartearen argazki humanoena egiten du zuzendari frantziarrak.

Menu gozoa prestatu dute, nahiz eta plater batzuk bukatzea lortu ez dugun.Sail Ofizialeko beste pieza bat Segio Castelittoren Venuto al mondo lana izan da. Dramatik gertuago behar lukeen istorioak, negar eta etsipena baino, barre algara handiak eragin ditu aretoan, nahiz eta (oker ez banago behintzat) zuzendariaren asmoa hori ez izan. Istorio eskas eta sinesgaitza, interpretazio ez oso sinesgarriak eta seriotik gutxi duten ikono eta erreferentziak nonahi.

Eguna bukatzeko, batzuk atzo ikusi ahal izan zuten Fermin Muguruzaren azkeneko lana Principe 3 aretoan: Zuloak. Artista irundarra, beteranoa da Zinemaldian. 2009an Checkpoint Rock: Canciones desde Palestina dokumentala aurkeztu zuen Zinemira saioean. Iaz, Al Jazeera Documentary Channel kateak ekoitzitako Next Music Station lana aurkeztu zuen. Dokumentalen munduan gero eta indar handiagoa duen Talka Records&Films ekoiztetxearen azken lanak Arrate Rodriguezen proiektu soziologiko eta esperimentalaren gorabeherak biltzen ditu. Zuloak izeneko rock talde bat sortuko du Arte Ederretako fakultateko beste neska batzuekin batera eta prozesu guztia grabatzea erabakiko du. Emaitza, Zinemaldian estreinatu berri duten 99 minututako dokumentala.

Bihar gehiago!

IZAN ALA EZ IZAN