Zinemaldiko hirugarren eguna | Zeru hodeitsua

2012ko irailaren 23a, igandea.

Françoise Ozonen azkeneko lanean agertzen den artelana bezala esnatu da gaur Donostiako zerua: hodeitsu. Lizeoko ikasle bat da Dans la Maison(Etxean) filmeko protagonista. Germain frantseseko irakasleak animatuta, Claude, azkeneko lerroan esertzen den ikaslea, bi familien istorioa idazten hasiko da, bere ikaskide batena eta irakaslearena. Apurka-apurka errealitatea eta fikzioa nahastu egingo dira eta ezinezkoa izango da bata eta bestearen arteko muga non dagoen asmatzea. Juan Mayorgaren El chico de la última fila antzezlanaren egokitzapen zaindua da Sail Ofizialaren barruan estreinatu den Ozonen film luzea.

Zine komertzialak ere badu bere tokia Donostian. Oliver StonerenSavages (Basatiak) filma da horren adibide. Don Winslowen eleberriaren egokitzapena da filma. Californiako bi marihuana kultibatzaileren eta narkotrafikatzaile-kartel gupidagabe baten arteko liskarra da Hollywood-eko produkzio honen ardatza. Eskuartean hiru Oscar sari dituen zuzendariaren azkeneko produkzioa, irailaren 28an zinema aretoetan estreinatu baino lehenago Zabaltegi sailean aurkeztu dute. Donostian dira egunotan Oliver Stone eta John Travolta. Biek ala biek sari bana jaso berri dute Kursaaleko areto nagusian egin den gala berezian. Lehenengo saria John Travoltaaktore ezagunarentzat izan da eta bere kide Benicio del Torok eman dio. Bigarren saria Oliver Stone zuzendariak jaso du.

Maja Milosen Klip film polemikoa ere eman dute gaur Zinemaldian. Pelikula nahiko ausarta da zuzendari serbiarraren azken proposamena. Rotterdamgo Tiger Award sari bat irabazi zuen. Serbiako gerraostean bizitza gogorra daraman nerabe baten istorioa kontatzen du. Mugikorrarekin grabatutako zatiak tartekatzen dira ohiko metrajean found footage teknika erabiliz, hortik pelikularen izena. Mezu inpliziturik gabeko sekuentzia esplizitu gehiegi. Zapore gazi-gozoa utzi duen beste film batAntonio Méndez Esparzaren Aquí y allá filma izan da. Mexikoko egoera gogorraren ispilua izan nahi du filmak, baina aukeran mantsoegia da Latinoamerikatako zinea ikustera ohituta ez dagoenarentzat. Emanaldi guztien amaieran ohikoak diren txalo zaparradarik ez bi lan hauentzat.

Zinemaldian sail ugari badaude ere, Sail Ofizialeko filmek sortzen dute ikusmira gehien. Fernando Truebaren El artista y la modelo pelikularen akreditatuentzako proiekzioan besaulki bat bera ere ez da geratu hutsik. Zuri beltzeko lan pertsonal hau artearen eta bizitzaren inguruko gogoeta pertsonal eta interesgarria da. Plano luze eta erritmo motela izanagatik ere, ikuslea begiak zabalik izatea lortzen du filmak.

Michel Gaztanbide gidoigilearentzat egun garrantzitsua izan da gaurkoa Zinemira saria jaso baitu Sail Ofizialeko epaimahaikideak.

Bero sargoria eta euri zantzo batzuk gora behera, ez du euririk egin. Zinearen magia ote?

IZAN ALA EZ IZAN