Zinemaldiko bosgarren eguna | Euria egin du

2012ko irailaren 25a, asteartea
Lehenengo egunetan eguraldia lagun egon bada ere, azkenean euria egin du. Ziad Doueiri zuzendari libiarraren The Attack (Atentatua) filmeko klimaren guztiz kontrakoa. Jatorri palestinarreko zirujau israeldar baten emaztea atentatu suizida batean hiltzen da. Poliziak, atentatuaren egilea emaztea izan dela uste du.
Medikua, sinetsi ezinik, Palestinara joango da, emaztea erreklutatu zuten fanatikoekin hitz egin ahal izateko. Libano, Frantzia, Qatar eta Belgikako koprodukzio hau Yasmina Khadraren L’attentat liburuan oinarrituta dago.  95 minutuko film interesgarria. Bi alde badaude ere, Palestina eta Israel, ez du bataren edo bestearen aldeko hauturik egiten. Bi munduak ulertzen saiatzen da, bi aldeak humano egiten.
Euskal ekoizpenek ere zinemaldian lekutxo bat daukate, nahiz eta aurten euskarazko fikzio lan gutxi egon. Zinemira saileko lan gehienak dokumentalak dira. Aurten gainera, nahiko polemikoa izan da filmen aukeraketa, besteak beste, ez dutelako Barrura begiratzeko leihoak filma hautatu.
Gaur bi euskal film ikusi ditugu: Patxo Telleria eta Aitor Mazoren Bypasskomedia erromantikoa eta Luis Maríasen Gernika bajo las bombas TV-moviearen zinemarako egokitzapena. Bypass, Nemekitepá izenarekin aurkeztu zuten grabatzen hasi zirenean. Komedia erromantikoa bata eta drama gogorra bestea. Gustura atera da jendea bi proiekzioetatik.
Zapore gazi-gozoa bestalde, Sail Ofizialean lehiatu den Barbara AlbertenDie Lebenden/The dead and the living filmarena. Sita neska gaztea, bere aitona SSetako kidea zela jakitean, informazio gehiagoren bila hasiko da. Film honetan, The attacken bezala bilaketa bat da abiapuntua.
Bihar greba. Etzi bueltan.

IZAN ALA EZ IZAN