Martxan da Zinea atariaren VI. Kritika Lehiaketa

Martxan da VI. Kritika Lehiaketa – 

zinea.eus

Egilea:  Zinea.eus

Urtebeteko lana izango da. Astero-astero zinemara joan beharko duzu, film bat arretaz jarraitu eta, ondoren, eragin dizun hausnarketa publiko zabal batekin partekatu beharko duzu. Trukean, ospea, loria eta dirutxo bat jasoko dituzu. Erronka onartzeko prest? Heldu da Zinea atarian urtebetez zinema-kritikari gisa jarduteko lehiaketa!

 Aurten ere, zinemari buruzko errepertorioa biribiltzeko asmotan, zinema-aretoetan ikusgai diren filmen kritikak argitaratzeko asmoa dugu. Hori dela eta, zeregin horretaz arduratuko den laguna behar dugu, zineman jarduten duen norbait, ala besterik gabe, zinemazalea den edonor. Azken urteetan Uxue ArzelusAritz SorzabalMikel ZumetaZigor Etxebeste eta Sara Hernandez izan ditugu gurekin lanean, eta orain, 2020ko ekainetik aurrera, urtebetez ariko den kritikari berria topatu nahi dugu.

Parte hartu nahiko bazenu, aukeratu euskal film bat, 2019tik aurrera estreinatutakoa aukeran, eta, kritika egindakoan, guri bidali beheko e-posta helbidearen bidez. Banan-banan jasotako kritika guztiak argitaratzen joango gara, epaimahaikideek lanok baloratzeaz gainera, atariko irakurleek ere hauek irakurri eta bere balorazio propioak egin ditzaten.

Kritikari gisa hautatua izateko deialdira aurkezteko kontuan hartu behar dira:

  • Parte hartzaileek euskal film bat hautatu eta haren inguruko kritika egin behar dute. info@zinea.eus helbidean jasoko ditugu hauek.
  • Kritikek izan ohi duten formatua errespetatu behar da. 300 eta 400 hitz bitartekoa izan behar du, eta filmaren izenburua, zuzendaria, urtea eta herrialdea aipatzea ezinbestekoa izango da.
  • Lana bidaltzeko azken eguna maiatzaren 31a izango da (ostirala, egun hori barne), egilearen izen-abizenak, adina, herria, posta-helbidea eta telefonoa jartzea ahaztu gabe.
  • Deialdira aurkeztutako kritika guztiak Zinea atarian argitaratuko ditugu lehenengoz eta, ondoren, Ganbara datutegian jarriko ditugu. Kritika bidaltzen duen hautagai orok bere lana argitaratzea onartzen du, beraz.
  • Kritikaria aukeratzeko, iazko irabazlea hautatu zuen aditu taldearen iritzia izango dugu kontuan.
  • Pertsona bakoitzak kritika bakarra bidaltzeko aukera du.
  • Irabazleak urtebeteko konpromisoa hartuko du Zinea atariko arduradunekin, eta deialdira aurkeztutako lanaren ezaugarri antzekoak dituen kritika osatu beharko du astero, asteazkenetan publikatuko duguna.
  • Egindako kritika bakoitzagatik ordainduko zaio, ohiko kolaborazioen prezioan.

Edozein zalantza izanez gero, jarri gurekin harremanetan info@zinea.eus helbidean edota 943 504 206 telefono zenbakian.

Animatu parte hartzera eta zorte on guztioi!

Martxan da Zinea atariaren VI. Kritika Lehiaketa

Euskal pantailaren gunea