Nafarroan esku-hartze sozialerako hitzarmen sektoriala behar dugu

Nafarroan esku-hartze sozialerako hitzarmen sektoriala behar dugu –

Badakigu jende askok galdetuko duela zer den esku-hartze soziala. Definizio batek esaten du «gizartean konpondu gabeko arazoen aurrean antolatzen diren norbanakoen ekintza antolatua dela». Laburbilduz, Administrazioak enpresa pribatuekin azpikontratatutako gizarte zerbitzu publikoetan lan egiten duten langileak dira, eta horien lana populazio sektore ezberdinak artatzea da.

Nafarroan esku-hartze sozialerako hitzarmen sektoriala behar dugu

Adibide batzuk jartzearren, aisialdia, gazte, familia desegituratu, drogaren menpeko pertsona, tratu txarrak jasandako emakume, tutoretzapeko adin txikiko, gizarte bazterketan dauden pertsona, pertsona migratzaile, aniztasun funtzionala duten pertsona eta abarrekin lan egiten dugu. Ikus daitekeenez, artatzen den populazioaren espektroa askotarikoa da oso.

Esku artean dugun ardura eta funtzio sozial honen aurrean, dudarik gabe, esan dezakegu langile gehienok oso lan baldintza kaskarrak pairatzen ditugula. Urteetan zehar irizpide ekonomikoak lehenetsiak izan dira, eta kasu askotan, irabazi-asmoa. Hori aski izango ez balitz, gure sektorean gehienak emakumeak direnez gero, diskriminazio sexista pairatu izan da, gaur egun prekarizazio egoera larrian aurkituz.

Azken finean, lan arautegi faltak guztiz kolpatzen gaitu. Eta jendartean, nahiz eta gure ekinbideak garrantzia duen, ez da batere ezagutzen, ezta aitortzen ere. Gainera, murrizketek bat-batean kolpatu gaituzte, berez txarra zen egoera okertuz. Horrela, gutako askorentzat ohikoak dira eta ez salbuespen, esate baterako, lan egutegirik ez izatea, lan edo zerbitzu jakin baterako kontratu ilegala izatea, lan zama ikaragarriak, eskakizun emozional oso handia, langile gutxi, 800 euroko soldatak, osasuna bidean galtzea, eta abar.

Baina dena ez dago galduta. LAB sindikatutik bi urte daramatzagu lehen Esku-hartze Sozialeko Hitzarmena bultzatzen eta, egoera soziopolitikoa baliatuz, posible da orain eta hemen sektoreko lan baldintzak hobetzen joateko erreminta lortzea. Azken bi hamarkadetako politiken eraginei buelta ematea dugu erronka. Hitzarmen hau lortzea sektoreko langile guztientzat gutxieneko oinarria bermatzea izango litzateke, eta bai administrazioek, plegu bat ateratzen dutenean, bai entitateek, konkurtsoetara aurkezterakoan, betebeharreko minimoa. Hitzarmen honek sektoreko langile guztientzat etorkizun duina bermatu beharko du eta hau gabe ezin dira bermatu kalitatezko zerbitzu sozial publikoak.

*Artikulu hau 345 langilek sinatua da.

Nafarroan esku-hartze sozialerako hitzarmen sektoriala behar dugu

Sindikalgintzan (LAB). Iruñerria.