Zientzia eta teknologia gaiak guztiontzat sarean, Elhuyar aldizkariaren eskutik

elhuyarElhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariak webgune berria estreinatu du.

Elhuyar aldizkaria da zientzia eta teknologia gaiak euskaraz eta dibulgazio-mailan argitaratzen dituen aldizkari bakarra.

Harpidedunei zerbitzu osagarriak eskainiko zaizkie webgune berriaren bidez.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkaria zientzia eta teknologia gaiak euskaraz eta dibulgazio-mailan argitaratzen dituen aldizkari bakarra da, eta orain, webgune berria estreinatu du aldizkaria.elhuyar.org helbidean.

Elhuyar aldizkariaren papereko bertsioan jasotzen diren edukiak sarean daude webgune horretan, edonoren esku. Euskaraz sortu eta landutako edukiak aurkituko ditu han irakurleak. Hemengo zientzialari, ikerlari eta adituen ahotsak biltzen dira, eta euskal ikerketaren eta ikertzaileen berri jaso eta zabaltzen da. Gainera, irakurleak Euskal Herriko komunitate zientifikoa ezagutzeko aukera izango du.

Elhuyar aldizkariaren webgunean honelako edukiak jasotzen dira: albisteak, erreportajeak, elkarrizketak, iritziak, istorioak, liburuak, argazkiak… Aldizkariaren papereko bertsioko atal guztiak jasoko dira webgunean, eta eduki osagarria eskainiko du.

Webguneak hiru helburu ditu nagusiki: irakurle eta harpidedunei zerbitzu osagarriak eskaintzea; aldizkariaren eta irakurleen arteko komunikazioa eta elkarreragina sustatzea; eta gune baliagarria izatea aldizkariaren kolaboratzaileentzat.

Zerbitzu osagarriak harpidedunentzat

Edonork irakurri ahal izango du Elhuyar aldizkaria aldizkaria.elhuyar.org helbidean, baina Elhuyar aldizkariaren harpidedunei zerbitzu osagarri batzuk eskaini nahi izan dizkiegu: Elhuyar aldizkariaren harpidedunek aldizkariaren edizio digitala deskargatu dezakete; eduki osagarria irakurri ahal izango dute (iturriak, bibliografia, bideoak, gaiarekin lotutako albisteak, etabar); iritziak emateko bidea izango dute eta harpidetzaren datuak kudeatzeko gunea erabili ahal izango dute.

Martxoaren 15etik apirilaren 15era bitartean Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko harpidedun egiten direnak, tableta baten zozketan sartuko dira. Harpidetza Internet bidez egiteko, sartu aldizkaria.elhuyar.org webgunean.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.