Ziburun duintasuna helburu eta tresna
Harrituta gabiltza azken asteotan Ziburutik heltzen zaizkigun berriekin. Herriko Etxeak (auzapeza buru eta gainontzekoak isilik?) haur hezkuntzako 12+1 haurtxo kaleratu nahi dituela egiten ari den obra trabatzen dutelako? Argia, ura eta, maltzurra behar da izan, babes-hesiak kenduko dizkiela? Gure hizkuntzan, euskaraz, hezteko oinarrizko eskubidea ukatuko diela?
Pentsatzen hasita, obra handi bakarra oztopa dezake haurtxo horien euskarazko heziketak: Frantzia jakobinoarena. Ez ote da hori Ziburuko auzapezak kosta ala kosta (13 haurtxoak horrelako baldintzetan utzita) bermatu nahi duen obra?
Baina, ez digu harridura gutxiago sortu emandako erantzunen duintasunaren tamainak. Alde batetik, beraien haurtxoa, hamahirugarrena, mehatxu horren arriskupeko taldera batu duen familia horrena.
Elkartasuna aurretik. Bestetik, Seaskak eta Kaskaroteneak emandako erantzuna: hemen gaude, ez gara mugituko, balizko ordezkoak prest ditugu, eta Euskal Herri osoari babesteko deia zabaldu. Ezin tinkoago, ezin duinago, ezin ikuspegi zabalagoarekin, itzela! Desobedientziak bideak zabaltzen dituela egoera eta aukera berriak sortuz, bai horixe.
Eta garai berean, eskolaratze garaian, Pauetik datorkigu irakasleentzako guraizea: aurreikuspen gutxiko baina ikuspegi zorrotzeko erabakiaren bitartez, irakasle postuak zalantza-dantzan jarrita.
Hori guztiori gutxi balitz, altxa dezagun fokoa Euskal Herri mailara eta, egun beretsuetan, Madrilek Nafarroan ETB ikusi ahal izatea trabatu duela jakin dugu.
Noiz arte baldintzatuko dute euskaldunak ez diren boteredun arrotzek gure haurtxoen eskolaratzea, gure irakasleen lanpostuen egonkortasuna, telebista geure hizkuntzan ikusi ahal izatea geure herrian…
Jakin, bada, ziburutarrok, Euskal Herri osoa duzuela begira, eta tinko jarrai dezazuen ahal duguna egingo dugula zuen elkarretaratzeak babestuz, zuen erresistentzia duinaren aldeko diru ekarpenak eginez, eta zuengandik ikasiz, euskararen katea biziberritu eta sendotu dezagun. Atxik azkar!
EH Bilduren izenean:
– Pili Robles
– GarbiƱe Zurututza
– Mireia Arginzoniz
– Josu Larrea