Eskailerean euskaraz

logoona

 

Euskaltzalea zara? Etsita zaude inguruan sumatzen duzunarekin? Erdal Irrati Telebista (EITB) ikusteari utzi diozu? Tripako mina eragiten dizu gero eta gehiago zabaltzen ari diren utzikeriak eta zabarkeriak? Honek ez duela erremediorik esaten diozu behin eta berriz zure buruari? Aspertu zara besteei alferrik eskatzen euskararen alde hau eta bestea egin dezaten? Lasai! Amaitu dira zure nahigabeak! Egizu zerorrek!
ESKAILEREAN EUSKARAZ da behar duzun elkartea, aspaldian zain zeundena. Hartu zaituen ezina eta etsia astintzen lagunduko dizuna. Utz itzazu bazter alferreko jardunak. Ahaztu kexak eta deitoratzeak. Ahaztu intziri antzuak. Laga zaputzak umeentzako eta ekin helduak bezala. Bidal pikutara zure esku ez dagoen guztia eta atxiki zure eskumenekoari.
ESKAILEREAN EUSKARAZ! Zure esku dago. Zure ezkaratzeko hurrengo bileran, zoaz eta egizu euskaraz. Beldurrik gabe baina ongi antolatuta. Jarri aurretik elkar hartuta gainerako bizilagun euskaldunekin, norbaitek eraso eginez gero, zure alde hitz egin dezaten (euskaraz noski). Eta guztia erdaraz errepikatu behar bada, argi utzi eragozpen horren erruduna erdalduna dela. Ahal badu bidal dezala seme-alaba euskaldunen bat bere ordezko hurrengo bilerara, eta ezin badu ohar dadila zer-nolako oztopoa den bere elebakartasuna. Presta zaitez telefono mugikorraz grabatzeko erdaltzaleen oldarrak. Entrena zaitez etxean ispilu aurrean, otzan eta lasai baina egoskor eusteko zeureari. Entzun beharko dituzunak aurrez ikusi eta landu erantzunak. Inork ezin dizu eragotzi. Legea aldeko duzu gainera, euskarak ofizialtasuna duen eremu guztietan.
Ez bazara ausartzen edo zalantzak baldin badituzu, bota itzazu plaza honetan eta laguntzen eta indarra ematen saiatuko gara denon artean. Ausartzen bazara baina zure kezkak azaldu nahi badituzu, hemen gaude entzuteko. Ausartzen bazara, egizu eta emaiguzu horren berri hemen. Graba ezazu eta ekatzu grabaketaren esteka hona, denok ikus dezagun eta zurekin poz gaitezen. Zorionak bidaliko dizkizugu hemendik. Milaka garaipen dauzkagu zain. Garaipen txiki baina handiak. Mapa eskailera euskaldunez beteko dugu apurka-apurka. Gure esku dago euskara nagusitzea. Emaiozu garaipena euskarari. Beste inork ez du egingo eta zure ordez.

Izan zaitez ahalegin honetan bazkide. Sartu horretarako sortu dugun FB taldean.

9 pentsamendu “Eskailerean euskaraz”-ri buruz

  • Negargarriak gara euskaldunak. Ausardia behar gure hizkuntza erabiltzeko! Beste edozein lekutan gaizki begiratzen dizute ez baduzu haien hizkuntza ezagutzen, eta gu lotsatzen gurea hitzegiteagatik! Zer kakajale gara? Honelako nazio bat ez dakit existentzia merezi duenik ere.
    .
    “Ausardiarik” behar gaduzu euskaraz hitzegiteko, ezazu egin. Ez zaitugu behar.

    • Errealitateari bizkarra emanda eta ez ikusiarena eginez ez da ezer aurreratzen. Errealitatea ez bazaizu gustatzen, jar ezazu zure hondar aletxoa pixkanaka aldatzen laguntzeko. Eta denak gara beharrezko.

  • Goobi, non bizi haiz? Serio…

    • Bestela: errealitatea oso latza da. Hau ikusi nahi ez izatea eta ñoñokeria bat ausarditzat ematea da errealitateari bizkarra ematea.

      Iban: Baskonian bizitza osoa eman dut, baina orain beste nonbait bizi naiz. Eta euskaldunon gure hizkuntzarekiko utzikeria, koldarkeria, mediokretasuna eta estrategia inteligente falta begibistakoa egiten zait orain beste herriekin alderatua. Lotsagarriak gara.

      • Ñoñokeria behar lukeenak euskaldun ia guztiei kristoren ausardia eskatzen die. Horregatik da errealitatea lazgarri. Eta Horren aurrean bi bidé baino ez dituzu: etsipenarena eta hondar aletxoarena. Zeurea aukera. Baina pentsatu etsipenak jota lantu hutsean geratzen bazara ez zarela kritikatzen dituzunak baino hobea.

  • Peru Dulantz 2014-10-03 09:18

    Iban, jakin ezazu troll bati erantzuten ari zarela.

    • Nirekin ados ez egoteagatik ez nazazu irandu. Berexi xamarra zarela idatzi behar nuen, zure aurkakotasuna dela eta, baina oso arrunta zara.

    • Errazegi ari gara trollen kontu hori astintzen. Sorgin ehizatik troll ehizera jauzi? Goobiren etsipena oso ezkorra da baina marrazten duen koadroa ez da gezurra. Kanpotik begiratuta ikusi duenak mindu egin du. Seguru asko euskaldunak idealizatu samar izango zituen aurrez. Saía gaitezen gureganatzen uxatu beharrean