Zezenak unibertsitatean?
Zezenak unibertsitatean? –
“Toreaketa-zezenak akupuntura moduko bat jasaten du”. Esaldi hori bota zuen Julio Fernández Sanz albaitariak pasa den urtarrilaren 27ko hitzaldian, AVATMAk (Tauromakiaren eta Animalien Kontrako Tratu Txarren Abolizioaren Aldeko Albaitarien Elkartea) argitaratu duenez.
Ildo berean, otsailean “Zezen suharrak mina gainditzen du” izenburuko hitzaldia emanen du aipatutako hizlariak Iruñean, “Toreaketa-abereak eta tauromakia” izeneko XII. jardunaldiaren barnean, Nekazal Ingeniaritza eta Biozientzietako Goi Eskola Teknikoak (ETSIAB) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatuta.
Egitarauan leku zabalagoa dauka tauromakiak abeltzaintzak baino eta deigarria da zezenketen aldeko joera nabarmena, hitzaldien eta mahai-inguruen gaiengatik zein hizlariengatik.
Jardunaldiak ez luke horrenbeste harrituko zezen-elkarteren batean edo horretarako alokatutako areto batean eginen balitz, baina ez da horrela, izan ere, UNIBERTSITATE PUBLIKO batean antolatu da. Ez dirudi tokirik egokiena maila teorikoan eztabaidagarria den eta, hainbat ikerketa eta inkestak erakusten duten moduan, praktikan gero eta baztertuagoa den gai horren aldeko proselitismoa egiteko.
Unibertsitateak, gure ustez, eztabaida sustatu beharko luke eta ez doktrinatu, oro har eta gai honetan ere bai. Goian aipatutako hitzaldiaren izenburua orain arte esandakoaren adibide argia da, “zezen suharrak mina gainditzen du” baieztapena hizlariaren iritzi eztabaidagarria besterik ez baita. Izan ere, ikerketa eta autore gehienek kontrakoa diote: zezenak sufritzen du, ez gutxi, toreatzeak eragindako torturan, baita aurretik ere, jasandako tratamenduengatik eta dehesatik egindako bidaian. Eztenkadak jasotzen hasi eta azken arnasa arte, zezenaren irudiak (nekez jasan daitekeen ikuskizun erabat arbuiagarria) ez du adierazten, inolaz ere, animalia “mina gainditzen” ari dela, muturreko sufrimendua jasaten ari dela baizik. Beraz, esparru publiko eta unibertsitario batean, askoz egokiagoa izanen litzateke erabat aldenduta dauden jarrerak elkartzea, publikoak bakoitzaren ekarpenak entzun eta ondorioak atera ditzan. Kasu horretan AVATMAko albaitariak, adibidez, parte hartzeko prest egonen lirateke.
Antolatutako mahai-inguruaren izenburuak ere badu mamia: “Gazteek gustuko dute tauromakia”. Erabateko baieztapenak ederki azaltzen du nondik nora bideratuko den gaia. Duela gutxiko argitalpenek, eta ez hain berriek, ordea, kontrakoa adierazten dute argi eta garbi: gero eta gehiago dira zezenketak arbuiatzen dituzten herritarrak, gazteen adin-tartean batez ere. Esaterako, BBVA Fundazioak urtarrilean argitaratutako ikerketak jaso du Espainako Estatuko biztanleen %80 baino gehiago animaliak ikuskizunetan erabiltzearen kontra dagoela, zezenketetan esaterako. Aipatutako mahai-inguruan gaiari buruzko ikuspegi historikoa eta gaur-gaurkoa eskaintzen duen “Pan y toros” liburuaren egile Juan Ignacio Codina gonbidatu zitekeen, edo Jose Enrique Zaldivar, Bruselako Parlamentuan, Espainiako Kongresuan eta Kataluniako Parlamentuan gaiarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartu duen albaitaria. Horrela posiblea izanen litzateke espiritu unibertsitarioa berreskuratzea (kritikoa hitzaren zentzu zabalean: eztabaidak eta galderak azalarazten dituena). Halaber, beharrezkoa izanen litzateke mahai-inguruaren izenburuari galdera ikurra gehitzea: “Gazteek gustuko dute tauromakia?”, galdera baita gaiaren errealitatearekin eta antolatzailearen izaerarekin bat egiten duena.
Aurkezpen ofizialak berak erakutsi nahi izan du zezenketen ustezko gorako joera. Datuek, ordea, beherakada nabarmena dela adierazten dute: Kultura eta Kirol Ministerioaren estatistika iturrien arabera, 2007. eta 2019. urteen artean zezenketak % 64 murriztu ziren. Goian aipatutako “Pan y toros” liburuko hitzaurrean, Juan López de Uraldek honela dio: “Tauromakia azken fasean dago; diru publikoagatik soilik eusten dio”. Argi dago ezatabaida sortzeko, aberasgarriagoa litzatekeela adituak entzutea, jardunaldiak proposatzen duen norabide bakarreko ildoa baino.
Hitz batez, zezenen gaia eztabaida daiteke unibertsitatean, baita publikoan ere, baina jardunaldia antolatzeko aukeratutako formatua ez da egokia jakintzaren esparru horretan. Izan ere, hobeki ikasten da askotariko iritziak entzunez eta eztabaidan parte hartuz, alde bakar batekoen ikasgaia jasoz baino. Tamalgarria.
…
Luisa Vallejo Pascual, Elena Fraile Pernaute, Xabier Barber del Río, Mikel Azkona Huercanos
Iruñea Antitaurina