Zertarako grebak?

Metal_greba_gipuzkoa_efe_foto610x225

Azkena Metalaren lanuztea izan da. Baina honen atzetik ere izan ditugu makina bat, asko, zenbatzea ere zaila ukaiteraino. Krisi garaian gaude-eta “proletargoa” letargotik esnatuta altxatzen da zapaltzen duen burgesaren aurka. Ni naiz, edo jada zail xamarra da sinisten ipuin hau? Proletargoaren eta burgesarena dinot. 2013an Euskal Herrian binomio hori aipatzen jarraitzea ez al da anakronikoa eta gezurrezkoa?

Esan bezala hamaika izan dira grebak, hedabideek krisia ofizialki hasi zela iragarri zutenetik (Krisiak iragarri egiten baitira, gero betetzeko) Eta ezer gutxi da aldatu, ez bada okerrera noski. Eta etsipena bezala, inpotentzia besterik ez da hedatzen jendearen artean, huelgaz huelga, ezertxo ere aldatzen ez denean. Statu quoaren sindikatuak zahartuta daude (alderdiak bezain beste edo gehiago), anakronikoak dira eta tokiz kanpo dagoen diskurtso bat darabilte. Eta okerrena da zuk, astekari hartan lan egiten duzun kazetariak, badakizula, zuk, dendari edo tabernari, badakizula, zuk, tornero edo igeltsero: badakizula. Grebek ez dutela ezertarako balio egun, aurrerapen sozialak lortzeko.

Lehen zerbait egitea zen kontsigna, orain ez garen zerbait izatea da

Lehen hura zen kontsigna, egin ezazu hau edo hura, patroiari presioa sartzeko. Burgesiari lepoa estu diezaiogun, zioten. Orain kontua aldatu da, ez da egiteko esaten, ez garen hori izateko baizik. Eta hor dator arazoa, ezina, zuloa. Kontraesana funtsean. Ez garena egun batez izateko antzerkian, ezer gutxi dugula lortzeko. Arranopola, zer garen ere argi ez dakigula, zer egin behar dugu bada?

Garaia dugu egungo subjektua kontzientziatzeko, egiteko, egungo ingurunea aztertu eta borroka molde berriak pentsatzeko. Berriz argi izateko zer garen lehenik, zer nahi dugun bigarrenik eta nola iritsi gaitezkeen helmuga horretara. Askatu buruak, eduki dezagun irudimen apur bat, eta imagina dezagun beste mundu horretara nola ailegatu. Martxa honetan lipdubak egiten amaituko dugu-eta…

5 pentsamendu “Zertarako grebak?”-ri buruz

  • Konfunditu naiz eta datsegitera eman diot. Beira ezazu mundu guztian zehar eta ikusiko dezu nola gehien burrukatu dianak zuzenbide gehio dituztela. Sindikatuak geo eta indar gehio,geo eta soldata hobeagoak. Estatuan bertan ,beiratu sindikatuak nun duten indar gehio,nun mugituneta burrukatu dan gehien,eta korrelazioa ikusi. Burgesa eta proletariadoa gainditu behar deula? Ez txo,gauza zeharo ezberdinakndira. Horrelako oentsamoldekin bai akatuta gaudela.

  • Ez nago ados orokorrean, kexa ulergarria ba ere. Enpresari guztiak ez dira burges gaiztoak eta soldatapeko guztiak ez dira proletario zintzoak. Manikeismo horretatik ihes egin behar dugu, baina funtsean bereizketak bizi-bizirik dirau, sistema ekonomikoak gehien eta gutxien dutenen arteko aldea handitzen jarraitzen duelako, hemen eta Indian, gero eta bizkorrago. Eta esango nuke gaur egungo krisi ekonomikoa bereizketa larriagotzeko erabiltzen ari direla, ertaineko klase deritzona suntsitzeko, alegia.
    *
    Grebak alferrikakoak direla ere esaten duzu, ezer aldatu edota ezer saihestu ezin izan dutelako. Lehengo hausnarketa, ordea, zera da: orain arteko protesta otzanak egin izan ez balira, zein izango litzateke oraingo egoera? Zein izango murrizketak? Ziur nago okerrago geundekeela. Egia da emaitzak nahiko etsigarriak direla eta zuk aipatzen duzun sentsazioa ia saihestezina dela. Baina kontu honetan bi akats egin ohi dira:

    1) Lorpenak ez dira inoiz egun batetik bestera lortu. Hamaika greba, protesta eta matxinada egin ziren aspaldi eta denbora luzez orain hain azkar galtzen ari garen eskubideak lortzeko. Haietako gehienak ustez alferrikakoak izan ziren burutu zirenean, biharamunean berdin jarraitzen zutelako. Gaur egungo mundu azkarrean, ordea, dena azkar nahi dugu, eskubideak lortzeko banda zabala edukitzea balitz bezala, pelikula jaistea bezain azkarra balitz bezala. Eta ez.

    2) Urtean bitan edo greba orokor egiteagatik eta bi egun soldata galtzegatik ez da ezer aldatzen. Sute handiari ur pixka bat botata, agian pentsatuko du batek ura alferrikakoa dela sua itzaltzeko. Erosotasunetik ezin da ezer aldatu, ezin da gaitzik saihestu. Aldaketa kuantitatiboa oso handia denean, kualitatiboa da.

  • Julen Gereka 2013-06-22 13:00

    Bitxia da nola bere burua aurrerakoitzat duen kazetari batek, ustez diskurtso aurreakoi bat egin nahi duelarik nola lerratzen den (konturatu gabe bada ere) eskuinaren eta burgesiaren alde eta proletargoaren aurka.

    Bai, egia da, burgesia eta proletargoa XIX. mendean hasi ziren erabiltzen modu zientifiko batean, Marx eta Engelsekin, baino horrek ez dakar berekin gaur erabiltzea anakronikoa denik. Ez al gara Marx eta Engelsen sistema berean bizi? Ez al gara kapitalismopean bizi? Orduan bezala, kapitalismoak ez al gaitu basakeriara kondenatzen? Bai, ezta? ba orduan ez da anakronikoa.

    Grebari buruz mintzatzeko gogoa baduzu, ondo legoke hainbat galdera mahai gainean jartzea? 1. Zuk egin duzun galdera, hau da, zertarako (balio du) grebak? 2. ze kalte eragiten dio existitzen den burgesiari? 3. zertarako erabilten ditu kupula sindikalak grebak?

    Honatx erantzunak:
    1. Grebak langileen kontzientzia areagotzeko balio du, ekoizpen prozesuan jokatzen duten papera agerian geratzen da, greba egunean ez da ekoizten, nahiz eta nagusiak lantokira joan. Horrek langileriari jabetzen laguntzen dio posible dela nagusirik gabeko gizarte bat eraikitzea. Eta ez hori bakarrik. Greben bidez ezarri nahi diren erreformak atzeratzea ekar dezake. Ikasturte honetan estatu mailan izan diren ikasle grebek lortu dute urte betez bada ere Wert legea onartzea atzeratzea. Turkian ere greba eta borroken bidez lortu da parke hori suntsitzea geldiraraztea. Burgesiak ez du ezer oparitzen eta eskubide sozial guztiak borrokaren eta grebaren bidez lortu dira.

    Eskuina saiatu da langileen kontzientzian sartzen grebak nagusiari mesede egiten diola egun horretako soldata eta dagokion oporren zatia ordaintzen ez duelako. Baina grebak enpresariari eragiten dion galera handiagoa da mesedea baino, zergatik bestenaz dute hitz egiten duten PNVk CiUk eta PPk horrenbesteko gorrotoz grebaren aurka? Zergatik horrenbeste mehatxu enpresetan grebalarien aurka?
    Egia dateke egun bateko greba egiteak ez lukeela, testuinguru honetan, askorako balio. Sindikatuek (LAB, ELA, UGT edo CCOO izan) greba deitzen dutenean azpian duten langileen presioagatik egiten dute. Ez dute “sindikatuak gara, beraz grebak deitu behar ditugu” filolofia jarraituz egiten, aitzik, langileriak badaki grebak zertarako balio duen, badaki langileriari indarra ematen diola eta horregatik presionatzen ditu kupula sindikalak grebak deitzera. Baina bistan da greba batek ez, aste osoko grebak, greba mugagabeak egiteko garaia hurbiltzen hasi dela. Hain zuzen ere, enpresa eta sektore askotan 24 ordukoak baino luzeagoak diren grebak hasi dira. Langileria ez da tontoa, badaki zertan dabilen.

    Ondorioz: Ez da anakronikoa burgesiaz eta proletargoaz hitz egitea, anakronikoa izango da bi klaseok sortu dituen sistema (hots kapitalismoa) suntsitu eta klaserik gabeko gizartea eraikitzen dugunea. Bitartean, burgesiaren eta langileriaren arteko talka gero eta handiagoak ikusiko ditugu eta greba izango da burgesiari aurre egiteko tresna nagusia. Orduko hartan bezala, mamu bat dabil, oraindik ere, Europan zehar.

  • Donostiarra 2013-06-22 17:43

    Kristoren arrazoia duzu, Nakor. Begi bistakoa da esaten duzuna. Egoera txarra (langile batzuena, ez guztiena) eta sindikatuen inpotentzia izugarria. Intentzio ona bai, baina zeharo jokuz kanpo.

  • Donostiarra 2013-06-29 11:26

    Nik flipatu egiten det etorkizuneko langile batzuen jarrerakin. Gaur bertan EHUko “Campusa” aldizkarian ikusitako artikuluaren titulua: «Nagore (…) Erizaintzako ikaslea: Lehentasun handiagoa du entrenamenduak azterketak baino». Gero pankartaren atzean jarriko da…