Ipar Euskal Herrian ere euskaraz bizi nahi eta ezin duten pertsonen kronika izan da 2012 urtea

Ipar Euskal Herrian ere euskaraz bizi nahi eta ezin duten pertsonen kronika izan da 2012 urtea

Baionako-agerraldia - Ipar Euskal Herrian ere euskaraz bizi nahi eta ezin duten pertsonen kronika izan da 2012 urteaHizkuntz Eskubideen Behatokiak “Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2012” txostena aurkeztu du gaur Baionan. Urtero bezala Behatokiak jasotako kexen bilduma egin eta txosten batean aurkeztu ditu Euskal Herrian hizkuntza-eskubideen bermeaz arduratzen den erakunde herritarrak. Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, 2012 urtea ere euskaraz bizi nahi eta ezin duten herritarren kronika izan da.

Petriatik adierazi duenez, euskal hiztunekiko lehendik zetozen joerek bere horretan segitu dute 2012an. “Behatokian 1500 kasutik gora bideratu dira 2012an (%10 baino gehiago Ipar Euskal Herrian) eta egoera hauek, oroz gainetik, euskaraz bizi nahi eta ezin duten pertsonen bizipenak dira, euskaraz bizi nahi eta uzten ez dieten pertsonen kexak” adierazi du Behatokiko zuzendariak.

Izan ere, adierazi dutenez, herritarrek Euskararen Telefonoaren bidez Behatokira helarazitako gertaerek agerian jartzen dute administrazioek ez diotela erantzuten herritarrek euskaraz bizitzeko erakusten duten nahiari. Petriatiren arabera, “hamaika traba izan dira euskaraz hitz egiteko 2012an, eta erdaren hesiarekin egin dute topo behin eta berriro euskal hiztunek. Nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak eta euskaldunak ahalegin gehigarria egin behar du euskaraz bizi ahal izateko, ohiko funtzionamendua, lehenetsitakoa, erdaraz garatzen delako”.

Ipar Euskal Herrian egiturazko oztopoek indarrean segitzen dute

Petriatik azaldu duenez, Ipar Euskal Herrian nekez lortzen da erakunde publikoek eskaintzen duten harrera edota plazaratzen dituzten euskarriak, jakinarazpenak, informazioak eta abar euskaraz jasotzea. “Era berean, hizkuntza paisaia ez da sistematikoki euskaratua. Beraz, oro har, frantsesaren nagusitasuna eta euskarak duen presentzia eskasa nabarmentzen da publikoarekiko harremanetan. Bestalde, 2012an Hollandek ez du hauteskundeetan emandako hitza bete, alde batetik gobernuak ez du konstituzioa moldatu  eta bestetik ez du Hizkuntza Gutxituen karta sinatu. Horrela bada, Frantziako Estatuak frantsesaren erabateko lehentasuna ezartzen jarraitzen du. 2012ko martxoan milaka herritarrek Baionako karriketan euskararen ofizialtasuna galdegin zuten arren, lege gerizarik ez izatearen ondorioz, ukapen eta bazterkeria bizi dute egunero Ipar Euskal Herriko euskaldunek” gaineratu du Behatokiko zuzendariak.

2012ko gertakari nagusiek hezkuntza, hedabideak eta politika ukan dute aipagai

Hezkuntzari dagokionez, hainbat urtez Bernat Etxepare lizeoko ikasleen kexak jaso ditu Behatokiak baxoa euskaraz pasa ezin zutelako. Ondorioz Behatokiak oso hurbiletik segitzen duen gaia da, euskaraz bizi eta ikasteko hautua egin duten ikasleei funtsezko eskubide bat urratzen zaielako, euskaraz ikasteko eskubidea hain zuzen ere, eta beste ikasleekiko diskriminazio egoera pairatzen dutelako. Honela, orain arteko Historia-Geografia frogaz gain, 2012an Matematikakoa ere euskaraz egin ahal izatea lortu dute. Baina, aldarrikapena ez da gelditu, baxoa bere orokortasunean euskaraz pasatzea aldarrikatzen baitute aste honetan bertan baxoa pasatzen hasi diren ikasleek. Horiei ere,  babes osoa helarazi die Behatokiak.

Hedabideei dagokienez, aipa dezagun Frantziako prentsa agentziak eta argitalpenak kudeatzen dituen batzorde parekideak ez diela euskaraz jarduten duten sareko bi hedabideri informazio orokorra eta politikoa lantzen duten hedabide elektronikoen izaera onartu. Horren ondorioz, diru-laguntzaren proportzioa %60tik  %20ra murriztu diete, euskara erabiltzeagatik duten irismena murritza dela argudiatuz.  Bestalde, France 3 Telebista katearen zuzendaritzak France 3 Euskal Herriko erredakzioa hetsi du Omiasaindu eta Eguberriko oporretan. Euskaraz oso minutu gutti eskaintzen baditu ere, emankizun hori da egun euskarari tarte bat eskaintzen dion zerbitzu publikoko kate bakarra. Ildo honetan, berrikitan konfederazioak France Télévision-en kontra abiatu auzi bidearekin ere bat egiten du Behatokiak.

Bestalde, 2012an hauteskundeak izan dira Ipar Euskal Herrian, zehazki, Ipar Euskal Herrian Frantziako Legebiltzarra hautatzekoak. Bada, batzuetan zein besteetan euskaldunon ordezkari izateko aurkeztu diren hainbat hautagai ez dira euskaldunak. Hauteskunde garaian erabilitako euskarria edozein dela ere (web orria, bloga, e-posta, berripapera, buletina edo esku-orria…) maiz ez dituzte euskaldunak aintzat hartzen.

Herritarren euskaraz bizitzeko nahiak urraketaren hormatzarrarekin egiten du topo

Petriatik azaldu duenez, orokorrean, euskaraz bizi nahi eta ezina jasan behar izan du euskal hiztunak 2012an, lan-munduan, garraio zerbitzuetan, kulturan,  merkataritzan…

Petriatik argi eta garbi utzi nahi izan du “Euskal Herriko eremu administratibo guztietan (Estatu administrazioak, administrazio autonomikoek eta toki administrazioek), sektore publikoan zein sektore pribatuan urratzen zaizkie hizkuntza-eskubideak euskaldunei”.

Jarraian Behatokiaren zerbitzuen erabiltzaile diren bi norbanakok hartu dute hitza eta beren esperientziak azaldu dituzte. Oneka Jauregik adierazi duenez, informatika euskaraz ikasi ahal izateko Donostiara joan behar izan du Ipar Euskal herrian eskubide hori bermatzen ez zaiolako eta, ildo beretik, iaz baxoa euskaraz pasatzeko izan zituzten arazoak ere azaldu ditu. Ixabel Etxeberriak bere aldetik, egunerokotasunean euskaraz bizitzeko zer nolako zailtasunak dituen azaldu du,   herriko etxera deitzen duenean edo bertaratzen denean euskaldun bat aurkituko duenez kezka sortzen dionean. Ez dela euskara teknikaririk bere  herrian gaineratu du, eta euskarak eskoletan bere tokia baldin badu , herriko etxeak ez dio bere tokia eman nahi. Frantsesez bizitzen behartu gaituztela ondorioztatu du. Biek, haatik, Behatokira etengabean ez dezaketela jo adierazi dute, egun bakar batean etengabe kexak egiten pasa beharko luketelako haien denbora.

Orokorrean, idatzizko hartu-emanari dagokionez, herritarrei helarazi informazioa, gidak, inprimakiak, e-posta, bidezko mezu eta jakinarazpenak, seinaletika, webguneak, gutunak, inkestak, liburuxkak, informazio-orriak, kartelak eta panelak, egiaztagiriak… eta abar frantses (eta gaztelania) hutsean bideratu zaizkie maiz herritarrei 2012an. Beste zenbaitetan eskasa izan da euskarri horietan euskarari eskaini zaion presentzia eta euskarazko bertsioa akatsez beterik ageri da beste batzuetan.

Norberaren hizkuntzan bizitzeko eskubidea bermatzen ez duen administrazioak, oinarri-oinarrizko giza-eskubidea urratzen du.

Petriatik salatu duenez, “Administrazio publikoaren sektorean (eta pribatuan) euskarak inongo errekonozimendurik gabe segitzen du Ipar Euskal Herrian. Horregatik, premiazkoa da lege-babesa euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatu nahi badira”.

Sektore pribatua: arauak ez du eskubideen errespetua bermatzen, araua betearazteko neurririk ezean hizkuntza-eskubideen urraketa ohikoa bilakatzen da.

Petriatik azaldu duenez, arlo sozio-ekonomikoan egoera ez da hobea: Sektore honetan, par Euskal Herrian ez da herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideen babeserako legerik.  Ondorioz, 2012n ere euskaldunen hizkuntza-komunitateak erabat babes gabe segitu  du eta erakunde, enpresa eta entitate pribatuek lasai asko segitu dute berdin jokatzen, hau da, euskaldunen hizkuntza-eskubideak urratzen. .

Petriatiren aburuz, “eremu batean zein bestean sektore pribatuan euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko arau, plangintza eta baliabideak behar dira, helburu eta epe zehatzak eta noski, arauak betetzen ez dituztenentzat neurriak”.

Euskaldunekiko tratu zakarra eta errespetu gabekoa ez dira desagertu

Ildo beretik, euskaldunekiko tratu zakar eta errespetu gabekoa erakusten duten zenbait gertaera azaldu dituzte, guztiak beste horrenbeste herritarrek Behatokira helarazitakoak. Petriatik salatu duenez, “gertaera hauek egunez egun euskal hiztunek bizi duten errealitatearen lagin txiki bat besterik ez dira”. Zenbaitetan euskaraz aritzeko oztopoek sortzen duten ezintasunari euskaldunon duintasunaren eta nortasunaren kontrako jarrera adeigabeak ere gehitzen zaizkio:

–       “L’ordonnance de 1539 dite “ordonnance de Villers-Cotterêts” impose l’usage du français Ce texte est toujours en appliqué”. (1593ko Villers-Cotterêts ordenantzak frantsesaren erabilera behartzen du. Testu hori, gaur egun, indarrean da).

–       “Les documents que l’administration fiscale adresse aux contribuables n’ont pas à être rédigés dans une autre langue autre que le français”. (Dokumentuak ez dira frantsesa ez den beste hizkuntza batean zuzenduak izaten ahal)

Euskaldunek ezin dute gehiago itxoin

“Lerro hauetan marraztu dugun argazkiak, Euskal Herrian euskaraz bizi nahi duenaren mina, aintzat hartu ez izanak ematen duen mina islatzen du, errealitate ezkutatua. Oraindik ere sarri, askotan, gehiegitan sentitzen baitu bazterketa, gutxiespena, nahigabea, mespretxua, iraina, eta atsekabea euskaldunak bere herrian euskara erabiltzen saiatzen denean” azaldu du Petriatik.

Baina honek guztiak beste zerbait ere adierazten du Petriatiren ustez, “2012an Behatokian jaso ditugun bizipen hauek guztiek errealitate bat uzten dute agerian: hizkuntza-eskubideak baliatu eta euskaraz bizitzeko nahiari erabakitasun irmoz heltzen dioten herritarren ahalegina. Eta behatokiaren ustez, ahalegin horrek, administrazioen inplikazioa exijitzen du ezinbestean. Behatokiaren ustez, euskaraz bizitzeko desirak eta hizkuntza-eskubideak errespetatzeko betebeharrak ezin dute gehiago itxoin.

Ipar Euskal Herrian ere euskaraz bizi nahi eta ezin duten pertsonen kronika izan da 2012 urtea

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.