Zertara zoaz Durangoko Azokara?
Durangoko #Azoka47 martxan da. ZuZeu han izan da. Eta badakigu zuzeulari asko eta asko bertan dabilela, Goienkalen gora, Barrenkalen behera, Plateruenan zurrut, Irudienean eserialdia.
Landako azoka gunean ezer bada jendetza da, liburu adina pertsona, euskaldun mordoa Durangon bilduta. Jende artean berriz, diskoak, filmak, egutegiak, pegatinak, posterrak, mapak, liburuak, kamerak, gitarrak, kutxak… Salerosketa zentro handia da Azoka, jakina, eta gehientsuenak dira patrika arindu eta poltsa pisutsua soinean itzultzen direnak. Baina salerostea, akaso, bertara joan direnentzako bigarren mailako kontua da. Badelako gehiago: izan baitaude kontzertuak, taloak, manifestazioak, bideo emanaldiak, dantzak… Eta, halere, agian egitasmo hauek guztiak ere ez dira Durangora joateko arrazoi nagusia.
Durangon lagunak topatu ditugu, aspaldiko ezagunak, telebistan ikusi ditugun aurkezleak, irratian entzundako abeslariak, liburu barruan agertu zaizkigun idazleak… , Bostekoak, besarkadak, irribarreak, muxuak… Gauza asko da Durango, Ander Iturriotzek ederki azaldu zigun bezala, eta jaia ere bada. Euskaldunon, kultura maite dugunon, tribuan sentitzeko beharra dugunon festa kolosala. Gauzak zer diren, halako jendetzaren artean murgilduta, maiz etxeko sutondoan bezala.
Arrazoi asko aurki daitezke gaurtik igandera bitartean autoa, trena edo autobusa hartu eta Durangora joateko, #Azoka47 ikusi eta buelta bat ematera. Zein da zure arrazoia?
…
Arrazoi bat gehiago nahi?
Hara, ba niri gustatzen zait urtean behin bada ere, oso gaizki jatea, eta oso estu, lekurik gabe eta modu txarrean. Albondiga hotz nazkagarriak eta horrelakoak, edo bestela, pernilez egindako tortilla hotza, garagardo ezin txarragoarekin. Durango espeziala da horrelako gauzetarako Feria egunetan. Ez da erraza beste inon topetan halako aukera norberaren amets intimoak beteteko. Edo Platerueneko kroketa irintsu horiek… Ez didazu esango errazak diranik beste inon. Edo Palentinoko kazkazahar horiek guztiak… Eta beste guztietako maionesa ugari horiek Athleticaren banderapean… Urtean behin Meka derrigorrezkoa da Durango! Bai horixe.
Palestinoko orujoak jende asko berpiztu duela esaten da.
Gure umeak liburuen usaina, arima, zarata bizi dezakete. Durangoko Azokan hitz egin daiteke, liburutegian ez… 🙂