Zergatik segregatzen dituzte eskolan haur euskaldunak?

Zergatik segregatzen dituzte eskolan haur euskaldunak? –

Arnas dezagun (AD) ekimena etsipenetik sortu zen. Arazo partekatu batetik. Gure seme-alabak eremu erdaldunduetako D ereduan eskolatuta genituen, Bilbon, Gasteizen, Iruñerrian, Sakanan,… eta kasu guztietan, maila bereko bi gela edo gehiago izanez gero, haur etxetik euskaldunak gela ezberdinetan sakabanatzen zituzten, baita bizpahiru haur euskaradun baino ez zirenean ere! Hala, euren artean euskaraz jarduteko aukera ukatu zaie, gaztelera D ereduan ikasi dute (oso arin) eta kolpetik jakin dute, D ereduan bertan ere, ikasteko bai, baina beste jarduera guztietarako, jolasteko, elkarbizitzeko, gaztelera erabili beharra dagoela, sí o sí, Hego Euskal Herri delako honetan. Ikaskide batzuen aldetik, euskarafobia ere dastatzeko aukera izan dute.

Gure haurrek, D ereduan bertan ikasten dute azkar, zein den hizkuntza nagusia eta zein menpekoa, eta euskaraz egiteko eskatzen zaien arren, horretarako trabak eta oztopoak bata bestearen ondotik ezartzen zaizkiela “euskal” eskolatik hasita, sarea zein den ere. ADn bildutako familiok, behin eta berriz eskatu genien ikastetxeoi haur euskaldunak ez sakabanatzeko, euren artean sikiera, euskaraz jarduteko aukera izan zezaten. Kasu guztietan ezezko biribila jaso genuen zuzendaritza taldeen aldetik, salbuespenik gabe. Etsipenak eta zerbait egin beharrak bultzatuta, Arnas Dezagun ekimena antolatu genuen, oso oinarrizko eskari baten inguruan: eskolan haur etxetik euskaldunak ez sakabanatzea.

Proposatzen dugu, haur euskaldunak, gaztelera etxetik EZ dakarten haur erdaldunekin (afrikarrak, auroparrak, asiarrak…) elkartzea, kanpotik etorritako haurron inklusioa euskaraz ere gerta dadin, eta ez gaztelera hutsez orain arte bezala… Ez gaude ba Euskal eskolan? Eta proposatzen dugu, etxetik euskara ez dakarten haur guztiei, bertoko nahiz kanpoko, euskara lehen bai lehen menpera dezaten baliabide egokiak eskaintzea, besteak beste, bestelako ikasgaiez behar bezala jabetzeko ere, ezinbestekoa delako.

Euskaltzale askoren babesa jaso dugun arren, ikastetxe gehienen aldetik ezezko ozenak jasotzen jarraitzen dugu oraindik. Baita Madrilen menpeko politikari euskaldunen baten eta, harrigarriki, euskaltzale baten edo besteren aldetik ere, gureak ez diren proposamenak ezkutu jartzen dituztelarik. Azken horientzat doa ondokoa, ea ulertzen duten behingoz:

Ez dugu eskatzen haur euskaldunak haur erdaldunekin ez elkartzea.

Eta ez dugu nahi haur etxetik euskaldunak “aparteko geletan bereiztea” edota haurrak “familia-hizkuntzaren arabera bereiztea”.

Euskal eskolan haurrek euskaraz jardun ahal izatea bermatzea eskatzen dugu, horretarako arnasguneak eratzea, eta jakina, inor ez segregatzea. Euskaldunak ere ez, aukeran.

 

Arnas Dezagun ekimena

Zergatik segregatzen dituzte eskolan haur euskaldunak?

8 pentsamendu “Zergatik segregatzen dituzte eskolan haur euskaldunak?”-ri buruz

  • Artikulu honetan aipatzen den EUSKARAFOBIA hitza, gero eta hedatuagoa dago gazteen artean, jatorriz bertako zein kanpokoen artean. Gazte-ume-nerabe askok euskara gorroto Dute, uste duguna baino gehiagok, eta itzela den arazo baten aurrean gaude, nahiz eta errealitatea ikusi hura ez izan.

  • Tximino: eta zergatik uste duzu gorroto dutela?

  • Eskerrik asko AD taldea, zuen ekimena inoiz baino beharrezkoa den momentu honetan, behin eta berriz azaltzen egon behar izanagatik!.
    Batzuk ez dute ulertu nahi zuek eskatzen duzuena, bizi ez dutelako, euskarari garrantzirik ematen ez diotelako edo politikari eta hezkuntza arduradun askoren kasuan, jendearen erantzunak ikaratzen dielako. Hiru kasuetan, zuen ekimenaren hitzak desitxuratzen, jendea zuen kontra jartzeko. Lotsagarria, benetan!.
    Horretan energia galtzen duten bitartean, ume denak eta Euskal Herria ari da galtzen, irtenbiderik eman gabe.
    Eta orain segregazioa pilpilean dagoen momentu honetan, ume euskaldun asko dira baztertuta sentitzen direnak, segregazioa Inorentzat! Nahikoa da!
    Badakizue zergatik gorroto duten euskara, ondo menperatzen ez dutelako. DBHko ikasle bati euskaraz mintzatzeko esaten badiozu, asko kostatzen zaionean, gorroto du bai, beste ikasgai batzuekin gertatzen zaion bezala.
    Txikitatik egin behar da lan hori gogor, beharrezkoa den baliabideak jarriz, arnasguneen erreferentziak izanez eta famili erdaldunei aholkatuz, euskarak zabaltzen dizkizun ateak (konpetenteago eta harremanetarako) ulertaraziz.
    Estrategia aldatu behar da, familia eta ume asko sufritzen hari gara eta! Ausardi falta itzela Politikari eta Hezkuntza arduradunen partetik!! Hoiekin nora goaz? Zulora zuzenean, noren eskuetan gaude!!

  • Arrotza, traba, deseroso eta inutila moduko zerbait moduan hartzen dutelako, hain zuzen ere. Euskara eta euskal kontzientzia eskutik doaz. Bere buruarengan sinesten eta izandakoaz harro den euskal gizarte bat lortzen ez dugun bitartean, ez dago zereginik. Menpekotasun egoeran bizi diren hizkuntza gutxituek jarrera politiko aktiboa eskatzen dute, herri harrotasuna landu.

  • Ahaztuko duten hizkuntza ikasten ari direlako gorroto dute.
    Hezkuntzatik at euskararen presentzia hain txikia izanik, ikasteak ez du hainbeste esfortzurik merezi.
    Beraz lan-mundua euskaldundu arte jai dugu.
    Euskara maila on bat ez da ezta politikari abertzalea izateko eskatzen.

  • Benat Castorene 2022-04-16 10:11

    Tximino egun on, zure ustez, “euskara eta euskal kontzientzia”, euskal kontzientzia hori batez ere, oraindik lor litezke akzio politiko instituzional bati esker?

  • Euskal kontzientzia suspertzea gure helburu zentrala beharko luke izan, herri gisa desagertu nahi ez badugu, behintzat. Horretarako herrigintza funtzeskoa da, eta akzio politika instituzionala oso lagungarria litzateke, nahiz eta determinantea ez izan. Hori bai, instituzio aldetik erabateko bultzada balego, erritmoak asko azkartuko lirateke. Beraz, borroka mota denak uztartzearen aldekoa nauzu, herrigintzari lehentasuna emonez, jakina.
    Ez naiz bat ere sionismozalea, baina judutarrengandik herri harrotasunari dagokienez, ikasteko asko daukagula uste dut.

  • Benat Castorene 2022-04-16 13:50

    Gurean, espero izaitea politika instituzionala lagungarri izan litekeela “euskal kontzientzea” suspertzeko ezinezkoa da. Bi hitz horiek berak instituzioetan aipatzea ere biziki itsutsia litzateke. Beraz ekimen herrikoia eta herrigintza zaigu bakarrik gelditzen. Alde jakin batetik egoera sinpleagoa da gurean zuenean baino.