Iñaki Segurola hil da

 

Iñaki Segurola hil da 60 urte bete berri, filologoa, idazlea, pentsalaria, hiztegigilea, hiztegigintzan egin duen lana nabarmena izan da, Orotariko Euskal Hiztegiaren proiektuan azken 30 urtetan, 1990eko hamarkadatik, eta Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan ere bai. Iñaki Segurola Amutxastegi “Ogrue, azpeitiarra, martxoaren 8an 60 urte bete zituen, bere heriotza galera handia da euskalgintzarentzat zalantzarik gabe, eta euskal kulturgintza osoa kolpatu du bere heriotzaren berriak. Euskadi Irratiko Arratsean eta Amarauna saioetan kolaboratzaile, Arantxa Iturbek eta Nekane Peñagarikanok zuzentzen duten Sermoia izeneko tartean, Azkoitiko Kontrako Eztarrixe irratiko Hankak Lurrien saioan ere aritua, Ostiela aldizkarian, Urola Kostako Hitzan, Botere guztia biribilguneei irratsaioan, Euskaldunon Egunkarian artikuluak argitaratua, hizkuntzaren inguruan hizketaldi zalea, kontsultak egiteko entziklopedia pertsonifikatua, euskaltzain urgazlea 1991z geroztik, prosa ederra zuen eta oso berea, saiakera eta eleberri hauek idatzia: Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (2005, Alberdania), Nere gorringotik (2008, Alberd.), Arrazoia ez dago edukitzerik (2012, Alberd.), Sed qui sua (2020, Erein), eta Koiteretzia (2021, Alberd.). UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak «Iñaki Segurolaren heriotza galera handia da euskal hiztegigintzarentzat eta, oro har, euskalgintzarentzat» adierazi du. ETB1eko “Arte[faktua]” saioan elkarrizketatu zuen urte hasieran Yolanda Mendiolak eta behean bideoa… Agur jauna! Milesker!!

twitter #iñakisegurola

Arte[faktua] 146: Covid-19 gaitza abiapuntu duela idatzi du Iñaki Segurolak ‘Koiteretzia’ eleberri dialogikoa

Iñaki Segurola hil da

Nire begietatik ...

8 pentsamendu “Iñaki Segurola hil da”-ri buruz

  • Ene doluminic bihotzeticoenac familiarendaco.
    Goian bego!
    Persona bicaina içan çara, Iñaki!

  • (..) Jose Ignacio Hualdek idatzi zuen hori, eta eztabaida bizia ere izan zen 31 eskutik blogean. Gogorra egiten zitzaidan entzutea, baina artikulua irakurriz pentsatzen nuen: “Hori hala da”. Geroztik EXTINCT erabiltzen dut, beraz, bihotzeko minez. Zer den extinct? Galera bat hizkuntzaren bizitasunean, autonomian, gauza berriak sortzeko gaitasunean. Nik hala bizi dut. Idaztean konturatzen naiz: “Hau jada ezin da horrela jarri, ez da ulertzen”. Hizkuntza menoxtu guztiei ari zaie gauza bera gertatzen. Aldaketa demografikoak, gure pantaila-bizimoduak, horretara garamatza: hiztun gazte bati begi-belarrietatik sartzen zaion ia dena da erdara –gaztelania, frantsesa eta ingelesa–. Lehen biziberritzea zaila bazen, orain ezinezkoa da, zeren jasa horri ezin zaio kontra egin.

  • Biziberritzea posible dela Iñaki Segurola berak erakusten zigun egunero, Labore. Gaur, Iñaki gabe, pixka bat zailago dugu, baina ziur naiz bere memoria inspirazio iturri izango dela gu guztiontzat. Hala bedi, euskararen hobe beharrez.

    Handia hintzen, Iñaki.

  • Aipatu ditudan hitz horiek Segurolarenak berarenak dira, bai eta, ondorioz, azken paragrafo hori ere, Julen. Jakina, – teorian behintzat-posible dela biziberritzea, baina, praktikan, nik esango nuke ez garela askorik asmatzen ari. Ez corpus mailan, ez estatus mailan. Eta hori aldatzeko lehen pausoa, nire ustez, konturatzea da. Eta Segurolaren hitz horiek egokiak ziren konturarazteko, beren tremendismoa eta guzti.

  • Bai Labore, badakit. Baina segurolak hori esan, eta ondoren euskara biziberritzeko ahaleginak besterik ez zituen egiten. Hizkuntzaren tripak behatu berau ulertzeko, eta ulertuaz bat berau biziberritzeko, hedatzeko, zer berriak sortzeko. Hizkuntza ez ulertzearen fasean sartuak gaudelarik, biziberritzea ez da posible, bidez aldatzen ez badugu. Bide hori segurolak marrazten zigun Hankak Lurrien-en, bai eta ‘Sed quia sua’ maisulanean. Iñakirentzat euskara meategi bat zen, ez hizkuntza bukatua. Guretzat, Iñaki bera zen meategia, meategi handia. Edo berak idatziko zuen bezala, haundia.

    Haundiye hitzan Iñaki, eta haundiye orain euskeriei utzitako zulue.

  • josu naberan 2022-04-16 23:39

    Laborek ziok ezen euskera haineste galdu duenean bizitasunean bezain edukian, ez dagoela jada atzera bueltarik.

    “Ezinezkoa edo atzera-bueltarik begekoa” dela ezin esan, harik eta egiatan heriotza gertatu arte,eta ofiziozko epaileak hala sinatu arte.

    Nondik hasi gaizteke froga egiten?
    Zeren abiatu aurretik, ezin diagu etsi!

    Bada, ni MOTIBAZIOTIK hasiko nintzateke.
    Motibazioak funtsinatzen dik. Nik uste, urjertziazko egoera hüntan, MOTIBAZIOA eta ZIOA argi izatea izan daitekeela bizibarritzearen hastapena.

    Eta orain, urregorrizko galdera: zilan piztu MOTIBAZIOA, eta euskera bere ZIOAN jarri?

    Galdu barri diagu aukera bat Hezkuntza Itun bedeinkatu horretan. Ahal zitkekeen planteatu eta borrokatu EUSKERA ASIGNATU GISARA, BARIK, euskeraren Historia, Pentsaera, Egoera (diglosikoa) erakutsi ikaslegoari…, baina horretarako talde programatzaile benetan anizkoia, AGENTE GUZTIEN PARTE-HARTZEZ OSATUA BEHAR ZEN DERRIGORREZ.

    Ez dago, honezkero epelkeriekin konformatzerik!

    Tira, gátozen orain errealitatera. Eta dagoenaren (“errealitatearen”) analisia egokia egitea dator lehenengo egitekotzat.

    Indarrak ezin espero jada Goikoen Zeruetatik, eta ezin egon euria noiz eginen esperoan.

    Beraz, ez Zurutik, ezta Goietatik ezer ganorazkorik ezin espero daitekeen, has gaitezen BEHE-BETIK, gu konszienteok ekarpen borondatezkotik.

    Eta badakizue Foro honetakoak bederen, nire sermoia: Batu gaitezen aitzi-taldetxotan euskaldeka… egin dezagun aurre-programakuntza eta programa-zirriborro bat eduki anitzen arabera (Hizkuntza, Historia, Literatura, Pentsaera, Feminismoa…),

    eta bizirik dauden leku, une eta gune orotara aurkeztu….eta haiek eskatu ahala…etc

  • Benat Castorene 2022-04-17 09:38

    Entseiatu naiz entzuten goian diren Segurolaren lekukotasunak eta egia erraiteko ez ditut batere ongi ulertzen.
    Aldiz biziki ongi Laborek erran nahi duena lehen iruzkin horretan. Alde batetik nabarmen da euskarak badituela beste hizkuntzek bezainbat potentzialitate bainan bestetik euskararen gure praktikak (edo euskarak berak?) egundoko biziberritze baten beharra dauka. Baina ez dut oneski ikusten nundik letorkeen biziberritze hori baldintza politikoek inposatzen diguten egoera diglosiko honetan. Iritsi garen endekapen egoera ikusita eta egin beharreko esfortzuaren atazaren erraldoia kontziente izanda ez niz segur egoera politiko berri bat gai litzatekeen dekadentzia hau arrastatzeko.
    Horretarako beharko litzateke komunitate elebakarki bizi etan lan egingo lukeena. Horrek ez du erran nahi komunitate horren pertsonak elebakarrak izango liratekeen baina komunitate horretan pertsonen bizitza hizkuntza bakarra euskara litzateke praktikaren intentsitateari esker ardiets dezaten jariotasuna eta konplexutasuna adierazteko gaitasuna eta erraztasuna. Eta prozezua azeleratzeko metodo bat obra unibertsal onenen euskaratzea izan liteke izan iraganekoak zein garaikideak. Izan ere tzulpengintzak ezin hobeki emaiten gaituelako gure hizkuntzaren ahulezien eta eskasen aurrean. Horregatik dut egiten elebakarki bizitzea eta elebakartasunaren artean.
    Komunitate horien osatu eta biziarazteko zaitasunak momentuz baztertuta, ez dut beste soluzionerik ikusten bizi berritze horretarako.

  • Caixo adisquideoc,

    Pena handiz hartu nuen Segurola jaunaren heriotzaren berria. Nic bere berri eduqui nuen hemen Zuzeun, gazte socialisten inguruco bere textutto bat athera cenean. Provocativo eta aldi berean polita iduritu citzaitan. Persona osso intelligentea cela uste dut.

    Goian bego!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude