Zergatik irabaziko ditu Javier Marotok 2015eko hauteskundeak?

Javier Maroto nortasun handiko alkatea da. Ahoan bizarrik ez du, botoak irabazteko denean. PPren galera orokorra saihestea dauka jomugan, Vitoria-Gasteizen identitate bat sendotuz. Alternatiba argien faltan, eta hanka sartze nabarmenik egin ezean, Marotok EAEko PPren ikurrari eusteko aukera handiak ditu. Izendatu zutenean abiatu zen bere hauteskunde kanpaina. Azeri bizkorra denik inork gutxi dauka zalantzan.

2014ko Gasteiz anitzagoa da, euskaldunagoa, irekiagoa, kosmopolitagoa eta atseginagoa. Horrek ez du esan nahi, anitza, euskalduna, irekia, kospomolita eta atsegina denik, zoritxarrez.

Bere identitatea definitzeko fasean dago Gasteiz, betiko osagaiak erabiliz sortutako ‘vitorianismo’ proiektu berrian. Alkateak eta bere komunikazio taldeak bideratu nahi du identitate hori, European Green Capital edo Capital Española de la Gastronomía sariek hauspotuta.

Karguan jarraitzea ezinezko luke Marotok, Rajoy eta enparauen artazien itzalean mantenduko balitz. Ez dago lau aldierdien artean alde handirik eta. Hori badakienez, beste bide bati ekin dio. Gizarte sektore transbertsal bati lotuko zaion sasi-ideologia, eta hiriaren proiektu eta izaera propioa bereganatu nahi du, Iñaki Azkunak Bilbon lortu bezala edo Jose Angel Cuerdak 1979-1999ko Gasteizen. 2014ko Vitoria-Gasteizen balore tradizionalak eta modernoak Marotoren magalean eroso sentitzeko saiakera da (berak ere bi identitateak barnebiltzen ditu). Erabat oker egon ninteke, baina hauteslegoari begira Marotok hartutako estrategiak arrakasta izango dela usaintzen dut.

Pisuzko jarrerak, emozioak eta loturak ari da sortzen beste 4 urtez alkatea izateko. Jarraian udal estrategia hau hezurmamitu duten 6 zuntz:

1. Bilboren aurka, baina Bilbotzen

Gasteizen identitatea Bilborekiko eta EAErekiko harremanaren koordenadetan definitu da azken 30 urtean. Eta horrela segitzen du izaten, normala denez. Unidad Alavesa-ren errai politikoak (Araba EAEtik ateratzeko aldarria) biziraun egin du, UAk 2005ean amore eman zuen arren. Baztertua denaren konplexu eta haserreak kofradiakide asko ditu Vitoria-Gasteizen. Guggenheimen tokian Artium, Loiuren alboan Foronda eta konparaziorako joera infinitua (beti galtzen ateratzeko), bi hiriak konparagarriak  balira bezala (milioi bateko metropolia eta 250.000ko hiri makrozefalikoa). Alkateak maiz erabiltzen du tresna hau, nabarmen, EAJ eta Jaurlaritza kaltetzeko. Argudio hauen heldulekuak dira, ETB Bilboko telebista bezalako lelo konpartituak (ahaztu egiten dute Gasteiz dela irrati publikoa duen hiri bakarra, Radio Vitoria). PPrentzat EAEtik ateratzea ez da helburua, baina bai Gasteiz beste bi hiriburuen pare jartzea eta ustezko tratu txarraz bozetan profitatzea.

2. “Por Vitoria, mato”

Belen Esteban ikur zabortelebisiboaren esaldiaren moldaketa Udalaren oinarria da, “Gasteizen beharrak” beste edozeren aurretik jartzen baititu alkateak. Horrek zer esan nahi duen? Alderdiaren esparru estataleko erabakien gainetik beti dagoela udalerri maila lehenesteko itxura. Legebiltzarkide kargua ere horretarako darabil Marotok (bere ospe onak egin zuen hautagai). Estrategia politiko aparta da, udal mailan bederen.

Marotok fracking-aren aurka egin du eta Garoñako zentral nuklearraren itxieraren alde bozkatu du legebiltzarrean, PPren aginduei muzin eginez. Kontraesana dirudien arren, PPk begi onez ikusten ditu Marotoren erabaki horiek; beste inon higatu gabe Gasteizen izaera propioa sustatzen du. Beste adibide bat: antipodetan dirudien Bildurekin batera Autobus Geltokia edo Gasteiz Antzokia proiektu handiak adostu ditu, beste ezertan korapilatu gabe, “hiria delako inportanteena”.

Garoñaren aurkako txaparekin
Garoñaren aurkako txaparekin

3. Banderak balkoira

Fondo zuria, armarria eta gurutze diagonal gorria. Gasteizko bandera da, udala sustatzen ari den ikurra. Uztailaren 25ean 35 metro koadro neurtzen dituen bandera altxa zuten hiriaren erdigunean. Bilboko bandera erraldoiarekin izan dezakeen antzekotasuna kasualitate hutsa dela diote. Ildo beretik, Udal ikurraren kanpainaren baitan El Correo egunkariak bandera oparitu du Andra Maria Zuriaren jaien atarian. Ohiko ikurrinen ordez San Andresen banderak nabarmentzea izan dute asmo, que se note que somos de aquí. Sinbolo komunen bereganatzean dabil Maroto; taktika politiko zaharra.

4. Gasteiz “capital artificial…

…de un país singular”, abestu zuen Potatok. Autonomia Estatutuaren ondotik sortutako instituzioek hiriburutu zuten Gasteiz. Lakuako egoitzak, Ajuria Enea, Lehendakaritza, Legebiltzarra… hiriburu instituzional baten azpiegiturak sortu zituen. Hartara, gaur gaurkoz “Vitoria capital de Euskadi” leloa paparrean dauka alkateak. Ez alferrik. Ezker abertzaleari zein jeltzaleei leporatzen die haien herrialdearen hiriburua Iruñea dela, eta ez Gasteiz. Artifizialki eratu zen hiriburutza natural egin du eta gainontzekoei horretan ez sinistea leporatu. Bingo. Aipatzekoa Marotok Lakuan lortutakoa: Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro oparitu dizkio Gasteizi hiriburu kanon disimulatu gisa, funtzionario kontsumisten egoitza izatea kostua bailitzan.

5. Arreta kosta ahala kosta

Gainontzekoen errekonozimendua behar izaten da norberaren irudia puzteko. Baina, turistak Donostiako badiara doaz, Bilboko Guggenhemiera, Iruñeara San Ferminetan. Gasteiz zirkuitu turistikoaren ertzean dago. Ez hainbeste hiriak merezi ez duelako, ingurukoak lehiakide gogorrak direlako baizik.

EAEra datozen turisten %15 jasotzen ditu Gasteizek. Datuok hobetzeko mota askotako egitasmoak eta promozioak erabiltzen dira. Batzuk ospe handikoak: Jazz Jaialdia, Santa Maria katedrala eta Triatloia, hiru adibide jartzearren. Beste batzuk, FesTVal telebistako sasi-izarren jaialdia edo munduko tortilla patata handienarena (handikeria bilbotarrez egina) ez dira hain zuzen goi mailako kultura edo turismoaren adibide. Ildo idor beretik -eta gogoangarria- Baskoniak fitxatutako NBAko Lamar Odomekin atera zuen argazkia ere (ez zuen hilabete iraun Estatu Batuetara itzultzen). Edozergatik bada ere telebistan agertze horren pozak busti ditu gasteiztar asko.

Promozio lanetan ere amu errazenetara jo da, narraskeria publizitarioa urratzeraino. Espainiako Gastronomia Hiriburutza Ocho Apellidos Vascos-en kartelarekin saltzea, adibide bikaina (Gasteiz txiste eskas batean besterik ez da agertzen K.Elejalderen filmean). Javier Marotok dena egiten du Gasteiz mundu zabalean ezagutarazteko. #OrgulloDeCiudad traolarekin zabaldu ditu ekitaldiok.

Ocho-aperitivos-vascos--644x362

6. Etxekoak lehenbizi

“Herriaren” ahotsa jaso du Javier Marotok: “marokiarrek eta aljeriarrek ez dute integratu edo lan egiteko asmorik”. Estereotipo eta arrazismoaren gorazarre arduragabe eta estatistikoki faltsu honek politikari ustez ausarten lehen lerroan jarri du alkatea. Bakardade instituzionalak gorabehera, herritar askoren oniritzia dute bere iritziek, “jendeak kalean dioena esan dut”, dio Marotok arrazoiz; mezu potentea eta batazbesteko herritarren atseginekoa. Kritikak egon dira noski, baina Twitter zein egunkarien iritzi gutunak udal liderraren gurtza hitzez ere bete dira.

Auzi honetan etorkinen pekatua DBE eta udal-laguntzak bereganatzea da, jasotzaile tipikoa seme-alabaden kargu den emakume espainiarra bada ere. Gasteizko biztanleria osoaren %11,6 da atzerrian jaioa. Atzerritarren ehunekoa inguruko hirien mailan egonagatik, Gasteizen iskanbilak normalak dira.

Igerilekuetara zapiarekin doazen emakumeak (Holandakoa zela jakin zen gero), trapitxeoak egiteko darabiltzaten lokutorioak, markako zapatilak erosteko erabiltzen den laguntzetarako dirua… estrategia agerikoa da kontu hauek agenda mediatikoan txertatzea, mesede egiten diotelakoan.

Javier Marotok lau urte daramatza Gasteizko alkate lanetan. Ondo demostratua du dagoeneko hiriaren lorpenen bozeramaile eta saltzaile iaioa dela, eta arazoei izkin egiten abila. Gasteiz eta gasteiztarrak, Vitoria eta vitorianoak, hautesleak dauzka buruan, eta komunikazio politikoko tresna efizienteak eskura. Sorpresarako tarterik ba ote da? Europako bozetan EH Bilduri 72 botoko alde estua atera zion PPk Gasteizen. Udal hauteskundeak desberdinak dira, zer gertatuko den ikustear dago. Halere, Javier Marotok irabaztekotan, aurrez aipatutako zuntz horiek izango dute zerikusia. Eta ez txikia.

Gasteiz, javier, Javier Maroto, maroto, vitoria
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

35 pentsamendu “Zergatik irabaziko ditu Javier Marotok 2015eko hauteskundeak?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude